“Brotesh Verdesh” Azpeitian

Guztiok gogoratuko dugu espainiako gobernuak, udara inguruan, komunikabide guztietan lau haizetara zabaldu zuen datu ekonomiko zurrunbiloa. Langabetu portzentaia behera, Barne Produktu Gordina gora, “brotesh verdesh” eta abar luze bat. Datuen propaganda politikoa beharrezkoa da errealitatea ezkutatu eta egoera latzen aurrean herritarrak ez asaldatzeko. Azpeitian ez gara ba bereziago, eta euskal kooperatibari esker 44 lanpostu berri sortu ditugula ospatu beharrean gaude, coca-cola makina bati aurreskua dantzatzen bezalako irudi Kafkianoekin beharrezkoa bada.

Epaiketa goiztiarrak ekiditeko, argitu beharreko datu gisa; guztiok joaten gara Eroskira. Baita kapitalismoaz mintzo garen Kontulepoko kideok ere. Kapitalismotik kanpoko ekoizpen eta kontsumo eredurik garatu ezean, ekintza kontraesankorretan lokaztu beharko gara beti. Guztiok gara kapitalismoaren seme-alabak.

 

Eroski bezalako Supermerkatuek, ia funtzio sozial bat ere betetzen dutela esan genezake lehen munduko herrialde kapitalistetan (gutxi-gora-behera hi, ulertzeko). Langileontzat preziatuenak diren eremuetan aurrezteko aukera eskeintzen digute; dirua eta denbora. Are gehiago; soldata, langileak beren kabuz bizia aurrera ateratzeko beharrezko sarrera gisa ulertutzen badugu, eta ez gure lan orduetan eraldatutako zerbaiten “ekibalentzia” gisara (langileon soldata ez da sal-erosketen edota enpresarien irabazien arabera moldatzen, finkoa da) hauek supermerkatuen prezioetara moldatzen direla esan genezake. Hots, langile “pribilegiatuenentzat” laguntza eta etorkin/esklabu, alargun, pentsio eskasdun, gehiengo langile edota egungo familia garaikideentzat behar beharrezko espazioak dira supermerkatuak.

Nahiz eta Eroskin milaka produktu higuingarri saldu, batzuk astakeria hutsak, argi izan hortik kanpo ere ezinezkoa dela merkantzien kontsumo ez kontraesankorra burutzea. Produktu orok du esplotazio zantzuren bat bere ekoizpen prozesuan, dela erregaia edo energia lortzeko bideak, transformaziorako beharrezko lanabesen oinarria….. eta garrantzitsuena; langileon lan indarra, berau saltzeko kondena. Globalizazio orokortu honetan ulertu behar dugu, gainera, geopolitika eta gure munduko kokapenaren ondorioak ere badirela hein haundi batean gure kontsumo eta ekoizpen ahalmenak.

Gauzak honela, Azpeitiko udalak berdura plazan aurreikusita duen proiektuak, printziopioz, Eroski bezalako supermerkatuek alboratutako hainbat balore izango dituela suposatzen da, eragin ugari lehunduz. Bertakoaren aldeko apustua, dugun lehenengo sektoreari laguntza, kontsumo arduratsuagoa bultzatuz etab. Inor erratu ez dadin, nire animorik haundiena proiektu horretan buru belarri dabiltzan lagunei. Baina egungo logikak erabilita ere, posible al da bertakoa, ekologikoa eta duintzat ulertzen ditugun lan baldintzetan, produktu lehiakorrak ekoiztea? Nork kontsumitu ahal izango du bertan hau bideragarri eta lehen sektorearentzat bultzada izan dadin? Goaz apur bat hausnartzera.

Kapitalismoaren krisi zikliko berezi honetan murgildurik, Azpeitia, zentru inperialistako herri garatu guztien moduan, arazo larri baten aurrean aurkitzen da. Industriak gainbalioa sortzeko duen ezintasuna eta lehiakortasuna bermatzeko beharrezkoa duen esku lan merkeak, lan baldintzen prekarizazioa ekarri du. Herrialde kolonizatuetako ezjabetuen esklabutzarekin soilik ematu daitekeen gure industrietako langileen kontsumo ahalmen murriztua alegia.

Bestetik, turismoan eta zerbitzuan (ia sinonimoak biak) oinarritutako ekonomia eredua porrotera kondenatua dago beti, are gehiago Eroski bezalako zerbitzu kooperatibak eredugarritzat baditugu, 28 orduko kontratuekin (40 ordu lan), 3 hilabeteko iraupenekoak etengabe, kobratu gabeko orduak denbora luzez, mehatxu eta kaleratzeak zerbait salatuz gero….

Bide honetan, aurreikusi dezakegu, ezer ez dela duela 10 urte bezala izango gure Azpeitia maitean. Ongi jubilatutako eta lan-hitzarmen zaharrei heldutako langileek edota irakalse eta funtzionario pribilejiatuek ere egunak kontatuta izan ditzakete, klase ertainez jositako herri amestu hartatik urrunduz. Gauzak honela, plazako proiektuak bezalako saiakerak arrakastatsuak izateko baldintzak murrizten doazela iruditzen zait.

Ondorio labur gisa; nahiz eta, agian, herri ordezkariak barne bulegoetan egoeraren larritasunaz jabetu, Eroski bezalako komertzioen eredugarritasuna edota herriko hainbat lan sektore ezberdinetan burututako laguntza instituzionalak arrakasta gisan “saltzeak” egoeraren larritasuna pairatzen dutenen haserrea ekar dezake epe laburrean. Datu politekin arazo larri bat ezkutatzearen arrisku logikoak, alegia. Garai zailak dira, kritika zaleontzat larrosazko bideak agian… baina egoera zailetan, apustu hausartak hartu behar izaten direla pentsatzen duten horietakoa naiz.

Herri mailatik hasita, apurka apurka geure bitarteko produktibo propioak eskuratzen hasi beharrean gaude, lur eta enpresak, gure transformazio gune eta makinak. Gure energia iturri eta gure konstruktorak. Beraien erabileraz hausnartuz, langileen arteko eztabaidak bultzatuz eta autogestioari bide emanaz. Berandu baino lehen, bizirauteko beharrezko izango ditugun baliabideak geureganatu ditzagun.

Amaitzeko azken erreflexioa. Ongi-izate estatua, beste behin, bere kabuz hiltzen ari den honetan, suerotik zurrupatzen zenbat denboraz jarraitu ahal izango duen galdetzen diot nere buruari. Keynes zenbat aldiz erail beharko dugun kapitalismoaren determinazioak onartzeko. Krisiek aldaketarako arrakalak irekitzen omen dituzte, eta hau luzerako etorri denaren segurtasuna izanik, hasi gaitezke lanean, ideien gudan, iraultzaz kargaturiko argudioekin armatzen.

Argi Beltza

1 Iritzi

  1. Kar kar kar! Munduko ezker mugimenduko diskurtsuen hegemonye ta zuek erail ber nauzue? Kar kar kar! Ia ikaste dzuen behinguatik kritikau baietz, baino oinarritik ezer ez aldatzie dala onena:

    Pienso que modificando el capitalismo, sabiamente, puede volverse probablemente más eficiente para alcanzar los fines económicos que todos los sistemas alternativos hasta el momento, pero este sistema es, en muchos aspectos, extremadamente criticable.

    John Maynard Keynes

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo