Oso modan dago klima aldaketaren gaia. Klima aldaketaren aurkako borroka, zehatzago esanda. Famatua egin da, besteak beste, Greta Thunberg Suediako 16 urteko neska gaztea borroka horretan greba arrakastatsu bat abiatzeagatik. Bada hori, nolabait, munduak duen lider politikoen faltaren adierazle; 16 urteko neska gazte bat hala bilakatzea, alegia. Kontuak kontu, klima aldaketaren gaiak minutuak hartu ditu mass medien albistegi eta tertulietan. Eta politikariek behartuta ikusi dute beren burua zenbait neurri hartzera.

Dena den, politikariak ez daude, eta ez dira inoiz egongo, klima aldaketaren arazoa errotik aldatzeko prest, horrek ekoizpen modu kapitalista errotik aldatzea ekarriko lukeelako, eta hori ez da gertatuko. Ondorioz, hartutako neurriak petatxuak besterik ez dira. Alabaina, neurri horiek politikariek beren irudia garbitzeko eta nolabait arazoak ebazteko funtzioa dutela sinestarazteko hartzen baditzute ere, badute eragin edo ondorio sakonagorik. Aurpegi eta intentzio onez hartzen omen dituzten determinazioek uste baino gehiago ezkutatzen dute. Eta hemen, KontuLepon, dagokiguna errealitate ofzialari maskara kentzea (ere ba-)da. Klima aldaketaren aurka hartu diren lau “neurri” aipatuko ditut azaldu nahi dudana argitzen lagunduko didatelakoan.

Aurrena Manhattango kasua da: hemendik aurrera bertara sartu nahi duten auto gidariek sarrera moduko bat ordaindu beharko dute sartu nahi duten aldiro, beste hiri handi askotan ere indarrean dago neurri hau. Hirian autoek sortzen duten kutsadura murrizteko neurri zintzoa begiratu batera; protestak eragin ditu inguruko hainbat langile auzotan, garraio publikoa gaizkien egituratuta dagoen auzoeta haien esanetara, lanera joateko ezinbestean hartu behar izaten dute autoa, lehen bizitzeko juistukoa eskuratzen zuten familientzat beste estutu bat, azken finean. Auzo aberatsetako jendeak garraio publikoa egokiago edukitzeaz gain, ez dira soldata berdinaren jabe, hortaz beti gutxiago erasango die neurriak. Demokraziaren betiko paradoxa da; berdintasun balorea faltsua da gizateko hainbat kapen abiapuntua desberdina den unetik.

Arazo berari beste modu batean erantuzteko konpromisoa hartu zuten Madrilen. Egun batean matrikula bakoitiek soilik erabli ahalko dute hiri barruan autoa, eta hurrengo egunean bikoitiek. Lehengo neurriaren ildo bereko emaitzak, noski; auzo aberatsetako biztanleek metro eta autobus lineak askoz hobeto egituraturatuta dituzte, eta zorte apur batekin matrikula bakoitiko eta bikoitiko auto bana familian. Auzo pobreetakoek, aldiz, garraio publiko eskasagoa eta auto bakarra, oro har; lanera iritsi ahal izateko buruhauste bat gehiago, joatea bera nahikoa ez balitz bezala.

Aurreko neurri horietatik salbuetsita daude auto elektrikoak. Gero eta ospe handiagoa ari dira izaten auto horiek. Duten prezioa, ordea, dirua nahikoa daukatenek bakarrik ordaintzeko modukoa da; ez daude, beraz, aurretik aipatu ditugun kaltetuenen eskura inolaz ere.

Denborak erakutsi digu hirugarren neurriak nor kaltetzen duen. Eskuindarren mugimendutzat jo zuten zenbait hedabidetan “Txaleko horien” mugimendua hasieran, neurri ekologista baten aurkakoak zirela argudiatzen baitzuten. Erregaiaren prezio igoeratk sortu zen mugimendu hori, eta noski, garraiolarien sektorea izan zen kaltetuena. Lehengo lan-baldintza eskasak gutxi ez, eta are egoera kaskarragoan uzten zituzten aipatutako langileak Macron jaunaren ideiak. Denborak erakutsi digu zer diren “Txaleko horiak”; Frantziar gobernuak hartutako neurriek (fiskaletateari dagozkionak ere bai tartean) itotako langile klasearen espresio indartsu bat, alegia.

Azken neurria ez da politikariek publikoki eta ofizialki hartutako neurri bat. Kutsadura gehien sortzen duen garraioa hegazkina dela jakina da. Horren harira hainbat mugimendu sortu dira hegazkinak erabiltzeari boikota egitea eskatzeko. Aireportu batean izan den edonork ikusi du hegazkina erabiltzen duten ehuneko handi bat gorbatadun jendea izan ohi dela, egun bateko joan-etorriak egiten dituztenak hegazkinez, negozio gizonen ohiko profila, nolabait esateko. Aitzitik, hegazkinen aurkako mugimenduek indarra hartu duten honetan mass mediek Ryanair hegazkin konpainiaren aurkako kanpaina abiatu dute. “Ikatz berria” deitzen diote jada, CO2 gehien isurtzen duen hegazkin konpainia delako; ez dute azaltzen, ordea, egiten dituen hegaldi kopuruak eragina duela horretan, eta proportzioan ez dela horren kutsakorra beste zenbait konpainiekin alderatuta. Ryanair, hain zuzen ere, prezio baxuengatik da famatua, ez da beste hainbat konpainia bezain erosoa, baina aurrekontu handirik gabeko bidaiarientzat oso egokia da. Ez da negozio gizonen profilak erabili ohi duen hegazkin konpainia, klase baxuenek oso noizean behin egingo dituzten oporreterako garraioa baizik. Eta “kasualitatea”, konpainia horren gainera bideratu nahi izan dute fokua hedabideek. Eta ez, ez naiz hegazkin konpainia bat defendatzen hasiko, baina sistemak bere aurkako mugimenduak nola manipulatzen dituzten ikusteko adibide ona da. Urtean behin hegazkina hartuko duen gizajoak izan dezala kontzientzian karga, eta astero darabilen negozio gizonak segi dezala bere jardunean lasai.

Klima aldaketaren aurkako borroka bere baitan asimilatu eta langileen bizi-baldintzak estutzeko ari da erabiltzen sistema. Arazoa sortu ez dutenek ordaintzen dute ondorioa. Eta arazoak, aldiz, bere horretan dirau. Egungo ekoizpen modua bera da natur baliabideak modu basatian ustiatzen dituena, zaborra egunero tonaka sortzen duena, kutsadura neurrigabea sortzen duten enpresengan sustengatzen dena, erregai kopuru itzelak derrigorrezko egiten dituena… Beste hainbat gaitzen jatorria izateaz gain, klima aldaketaren eragile nagusia, alegia.

Alferrik nekatuko dira ostiralero greba egiten duten ikasleak, hegazkinen aurkako mugimenduak eta Greta Thunberg bera politikariei klima aldaketaren aurkako neurriak eskatzen. Ekoizpen modu kapitalista da errotik ebaki beharrekoa, berezkoa eta beharrezkoa baitu kutsadura.

Azken zuhaitza mozten dugunean konturatuko gara,

azken ibaia guztiz lehortzean,

itsasoa arrain gabe geratzen denean,

orduan konturatuko gara

dirua ezin dela jan

Aurrerapenaren izenean (Never Surrender)