UIB, erreformak eta Rosa Luxemburg

“El proletariado es por tanto la clase social que, en el desarrollo de su propia existencia- que es siempre lucha contra la clase capitalista-, se vuelve necesariamente comunista.”

“Este horizonte articula todo el conjunto de vías de enfrentamiento revolucionario en torno a una lucha central: la que persigue, dentro todavía de los marcos de la institucionalidad burguesa, la re-funcionalización de la democracia formal, necesaria para la reproducción social capitalista, mediante núcleos de democracia real prefiguradores de la institucionalidad socialista. Intervenir favorable pero críticamente en la democratización de la vida política y económica burguesa, haciendo que este proceso la modifique al integrar en ella mecanismos en los que se acepten los intereses específicos de la clase obrera, tal es la veta central de la actividad socialista destinada a fortalecer las posiciones del proletariado y su autodeterminación.”

Bolívar Echeverría. 1981

Atzo eguerdian Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) manifestazioa burutu zuen EHUn 12.2 araudia deuseztatzeko exijituz. Mobilizazio nazionala Gasteizko kanpusean egin zen, eta bertan 500 lagunek hartu zuten parte, ikasleak ia bere osotasunean. Lan politiko esanguratsua burutu dute UIBko kideek publikoki aurkeztu zirenetik, 12.2 legearen aurka 7500 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta are garrantzitsuagoa dena, bitartekoak eskaini dituzte unibertsitate eremuko proletarioekin politika egiteko. Hasiera bat besterik ez da izan 12.2 legearen aurkako ekimena, eta kultura aldaketa bat suposatu dezake dinamika honek epe luzera unibertsitate esparruan. Izan ere, prekarietatea eta dogmatismoa erdigunean dituen unibertsitate sisteman hezi gara gutariko asko, katedra askatasunaren deuseztapena, kontrol sozial itogarria, hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa edota lan zein ikas baldintza prekarioek ezaugarritzen duten espazioak bilakatu baitira. UIB plataformak erreforma ziklo neoliberal honek kaltetu dituen errealitateak subjektu politiko bilakatu nahi ditu, buruaskiak erabakimen praktikorako, unibertsitate esparruan indar- harremana proletarioen aldekoa bilakatu dadin.

Erreforma eta iraultzaren arteko dialektika historiko baten aurrean kokatzen gaituzte honelako dinamikek, programa politikoen ezaugarritze materialak  definitzen duelarik apustu bakoitzaren norabide historikoa. Iraultza kontserbadore bezala definitu dute askok egun ezagutzen ari garen denbora politikoa, zeinetan Europar Batasuna eta berau osatzen duten herrialdeak politika internazionalean zentralitatea galtzeko zorian dauden. Krisialdi ziklo luze hau mendebaldeko Europako biztanleriaren pobretze masibo bat ari da suposatzen, erreforma neoliberalen bitartez sostengatzen dena. Egoera honetan, alderdi aurrerakoi zein ezkertiar ezberdinek klaseen arteko aliantza dute antolakuntza euskarritzat eta klase ertainen sostengua programa politiko gisara. “Kontentzio” politikak dituzte asmotzat, eta diskurtsoen abstrakzioak, populismoak eta demokraziaren aldarrikapenak egikaritzen du beren eguneroko aldarria. Denentzako politikek bustitzen dituzte herri eta hiriguneak, proletarioek masiboki abstenitzen jarraitzen duten bitartean. Kontrara, pragmatismoak ezaugarritzen du iraultza kontserbadorea, paktu sozial liberal berrian ez baita denentzako lekurik, eta estrategia hau sostengatzen duten alderdi neofaxistek askoz ere bideragarritasun gehiago dute alderdi progresisten programarekin alderatuz. Honela azaldu dezakegu Vox en aurrean Podemos edota Mas Madrid-en beherakada, Espainia eta 78ko konstituzioa hezurmamitzeko askoz ere pragmatismo handiagoa baitute politika neoliberalen garaian.

Klase ertainen aliantzak ez du erreforma inposatzeko inongo gaitasunik erakutsi, gestio politika soil bihurtzen baita alderdi hauen jardun instituzionala. Erreformak instituzio formalen kanpotik inposatzen den klaseen arteko indar- harreman aldaketa notifikatzen du, eta klase ertainen bideragarritasuna murritza da egun. Desagertze prozesu batean daude burges ttipi eta langile aristokraten urrezko garaiak, eta alerta egoera honetan faxismoak pisu handia eskuratuko du ziurrenik. Ezin dugu ahaztu klase ertainen bloke politikoa oligarkia internazionalak sostengatu behar duela ezinbestean.

Proletarioen bizi baldintzetan zuzenean esku hartzean eratzen da subjektu politikoa, egun potentzian bakarrik agertzen zaiguna. Rosa Luxemburgek dialektika politiko hau aski ezaguna zuen, bere ustetan erreforma eta iraultza ez baitziren kontrajarrera sinpleak, jarraikortasunez eta hausturaz osatutako antolakuntza momentuak baizik. Erreformak proletarioen antolakuntza hezurmamitzen du (funtzio hezitzailea du), beti ere antolakuntza autonomo batek sostengatzen badu eta ikuspegi kritiko batetik burutzen badira. Adi, antolakuntza modalitate honek ez ditu aliantzak alde batera uzten (UIB horren adibidea izan daiteke), zapalduen independentzia aldarrikatzen du balizko aliantzak proletarioen interesean gauzatu daitezen, gertatzekotan egun alderantziz ematen dena. Inoiz ez da existituko justizia eta berdintasun osoa gizarte burgesean, ez eta egonkortasun ziklo luzerik ere. Iraultza berriz momentu politiko beharrezkoa da proletarioen antolakuntzan, urteetako (hamarkadetako) antolakuntza zikloen eta proletario- burges indar harremanaren momentu gorena dena. Langileriaren antolakuntza independienteak aldatzen du indar harremana gizarte burgesean, eta hau konstituzio zehatzetan islatzen da kontzesio forman. Bestela esanda, alderdi komunistarik ezean erreformak ez du bideragarritasunik egungo testuinguru historikoan.

