“Eso desean los que viven estos tiempos, pero no les toca a ellos decidir. Tan solo podemos decidir qué hacer con el tiempo que se nos ha dado”  Gandalf

Baldintza objektiboez ohartuta, geure buruak eraldatzera behartuak. Trantsizio bat bizitzea tokatu zaigu. Metamorfosia. Kapitalismoaren dekadentziak barrena erre eta usteltzen digu eta, hartu dugu erabakia. Bide berriak urratzen hastera zapalduok dugulako zilegia. Nahiz eta bidean erori daudelako harri pila, berriro altxatzen gera gu borrokarako grinaz.

Batzuk saiatu dira gu ikusezin bilakatzen, zokoratzen, hitzik gabe uzten. Beste batzuek gezurrak erabili dituzte, inoiz izan ez garen mamu bezala plazaratu nahi izan gaituzte. Zer esanik ez, jai dute. 

Ezina, ordea, ekinez egina. Teoria eta praktika uztartuz, geureganatuz praxia. Umiltasunez baina kontzientziaz, oroimenean dauzkagulako herri honek eman dituen seme-alaba borrokalariak. Autogestioa ardatz, elkartasuna praktikara eramanez eta ametsak materia bilakatzen auzolanaz.  Gutxinaka baina etenik gabe, apurka apurka gorpuztuz goaz batzuentzat utopia eta besteentzat amets gaizto den amets zahar berria. Helburu zaharrak, bide berriak.  Berandu baino lehen ernalduko dira iraultzaren haziak.

Trantsizioa gorabeheratsua da, gazi gozoa. Gogorra batzuetan, pozgarria besteetan. Baina ezinbestekoa historiaren irakaspenetan.  Bide hau partekatzen duenak ongi daki zertaz nabilen hizketan.  Kolpeak kolpe, erasoak eraso, gaurkoan bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet babesgune zareten adiskide, burkide, norbanako.  Zuek gabe ezinezko izango zelako.

Harrika