Ezaguna da gune autogestionatuek jasandako errepresioak eta jazarpenak ez duela etenik. Horren  isla da, besteak beste, Iruñerriko gaztetxeak edota Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxea desalojo mehatxupean egotea. Baina gauza jakina da agintean daudenei kezka sortzen diela gune autogestionatuen hedapenak eta, oro har, autogestioaren loratzeak. Kezka horrek errepresio forma hartzen du sistema dominatzailea elikatzen duten agintarien eskutan, gune autogestionatuen kalterako.

Egoera horiek ez dira kasualitatez ematen, ordea. Agintarien mehatxuen atzean bada ezkutatzen den zerbait. Eta hori da, hain zuzen, kezka sortzen diena. Gune autogestionatuek bestelako bizi eredu bat dute xede. Autogestioa oinarri duten egitasmoek kolokan jartzen dute, esaterako, gizarte kapitalistaren oinarri sendoena den jabetza pribatua. Modu horretan, gune autogestionatuak ­­-tartean, Gaztetxeak- eremu arriskutsu bihurtzen dira zenbaitentzat. 

Ulertu behar dugu jabetza pribatua dela gizarte kapitalistaren oinarri sendoena, hori oinarri hartuta eraikitzen baitira harreman sozial guztiak. Horregatik, jakina da jabetza pribatuak gure harremanak erabat  baldintzatzen dituela. Egoera hori irauli nahi dugu autogestioan eta elkartasunean oinarritzen diren harremanen aldeko aldarria egiten dugunok. Gu gara sistemak egunero zapaltzen dituen norbanakoak. Baina era berean, gu gara dominazio egoera kapitalista batetik harago, egoeraren kontzientzia hartzen duten subjektuak, eta kontzientzia horretatik abiatzen da gaztetxeak bezalako espazioen zilegitasuna. Izan ere, gure izatearen kontzientziak bultzatzen gaitu bizi ulerkera eta pentsaera hau aldarrikatzera. Leku autogestionatuen aldarria bizitza ulertzeko dugun pentsaeraren aldarria da. Kolektiboa ardatz hartuta, langile boterea eraikitzera bidean ezinbesteko tresnak dira Gaztetxeak bezalako gune autogestionatuak. Horrenbestez, autogestioa hedatzeko prest gaudela berretsi nahi dugu. Azpimarratu nahi dugu gaztetxeak defendatzeko prest gaudela, baita erresistentzia antolatzeko ere.

Horregatik, Iruñerriko gaztetxeen alde egin genuen gisan, bihar Donostiako Kijera gaztetxeari babesa agertzeko mobilizaziora joateko deia egiten dugu Azpeitiko Gaztetxeko kideok. Gu han izango gara. Manifestazioa Konstituzio plazatik irtengo da, 19:00etan.

Bide batez, salatu nahi dugu joan den urtarrilaren 1ean polizia sartu dela Gasteizko Gaztetxera, eta bost lagun atxilotu zituztela. Horietako bat espetxera sartu dute, aurrez izandako errekisitoria bat zela-eta . Hemendik indar eta babesik handiena Gasteizko Gaztetxera. Egurre gaztiek!

Autogestioa hedatu, erresistentzia antolatu, gaztetxeak defendatu!