Rosa Luxemburg, Paul Mattick eta beste zenbait teoriko iraultzailek errebisionismoa zorrotz kritikatzen zuten, hauen teorietan erreformak integrazio bat suposatzen baitzuen gizarte burgesean, eta lehenengo bientzat honek langileriaren porrota suposatuko zuen epe luzean. XX. mendean langileriaren antolakuntzak eta Sobietar arriskuak pisuzko zesio politiketara behartu zituen mundu mailako agintariak, baina estatu aparatu juridikoetan eta politikaren borondate autonomoan gehiegizko konfiantzak emaitza lazgarriak utzi dizkigu egungo proletarioei.

Integrazio kapitalistak klase ertainen re- fundazioa suposatuko luke egungo testuinguruan, baina ba ote da diru- poltsa nahikorik horretarako? Erreforma proletarioek ez al dute ezinbestean iraultzaren norabidea marrazten, gradualki eta eskala gorakorrean? Egin daiteke halakorik antolakuntza autonomo eta alderdi komunistaren (zentzu historikoan ulertuta, proletarioen antolakuntza kontziente bezala) existentzia ezean?

Ongi etorri eta jarraitu borrokan UIB.

2 Iritzi

  1. Atsaldeon, David:
    Interesez irakurri diat testuan dakarken tesi bat, alegia: momentu historikoak politikaren jarduera pragmatista bat ekarri dikela. Eta garai pragmatikootan faxistek bidea errazago egin ahal dutela sozialdemokratek baino.

    Pragmatismoaren halabeharra, Kojèvek, Guda Hotzaren amaiera efektiboarekin ezarri zian ezinbestekotzat Mendebaldean. Hain justu, ilustrazio-ondorenean giza-arrazoimenak ondutako printzipioen materializatze batera heldu omen delako Mendebaldea bizi-modu amerikarraren egikaritzapenaren bitartez. Liberalismo politikoak superaziorik eztuelako amaitu duk historia, ziok Kojèvek, eta halaxe irudikatzen duk pragmatismoaren halabeharra. Pragmatismoa zera duk: Kontinuazioaren Ekinbidea: sistemaren funtziomantu efektiboa baino helburu ez delarik jardutea, ikaraldirik, etenik eta frakturarik eragin gabe. Pragmatismoa distentsio politikoak ezaugarritzen dik, beraz, paradigmatikoki ezer hoberik lortu ezin den ziurtasuna dagoen garaian.

    Gaia behar bezala kokatuta, kontuan hartzekoa bezain estrabagantea iruditu zaidak ekarri duken tesia. Iradokitzen ahal duk fase historikoak faxismoaren beharra dikela egitura politiko-juridikoen kontserbaziorako? Faxismoak sozialdemokraziak baino tinkoago ziurtatzen al dik distentsioa eta sistemaren egonkortasuna? Hori hala balitz, sozialdemokraziari iraultza hauspotzeko (78ko konstituzioaren etena) gaitasuna atxiki beharrean egongo gintuake.

  2. David Riazanov

    2019-04-22 at 19:06

    Arratsalde on Longo,

    Zenbait historiagilek “presentismoa” deritzoten denbora historikoaz hurrengo batean mintzatuko naiz, asmoa baitut horretarako. Kontua da, nire iritziz, urrezko urteen estabilitate ziklo geo- politikoak denboran gutxi iraun duela, eta bloke geopolitikoetan ere aldaketa nabariak ari direla gauzatzen. Mundu mailako akumulazio zikloak gorakorrak (osasuntsuak) diren denboretan estabilitate politikorako alderdiak gobernantza eredu efektibo bilakatzen dira, eta demokrazia liberala aginte burgeserako teknika (liberalismo politikoa). XX. mendean sozialdemokrazia izan da gobernantza eredu honen agente nagusia edo garrantzia berezikoa behintzat.

    Dena dela, Reinhard Kuhnl eta beste hainbat pentsalarik azpimarratzen duten modura, liberalismoa eta faxismoa aginte teknika bezala ez daude guztiz bananduak, eta bigarren honek liberalismo politikoak ezarritako trabak alderatzen ditu, gizarte zibila eta hiritarren kondizioa biztanleriaren estratu geroz eta gutxiagori baimenduz. Horretarako, botere banaketarekin haustea ezinbestekoa suertatzen da, eta pluralismo politikoa ezerezera murriztua da (formalki eta efektiboki). Nabarmena da egun badela Europan, Hego Amerikan eta Estatu Batuetan behintzat honelako apustu politikorik egiten duenik, eta arrakastarako aukerak baditu. Behintzat taula politikoa baldintzatuko du goitik behera. Ez da gobernantza eredu bakarra, baina bada aukera erreal bat.

    Bestalde, lege kapitalisten estabilitatea pentsatzen duenak soilik onartu dezake gizarte modernoaren oreka efektiboa eta materialitate osatua, baina bistakoa da hori ez dela ematen. Proletarizazioa biderkatzen ari da modernitatearen zentru historikoan, eta “ongizatea” baimentzen duen zorraren desbideraketa ere ezinezkoa ari da bihurtzen Europako instituzio zentraletan.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo