Huerta de Peraltako langileak greban. Elkartasun mezua Azpeititik

Mezu labur honen bitartez Azpeitiko gaztetxetik elkartasuna erakutsi nahi diegu Huerta De Peraltan greban diharduten kide guztiei, nekazal eremuko “jornalariak” baitira egun gizarte kapitalistan lan baldintza eskasenetarikoak pairatzen dituzten sektoreetako langileak.

11 egun daramatzate greban nafar erriberako Azkoien herrian kokatzen den Huerta de Peraltako langileek, kaleratuak izan diren zortzi langile berronartzea, ezarritako zigorrak ezeztatzea eta greba burutzeagatik errepresaliak ez jasotzea dutelarik helburu. Langileen arteko elkartasuna praktikan jartzen duen dinamika burutzen ari dira Azkoienen, lurraldetasun ezberdinetako kide ugari ikus daitezkeelarik bertan. Azpimarratzekoa iruditzen zaigu ere greba sustatzen eta babesten LAB sindikatua burutzen ari den lan nekaezina, Huerta de Peraltako langileen bizi baldintzen hobekuntza sustatzen eta hein handi batean lortzen ari baitira duela hilabete batzuetatik hona. Irailean LAB sindikatuko ordezkaritzak irabazi zituen hauteskundeak Azkoiengo lan eremuan, eta ordutik langileen lan baldintza aunitz hobetuak izan direnaren ezagutza dugu: lanaldien murriztapenak eman dira eta kontratu batzuk finko bihurtu dira ere. Garaipen hauek kostu politikoak izan dituzte ordea, tarte honetan LAB sindikatuari loturiko lau behargin marokoar kaleratuak izan baitira euren lanpostutik.

Borrokaldi honetan langileen independentzia politikoa zein auto- antolakuntza izaten ari diren garrantzia azpimarratzen dugu, “aldaketaren” gobernuaren instituzio formalen zein polizia autonomikoaren (biak ere espainolak, 78ko konstituzioaren ondotik ezarritakoak) errepresioaren  gainetik langileriaren gaitasun propioen antolakuntzak soilik ematen baititu emaitzak. Honela izan zela uste dugu Maravillas gaztetxearen defentsaren kasuan, eta honela ari da izaten Huerta de Peraltako beharginei dagokionean.

Balorazio labur honekin jarraituz, ikus dezakegu Azkoiengo langileen bizi prekarietate mailak larritasun handia duela, eta ezinegon honi proportzionalak diren borroka espresioak bereganatu dituzte langileek; errepide mozketak, sabotajeak, polizia foralaren jipoiak … egunez egun errepikatzen ari diren dinamikak ditugu. Era berean, kapital globalak post- fordismoaren  lan dinamiken barruan sektore zehatz batzuek super- esplotaziorako erabiltzen dituela ikus dezakegu, justuki legedia ofizialetatik kanpo geratzen diren langileen sektoreak baliatuz horretarako. Nekazal eremuak, aldi baterako lanaldiak, azpikontratatutako enpresetako langileak, logistikako enpresak (ikusi zentzu honetan Amazon multinazionaleko langileen grebaren zergatiak), industria periferikoak eta abar luze bat dira marko konstituzional ezberdinen eskubideetatik kanpo geratzen diren lan eremuak, biderkatzen ari direnak eta langileen geroz eta sektore zabalagoak barnebiltzen dituztenak. Eremu hauetan beharrean aritzen diren langileak geroz eta gehiago dira, eta erdigune kapitalista konkistatzen diharduten lan dinamikak ditugu, milioika pertsonei eragiten dieten migrazio fluxuen bitartez egokitzen ari direnak. Ez da kasualitatea Huerta de Peraltako langile gehienak etorkinak izatea, garai historiko zehatz honetan esplotazio kapitalistak baliatzen duen baldintzapen sozial anitzetako bat arraza eta nazionalitate bitartezko langileen segregazioa delarik.

Baldintza konkretuak ezberdinak izanik ere, kapitalaren fluxu internazionalen baitan ulertuz gero erraza zaigu eskala anitzetako langileen borroken arteko loturak eraikitzea, eta Frantziako jaka horien mugimendua ere kapitalaren errealizazio prozesuaren ezintasunen bitartez azaldu daiteke soilik. Garraiorako erregaien prezioen igoera, arazo logistikoak, estatuaren interbentzioaren mugak eta langileen prekarietatea arazo berean funtsa duten dinamikak dira, krisi kapitalistaren formulaz barnebildu ditzakegunak.

Gure partetik elkartasun osoa adierazten diogu Huerta de Peraltan borrokan diharduten kide guztiei, erregimen kapitalistari aurre egiten dion espresio orok gure miresmen eta errespetua merezi baitu. 

3 Iritzi

  1. Zirikatzearren

    2019-02-10 at 17:10

    Ez dira kontraesankorrak langileriaren independentzia politikoa eta LABi egiten zaio goraipamena?

  2. Kontraesanean dagoena LAB da, ez irakurketa burutu dutenak.

    Irakurketak proletargoaren defentsan buruturiko esperientziak goraipatzen ditu, eta horren adibide da Huerta de Peraltako borroka. Kontraesanak LABek egin beharko ditu bere, poliziaren kontrola kasu (Beaumont-en bitartez), beren alderdiaren lotura politikoak nafar hegoaldeko “jauntxoekin”, instituzioen gestioak honelako kasuetan noren alde legislatzen duen… Batik bat, proletargoa eta langileriaren goi kapen arteko kontraesana da gestiona ezina dena, bigarrengoen mesedetan antolatzen baitira sindikatuak, eta esan beharrik ez den arren, lehengoen kalterako (irakurri bestela Rosa Luxemburgen “ley del salario” testutxoa). Nafar hegoaldeko espazio horretan proletargoaren defentsa burutu du LAB-ek, eta hori goraipatzekoa da. Ez dugu LABen defentsa egiten, eta mugimendu bakoitzak kudeatu beharko ditu beren hipoteka politikoak.

    Ez dut kontraesana ikusten beraz. Zuk?

    • Zirikatzearren

      2019-02-11 at 17:06

      Azaletik ikusita, esango nuke azken instantzian LABek ez duela proletargoaren defentsa egin. Eta egin badu, bitarteko gisa erabili du bere irudia eta inguratzen duen mugimendua indartzeko. Hortaz, azken finean, proletargoaren kapa zehatz baten defentsa koiunturalaren kontura, proletargoa esku hutsik uzten duen estrategia elikatzen ari da. Nik kasu honetan uste dut LABen papera salatu behar dugula. Izan ere, ezker abertzale osoa mobilizatu da bere sindikatuaren eta oro har, mugimenduaren itxura hobetzeko, eta ez eginbehar gisa ikusten dutelako sektore hauen defentsa.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo