Lehenik eta behin, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi genieke Oier Gomezen Gasteizko militante iraultzaile eta preso politiko ohiaren senide eta gertukoei; bere heriotzaren berri izan dugunetik egun batzuk pasa badira ere. Era berean, dei egiten dugu ondorengo egunetan bere oroimenez egingo diren ekitaldi politiko guztietan parte hartzera. Bereziki larunbatean Gasteizen egingo den manifestaziora bertaratzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Oier Gomez Euskal Herriko iraultza sozialistaren borrokara lotua egon zen gazte-gaztetatik. Borroka horren ondorioz hainbatetan sufritu behar izan zuen kartzela, beste milaka kidek pairatu zuten bezala. Oier 2011n espetxeratu zuten azkenengoz, Frantzian. Oraindik preso dirauen Itziar Moreno bilbotarrarekin batera atxilotu zuten. Orain dela bost urte -espetxean zela- minbizia atzeman zioten Oierri, eta azken urte eta erdia Baionan eman du Hego Euskal Herrira itzuli ezinik, sufrimendu handiak pasata.

Estatu Frantsesak preso daudenekiko duen jarrera irmoki salagarria iruditzen zaigu. Izan ere, behin eta berriro eskubide unibertsalez eta askatasunaz mintzatzen diren agintari frantziar horiek dira kartzelan gaixotasuna, dispertsioa, presoen arteko sakabanaketa eta orotariko diziplina teknikak erabiltzen eta sustatzen dituztenak. Errepresio teknika politiko horiek bikain kontrolatzen dituzte, eta, gainera, gaitasuna dute aurpegi “goxoa” erakusteko beharrezko dutenean; ez gaitezen engainuetan erori. Memoria egiten jarraitzea ezinbestekoa da zapalduontzat, eta gure ikuspegitik politikak iraganarekiko ikuspegi zintzoa behar du izan, ezinbestean.

Oierrek denbora luzea eman zuen espetxean, minbizia jasaten. Gaixotasuna atzeman ziotenetik hiru urtera atera zuten. Agintari frantsesek ondotxo zekiten kostu politiko handiagoak suposatzen zizkiela Oier espetxe barruan hiltzeak espetxetik kanpo hiltzeak baino. Beraz, gure iritziz, horrelako neurri ankerrak ez ditugu giza eskubideen betekizunaren arabera ulertu behar, baizik eta kalkulu politiko huts baten ikuspegitik.

Oierrek argi defendatzen zuen presorik gabeko Euskal Herri bat lortzeko modu bakarra prozesu independentista eta sozialista abian jartzea zela, eta dela, zeina ezinezko zaigun etsaia identifikatu eta garaitu ezean. Oierren borrokak lekukoa izan dezan jarrai dezagun molde berrien bidez borrokan, iparrorratza galtzen utzi gabe. Presoak kalera, amnistia osoa.

Agur eta ohore Oier!

Egilea: Azpeitiko gazte batzuk.