Politikaren autonomia eta kapitalismoaren teoria

“Sé, ciertamente, que no existe una verdadera lucha, seria y capaz de lograr conquistas, sin organización. No hay conflicto social que pueda vencer al adversario de clase en ausencia de fuerza política. Esto es lo que el pasado nos ha enseñado.”

Mario Tronti

“No puede haber teoría política moderna sin teoría del capitalismo”, honela zioen Carlos Prieto del Campo filosofo, editore eta idazle marxistak Mario Tronti pentsalari italiarrak eskainitako konferentzia batean. Marxen ekonomia politikoaren kritika eta politikaren lekua bertan, askaezina dirudien eztabaida historikoa. Zein leku hartzen duen politikak zentzu iraultzaile batean, egungo gauzen egoerari kritika burutzearen ezinbestekotasuna kontuan hartuz, inpotentzia suposatzen duten ohiko praktiketatik kanpo. Ekonomia politikoaren kritika birformulatzen ari zaigun teoria da, Marxen teoriaren  gainean azken hamarkadetan egin diren ikerketatik abiatuta emaitza zientifiko sakonak ari baitira gauzatzen. Dena dela, jauzi handia aurkitzen dugu ikerkuntza akademiko soiletatik teoria honek suposatzen dituen inplikazio politikoak gureganatzeko prozesuan. Azken zentzu honetan eztabaida interesgarria (ber)piztu du Kolitzak BGD! webgunean (https://borrokagaraia.wordpress.com/2015/09/14/la-cruda-realidad/#comment-42884), adostasun osoa aurkitzen dudalarik bere ikuskerekin. Gaurkoan auzi guzti honekin zuzenki erlazionatzen den politikaren autonomia kontzeptu gisara laburki aurkezten saiatuko naiz, gure jardun politiko estrategikoan duen garrantzia azpimarratu asmoz.  

Politikaren autonomiaren gaineko eztabaida teorikoak lehen mailako garrantzia hartu zuen 60. hamarkadan Italiako zenbait aldizkariren bueltan (Quaderni Rossi, Classe Operaia). Aldizkari horietako zenbait partaidek mugimendu autonomoari ekingo zioten ondorengo hamarkadan, baina ez zen eztabaida hartako bi protagonista nagusien kasua izan. Raniero Panzieri 1964an hil zen, operaismoaren aita kontsideratzen dena, 1920. hamarkadako zenbait pentsalari komunisten tesiak birformulatzen saiatzea delarik bere merituetako bat. Beste aldean Mario Tronti, Italiako Alderdi Komunistako kidea (PCI), inoiz ez zena politikagintzako espazio ofizialetik aldendu.  Bigarren honi esleitzen diogu politikaren autonomia teorizatzearen meritua, ezinezkoa zitekeena Panzieriren ekarpenak erabat baztertu balitu.

Politikaren autonomia kapitalismoaren kritikatik abiatzen den hausnarketa markoa dugu, ez dena inolaz ere politikaren zentzu burgesarekin nahasi behar. Autonomiak ez dio erreferentzia egiten ustezko politikaren lege autonomo batzuei, armoniazko zentzu batean ekonomia erregulatzeko gaitasuna izango luketenak. Inpultso iraultzailearen teoria da politikaren autonomiarena, kapitalaren zikloa politikoki baldintzatzearen garrantzia azpimarratzen duena, langileriaren antolakuntza gaitasun autonomoen bitartez ibilbide historikoaren jarraikortasun lineala hausten baitu. Teoria leninista, espontaneoaren aurkakoa guztiz. Politika proletarioak hegemonia konkistatu dezan bere ikuspegiak autonomia osoa behar du eduki, koiuntura politiko luzea baldintzatzeko ahalmen soziala bilatu asmoz. Politikak du lehentasuna, langileriaren interbentziorako gaitasun autonomoak.

Filosofiaren, teoriaren eta funtsean politikaren autonomiaren garrantzia azpimarratzen lehenak Georg Lukacs eta Karl Korsch bezalako gerra arteko pentsalari komunistak izan ziren. Bigarrenaren kasuan, mugimendu komunistaren barnean teoriak zuen espazioa pentsatzeaz arduratu zen, eta influentzia handia izango zen Panzieri bezalako autoreengan. Teoriari bere espazio propioa ematearen garrantzia azpimarratzen zuen Korsch pentsalariak, momentuko koiuntura espezifikoetatik haratago iparrorratz politikorako bermea izango baitzen berau.

Langileriaren ikuspegitik politikak du lehentasuna, eta ekinbide politiko zuzen baterako bermea teorian aurkitzen dugu, koiuntura konkretuek suposatzen diguten itsualdietatik haratago errealitatea pentsatu eta eraldatzeko elementuak eskaintzen baitizkigu. Izan ere, martxan ditugun antolakuntza mekanismo ezberdinek (ekonomikoek, sozialek) ez dute inolaz erreproduzitzeko ahalmen autonomorik klase borrokaren fase honetan, gidaritza politiko batez (ofentsibarako inpultso batek) etengabe mamituak ez badaude. Politikaren autonomiaz ez bada, teoria iraultzailearen gaitasunak aparte uzten baditugu, gure dinamika ezberdinek integrazio politikoan amaituko dute ezinbestean, izan deitura sozialdemokrata duten alderdiekin armonian (inpotentzian) edota aisialdi hutsera mugatuta. Hamaika esperientziek berresten dute hemen esandakoa.  

Dena dela, proletarioen ekinbide politikoan funtsezko beste elementu bat aurkitzen dugu, seguruenik behar beste baloratua izan ez zena gerra arteko teoriko komunistengan ez eta operaisten partetik ere. Krisiaren teoriaz ari natzaizue, beren garrantzia azpimarratzen ez badugu gure aterabide politikoak boluntarismoan jausteko arrisku larria baitute (historiak sarriegi erakutsi digun modura). Krisiak kapitalaren armonia eza uzten du agerian, bere barne legeen hauskortasuna, eta proletarizatzearen arrisku etengabea. Mugimendu komunistak emanda dagoenaren gainean ezartzen du utopia, egoera konkretuen gainean interbenitzen. Horretarako gizarte burgesaren mekanismo kontraesankorra ezagutzea ezinbestekoa zaigu, bestela zentzu osoa galtzen baitu iraultzaren teoriak. Honela egiten zion erreplika Henryk Grossmann ekonomialari marxista Poloniarrak Karl Korsch filosofoari: “Haga la prueba de llevar coherentemente hasta el fin el razonamiento de Marx: ¿cómo es posible que en la reproducción simple, donde parece reinar por todas partes un equilibrio tan armonioso, se desarrolle una crisis? Sólo entonces descubrirá en Marx algunas elaboraciones teóricas que los “filósofos” nunca han soñado, ni siquiera los que, como Karl Korsch tienen la ilusión de entender algo de economía marxiana”.

Testuaren hasieran aipatu dizuedan konferentziarekin uzten zaituztet, zuzenean Mario Trontiren interbentziora pasatzea gomendatzen dizuet. Jarraituko dugu eztabaidatzen.

1 Iritzi

  1. Eskerrik asko testuagatik! Bikaina.
    Interesgarria izan daitekeelakoan Mattick en 1949ko “espontaneidad y organizacion” testua gomendatzen dizuet. Beheko loturan topatu dezakezue beste zenbait testurekin batera.

    Ondo izan!!!

    http://www.geocities.ws/cica_web/consejistas/mattick/indice.htm

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo