Berdintasuna non eta nola

Mugitzen ari da mundua. Ez da zalantzarik. Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun aldarria gero eta ozenagoa da kaleetan, lantokietan, telebistan nahiz irratian… Horren adibide da azken asteotan emakumezkoen futbolak hartu duen sona. Athletic-eko neskek San Mames barria bete zuten, Europan inoiz emakumezkoen partida batean izan den ikusle kopururik handiena erdietsiz. Handik astebetera, talde beraren eta Errealaren arteko partidak hogei mila ikusletik gora bildu zituen berritze prozesuan den Anoeta estadioan.

Pozik eta harro agertu da euskal progreen mugimendua lorpen horiekin; eta bizitza guztia futbolaren miseria eta gaitz guztiak salatu diztuzten askok ez dute aipatutako partiduetara joan edo horiek goraipatzeko lotsarik izan. Gizonezko eta emakumezko futbolarien arteko soldata arrakala salatu dute, hori bai; lotsagarria baita emakumezkoek ez kobratzea gizonezkoek kobratzen dituzten miloi pilak.

Jon Sarasua bertsolariari entzun nion behin Hondarribian Alarde mixtoaren “ez-oso-alde” bota zuen bertso baten azalpena. Haren ustez kontua ez zen berdintasunaren izenean emakumezkoek gizonezkoen ohitura txarrak hartzea; bota zuen bertsoan emakumezkoak Alardean parte hartu ez, Alardea bera kendu beharko litzatekeela bota bide izango zuen, martxa militar hura gaitzeste aldera. Ez omen zion bertso hark emakumezko askori grazia handirik egin, eta nola halako begiradak jasan behar izan zituela azaldu zuen Sarasuak.

Antzera pentsatzen dut futbolaren gaiarekin. Jakitun bagara gaur egungo gizartearentzat zer nolako gaitza dakarren futbolak, zergatik jarri emakumezkoen futbola ere maila horretan? Ahaztu al zaigu Athletic-eko neskek bete zuten San Mames barria EAEko diru publikoz eta langile atzerritar askoren miseriaz baliatuz eraikitakoa dela? Edo Anoetan ordaindu zuten sarrerako dirua Euskal Herriko arma enpresa handienetako baten nagusiaren (Aperribai jauna) poltxikora doala?

Edo argiago ikustearren; torero emakumezkoak hasiko balira korridetara joaten hasiko ginateke? Apaizak jaunak beharrean andreak balira kristau egin eta mezetara joango ginateke? Edo AHTaren arduradun nagusia Arantza Tapia dela eta tren horren alde jarriko gara?

Ez dakit nik non dagoen neurria; beharbada emakumezkoen futbolaren bat-bateko gorakada honek neska gazte asko animatuko zituen futbolean hastera herriko taldeetan. Eta hori positiboa da ezbairik gabe. Hobe litzateke gazteen maila bakoitzean herrietako klub guztiek nesken talde bana izaten jarriko balirateke indarrak, eliteko taldeak are elitekoago egiten jarri beharrean.

Berdintasunaren aldekoa naiz ni. Berdindu gaitezen behean ordea, ez goian, eta gizonezko futbolariek kobratu dezatela emakumezko etxe-garbitzaile baten soldata. Goikoak behera alegia, ez alderantziz. Edo are gehiago, sortu dezagun soldatarik gabeko gizartea.

Eta toreroak harrapatu ditzatela zezenek, apaizak desagertu bitez eliza guztiak erre direlako, eta demokrazia burgeseko goi-karguak gilotinatu ditzagula, denak berdin-berdin.

1 Iritzi

  1. Aspaldiyen letu eten idatzi argiyena ta buruazkarrena. Bazan garaiye kontzeptuen abstrakziyo zerutiarrak utzi ta konkreziyue konkretu analizatzeko, Kontu Lepo dauden hontan.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo