Motozerrak garraxika

Kolaborazioa: Batzako Porrue

Gaur mendira joan naiz buelta bat ematera. Mendi-lepo batera heldu naizenean konturatu naiz, ez bat, ez bi,  HIRU lekutatik entzuten nuela motozerren marmarra eta bost bat minututik behin blaust. Bai, pinuak botatzen ari ziren aurreko mendiaren hiru lekutan.

Uste dut ez garela ohartzen aurrekaririk gabeko baso soiltze baten aurrean gaudela. Piñua gaixorik dago hongo batengatik eta honek bere prezioa lurrera bota du. Hongo honek zuhaitza hiltzen duenez, inguruetako baserritarrak ahal den azkarren piñua kentzea erabaki dute. Denak batera antza denez, dagoena saldu eta kitto!

Hain dira ugariak botatzeko dauden pinuak ezen basoak botatzen dabiltzan langileak lana leporaino dutela, toki malkartsuenetan dauden pinuak ez botatzeraino. Nahikoa lan dute eta sail onak bakarrik ateratzen hasi dira.

Baso kentze hau gure lurrentzako egin daitekeen astakeriarik handiena dela esango nuke. Gure basoen aurrekariak ikusten baditugu,  pinuaren ustiapena duela 120 urtetik hona egin da eta aurretik landa-lurrak izan ziren: sagasti, gari sail eta ganadu ezberdinarentzako bazkatoki.  Piñuak, hazkunde azkarreko zuhaitzak izanik, lurrari azkar kentzen dizkio dituen baliabideak. Hau honela, esan beharra dago gure lurretatik zuhaitz bat saltzen denean, gure lurraren zati on bat (lurraren mineral, ur, konpost…) saltzen ariko garela. Hau gure lurretan piñuaren ustiapenaren eskalan jartzen badugu, ondorioa beldurgarria da.

Lurra ahituta dago, nekatuta, ez du gehiagorako ematen. Otea eta sasia dira irteten direnak. Lurrak berak dio ez sartzeko, uzteko bakean. Eta bakean utzi ordez, eukaliptoa, kliptomerida edo sekuoia erraldoiak bezalako soluzioak mahaigaineratzen dituzte.

Sekuoia erraldoia edo kliptomeridaren kasuan, lurra konpaktatu, azidotu eta gogortu egiten dute. Bertan, landareriari oso zaila egiten zaio lurra berreskuratzea. Harri baten gainean balego bezala da, ezin dute azpiko jakietara heldu. Honela, baso hauek botatzen direnean, gorrituta geratzen dira eta euriak lur ona barreiatzen du, desertifikazioa ekarriz. Lur hauetan urte luzez luzatuko da gaineko lurzoruaren egituraketa.

Eukaliptoaren kasua oraindik ere gorrotogarriagoa da. Honek, lurraren nutrienteak eta ur ugari xurgatzen ditu. Guzti honek, lurrak azidotu eta idortzen ditu. Hainbeste xurgatzen dio lurrari, sasia ere urritzen joaten dela. Nire ustez, onargaitza izan beharko luke espezie hau landatzea. Baina, kasu guzti hauek hazkunde azkarreko zuhaitzak izaten jarraitzen dute eta azken batean, segi kaka iualakin bueltaka!

Bada garaia basoari ezarri zaion zerga kentzeko, gure basoek larrutik ordaindu dute gure asegabekeria eta axolagabekeria. Beraz, guri dagokigu merezi duen errespetua ematea eta basoak ulertzen hastea, bere konplexutasun osoan. Guri dagokigu gure mendien edertasuna eta osasuna bermatzea. Nere ustez honetarako errezetarik sinpleena erabili beharko litzateke, hau da, lurrari berea egiten uztea.

Azkenean zalantza gelditu zait, ez dakit motozerrak ari ziren edo basoa bera zen garraxika ari zena. Hurrengo batean guzti honi irtenbidea aurkitzen saiatuko gara.

1 Iritzi

  1. Euskaldunon lege zaharra: libre baso eta larrak

    2018-12-24 at 13:03

    Kaixo, poztekoa iruditzen zait kontu lepon gai honi eustea, gizarteko elkarrizketa askotan pil-pilean dagoen gaia da eta uste dut guk ere badugula zer esana.
    Nire iritziz, labur esanda, Euskal Herriko basoen gaitzik okerrena pinuaren gorritzea baino okerragoa da, munduko beste arazo askoren gaitz bera baita: JABETZA PRIBATUA.
    Zuk esan bezala duela 120 urtera arte gutxi gorabehera (lekuaren arabera alda daiteke urte kopurua), herri lurrak (edo lur komunalak) ziren Euskal Herriko baso gehienak, eta zuk esandako ustiapen mota zuten (abereentzako bazka…). Alabaina, lurrok pribatizatu ahala, baso naturalak kendu eta pinu beltza sartzen hasi ziren propietarioak, ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko basoari ahalik eta eperik laburrenean. Horrek istilu asko eragin zituen basoak abereak bazkatzeko erabiltzen zituztenen eta propietarioen artean (oso gomendagarria Meren abeslari galdakoztarraren “Ekintza Zuzena” abestia eta abesti horren harira berak azaltzen dituen gertaerak).
    Orain pinuaren gaitza hedatu dela eta eukaliptoa edo bestelako espezie inbaditzaileren bat sartzea besterik etzaie otu basotik etekin ekonomikoa soilik nahi duten propietario jaunei. Hemengo lurrari egiten dioten kalteak ez die axola handirik.
    Aditu askok hala diote eta esperantza dut espezie berri horiek ere ez dutela inguru hauetako lurretan askok nahi luketen emaitzarik emango.
    Izan dezagun argi basoak bakean utzi eta beren prozesu naturalaren bidez baso naturalak atzera jaiotzea dela gure lur eta ekosistemarentzat bizi osasuntsu posible bakarra. Eta horretarako bide bakarra: jabetza pribatua abolitu eta Euskal Herriko lurrak atzera ere herri lur (lur komunal) izatea.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2019 Kontu Lepo