Urte zaharrari agurra, urte berriari egurra. 2019a hasi berri eta egurra egurraren atzetik eman beharrean gaude. Oasi kapitalista honetan badira miseriak, eta miseria kapitalista guzti horrekin hasi izan behar genuen urtea. Errealitate gordin horren esku hartzean, oztopoak dira nagusi, eta gure eguneroko biziak baldintzatuta aurkitzen dira esku hartze horretan. Horregatik, garrantzitsua da gure guneen autodefentsa ematea, errealitatea eraldatzeko espazioak izatetik harago, gure espazioak direlako. Hau da, gure gaztetxeen aldarrikapena gure autonomia politikoaren aldarrikapena da. Beraz, gaurkoan ez gatoz soilik atzo eman ziren erasoen salaketa egitera, gure autonomiaren aldarrirako ezinbestekoak diren espazioei babesa ematera gatoz, izan Maravillas Gaztetxea, izan Kijera Gaztetxea. Zuekin Gaude.


Atzo inspekzio baten izenpean Maravillas Gaztetxea desalojatu zuten, desalojatu diogu, oraindik sartu ezinik direlako eta bertan aurkitzen ziren gailu zein gauza batzuk eraman dituztelako. Honen aurrean, desalojoa bera eta “Aldaketaren Gobernua”k izandako jokabidea salatu nahi ditugu. Atzoko jokaera zikina gaitzesteaz gain, uste dugu onartezina dela izenburu hori ordezkatzen dutenen portaera. Behin eta berriz gure guneak erasotzen dihardute eta aldaketaren lemapean periferiara bidali nahi gaituzte. Honen aurrean, termino honen esanahi errealean berresten gara. Gure ustez, aldaketaren aurrean kokatzen garen momentuan jarraipenaren edo hausturaren tartean gaude. Bat edo bestea, baina biak ez dira posible. Hausturak determinazio politikoa, haustura politikoa eta errealitatearen haustura dakar. Jarraipena berriz historiaren jarraipena da, onarpena. Askotan, haustura erreformismo hutsarekin lotu da, horregatik, oso garrantzitsua da azpimarratzea aldaketaren baldintzak zein bandotan ematen diren. Gure kasuan garbi dugu. Maravillaseko Gaztetxeak determinazio politikoa erakusteaz gain, errealitatean benetako eskuhartzea burutu du. Esan genuen moduan: Maravillas Gaztetxeak auzoarekiko, ahaztuekiko, baztertuekiko, azpian gaudenokiko konpromiso irmoa erakutsi du.

Lehen aipatu moduan, honen atzean, gure autonomiarako beharrezko diren espazioen suntsipen sistematikoa dago. Ez da kasualitate hutsa loratze honen ostean ematen ari den errepresioa, Maravillasen kasuan, “Aldaketaren Gobernua”k burututakoa. Beraz, honen aurrean, gure espazioen aldarrikapena eta defentsa ezinbestekoak dira, kapitalaren aurkako forma sortzera behartuta gaudelako eta beharrezkoak ditugulako.
Forma hori desjabetuotan gorpuztuko da ezinbestean. Eta Maravillasek zein Kijerak, egoera honen kontzientzia hartzen duten subjektuak sortzen dihardute, jakitun, kontzientzia horretatik abiatzen dela gaztetxeak bezalako espazioen zilegitasuna; espazio horietaz jabetzeko zilegitasuna. Gure izatearen kontzientziak, desjabetuon kontzientzia, bide horretan pizten da, bide horretan pizten den bezala borrokarako beharra ere.

Esan izan dugun moduan, espazio hauen –gaztetxeen– aldarria gure izatearen nahiz mundua ulertzeko dugun moduaren aldarria da. Elkartasunaren printzipioetan sinesten dugu, klase elkartasunean sinisten dugu, behin eta berriro zanpatu nahi gaituztelako, baino nekez lortuko dutelako. Beraz, gure elkartasun osoa Maravillas zein Kijera gaztetxeei. Lehen esan moduan, benetako haustura gure teilatuan dago, orainaren aurka dihardugulako eta oraina borrokatzea jarraipen historikoa borrokatzea delako, azken finean, gizarte kapitalista sostengatzen dutenen aurka borrokatzea. Gure historia, hausturaren historia da, desjabetuon historia. Horregatik, historian bildu den miseria guztiarengatik, borrokatzen jarraitu behar dugu.

MARAVILLAS ETA KIJERA DEFENDATU!! ZUEKIN GAUDE!!