1976ko martxoaren 3a. Pedro Mari Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda erailak dira polizia frankistaren eskuetan, eta beste ehundaka langile balaz zaurituak Gasteizko Zaramaga auzoan. Gasteizko Langileriak bi hilabetetako borrokaldia odolez itzaltzeko oldarraldi basatia bizi izan zuen, Martin Villa eta Manuel Fragaren agindupean, martxoaren 3ko greba hartan.

2019ko Martxoaren 3 honetan, gertakari latz haien inguruko hausnarketak egitea dagokio Euskal Herriko Langile Mugimenduari. Zentzu honetan, Kontu Lepo ere bere alea jartzera dator.

Oroimenaz ari garenean, ez gara soilik erailen eta zaurituen memoria historikoa bizirik mantentzeaz ari. Beren bizitza gainontzekoen bizi baldintzak hobetzeko borrokan utzi duten langile guztien aldeko miresmena, ozen eta harrotasunez aldarrikatzen dugu, noski. Baina honez gain, hausnarketak badu bigarren dimentsio bat; gertakari historiko haien testuinguruaren berezigarritasunak aztertu beharrean gara, gaur bizi dugun testuinguruarekiko dituzten antzekotasunak azalera ateratzeko. Modu honetan soilik ikas daitekeelako borrokaren historia.

Gure herriko, zein munduko historia garaikidearen liburuko orriak idazteko erabili den tinta gorria, ez zen Zaramagan soilik isuri, eta are gutxiago han agortu. Bere egoeraren kontzientzia duen, eta ondorioz bere beharrei erantzuteko antolatzen den langileriak, beti aurkitu baitu aurrean kapitalaren instituzio politikoen ofentsiba basatia. Izan ere, klase borrokak kontrakotasun maila gorena hartzen duenean, ura bezain garden ageri da etengabe talkan aurkitzen diren bi subjektuen arteko gatazka politikoa.

Honekin zer esan nahi den? Bada, langileriak, independentzia politikoz edo bere ekinbide propioz sortu dituen borroka molde eta instituzioak taularatzen dituenean, langile boterea gorpuztu eta taularatzen duela. Honela, menderatzaileen boterea edo botere burgesa garaituko duen iraultzaren ernamuina xake taulan jartzean, ekinbide horrek berak, erakusten dio langileriaren etsai politikoari, burgesiari, bere boterearen muga.

Zentzu honetan, Gasteizko Greba egun beltz hartako gertakarietan soilik pausatzeak, bigarren hausnarketak gordetzen duen potentzia politiko guztia ukatzea suposatuko ligukelako, osorik helduko diogu errelatoari. Ez da beraz, martxoak 3 diogunean, egun soil bat aldarrikatzen dena, egun hartan Polizia Frankistak xehetu nahi izan zuena, langile independentziaren gaitasun politikoa bera izan baitzen.

Zehazki, Gasteizko langileek Frankismoaren urte latz haietan zehar bizi zituzten baldintza penagarrien aurrean gauzaturiko hamaika borrokatan, hau da, praktikan, euren egoerari eta baldintzei modu eraginkorrean erantzuteko beharrezko kontzientzia hartu zuten, esperientzia zehatzetako irakaspenen emaitza gisa. Irakaspenak, bai, eta ez nolanahikoak.

Hasteko, Gasteizko langileriak, ordurarteko borroketan, euren eta kapitalaren instituzio ezberdinen artean bitartekari gisa aritu ziren sindikatu eta alderdiak alde batera utzi, eta euren instituzio propioekin ordezkatu zituzten, “botere guztia asanbladara!” aldarriaren atzean batuz. Langileriak bere erabakien berme bakartzat bere burua ulertu zuen beraz, borrokak piztutako kontzientzia borrokaren lehen lerroan kokatuz.

Lema honek ondo agertzen du garai hartan Arabako hiriburuan bizi zen testuingurua: egunero izaten zen asanbladarik fabriketan, asanblada orokorrak astean bitan… Asanblada zen langileen erabaki marko, eta beraz, boteregune politiko. Fragak azalduko zuen bezala, asanblada hauek Soviet txikiak ziren eta beraz, zapaldu egin behar ziren.

Une historiko honetan, idependentzia politikoaren adierazpide hauek erakutsiko zuten borrokaren indarra biderkatzeko gauzatu beharreko jardunaren norabidea. Lanpostuetako gatazketan erein zen hazia, izugarrizko abiaduraz, langile guztien, hots, etxekoandre, ikasle, jubilatu, dendari eta abarren borroka bihurtu zen. Independentzia politikoa, elkartasuna eta borroka batasuna, praktikan gorpuztuta.

Baldintza hauetan iritsiko zen 1976ko Martxoaren 3a. Burgesiaren boterea kontrajartzen zuten indarrak kalean, klase borrokak dimentsio gorena, eta beraz, dimentsio gordinena hartuko zuen.“Demokrazia” eta “trantsizioa” bolo bolo zebiltzan garai haietan.

Lehenik tiro hotsez ixildu zituzten batzuk, eta atzetik etorri zen atxilotu uholdearekin ixildu zituzten oraindik bizirik geratzen zirenak. Ehundaka ziren martxoaren 3tik aurrera atxilotzen joan ziren langileak. Biolentzia politikoa, klase borroka, etsaiaren anikilazioa.

Ez al zen beraz, erreforma demokratikorik izan? Noski baietz; eta horixe da erreforma demokratikoaren edukia. Bortxakeria politikoa, odola, heriotza, dominazioa eta zapalkuntza, burgesiak langileriaren bizitzarekiko duen aginte gaitasuna antolatzeko beste modu bat. Izan ere, Demokrazia, Faxismoa bezala, burgesiaren antolaketa politikoaren forma bat, maskara bat, katamalo bat besterik ez da. Karetaren atzean ordea, beti ageri da aurpegi bera. “Trantsizio demokratikoekin”; ezin dira klase antagonismoak ezabatu, bai ordea areagotu.

Fusila langileen muturrean ipinita ezarri zen demokrazia burgesa eta fusilen indarrez mantentzen da gaur egun. Burgesiak duen guztiarekin eta unitarioki, hau da, klase batasunez, erasotzen du bere boterea zalantzan jartzen duen langile mugimenduaren edozein adierazpide. Gasteizkoa horren adibide garbia dugu. Hau ez aurreikustea eta zentzu honetan inozoegiak izatea izan zen seguruenik langile mugimendu eredugarri hark egin zuen akatsik larriena eta garestia izan zen akatsaren ordaina.

Behin betiko zapaldu nahi izan zuten mugimendu hark ordea, gaurko langileon oroimenean gogor erroturik dirau eta garaipenerako gako garrantzitsuak utzi ditu zapalduon memorian. Langileriaren independentzia politikoa, erabakietan parte hartze zuzena eta klase batasuna garaipenerako premisa gisara.