• Pertsonaia historiko garrantzitsua dugu Willy Brandt, Alemaniako Errepublika Federaleko kantzelaria izan zena 1969-74 bitartean, baita Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD historikoa) burua bi hamarkadetan zehar ere. Europako sozialdemokraziaren “modernizazioa” suposatzen du Willy Brandt politikariak, egungo testuingurura iritsi zaigun kontzeptua eraikitzen berebiziko garrantzia baitu Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren erreforma prozesuak, 1959ko Bad Godesberg-eko manifestuarekin ekin zena. Guda hotzean barnebiltzen da sozialdemokraziaren biraketa historikoa, aurrez idatziriko narrazioa ere hutsunez eta anbiguotasunez ezagutu baitezakegu ere (aipa ditzagun adibide soil gisara: Bernstein 1904ean, Indalecio Prieto guda zibil garaiko Espainian, Fabian Society Erresuma Batuan…) . Posizio iraultzaileak alboratzen dira Brandt eta beste hainbaten estrategietatik, interbentzionismo estatalak lehen lerroko garrantzia hartu zuen (aurrez ere bazuena SPD alderdian, kualitatiboki aldatua halere) eta bloke internazionalaren barnean posizioa argiki definitua geratzen zen honela.  Sozialismoaren eta liberalismo demokratikoaren sinbiosia gorpuzten da Europa osoan zehar, garai horretan bertan teorizatua izango zena Norberto Bobbio eta abarren artean, eta gizarte antolamendu eredu hau Europa mendebaldeko herrialde gehienetara esportatzen zen berriki bi mundu gudaldi ezagutu zituen eta Europaren bihotza zen Alemaniatik.

Ongizate estatuak langileriaren hainbat estratuentzat suposatzen zuen paradigma politikoa eskaintzea ezinbestekoa zitzaion mendebaldeko Alemaniari, bloke politikoen arteko krisiaren tamainako testuinguru bati erantzun egokia eman beharra baitzitzaion hegemonia estatubatuarraren ikuspegitik. Dena dela, tradizio politiko sozialista luzea zuen aparatua zen SPD, eta alderdi ohitura zein kulturen gain ere eragingo zuen sakoneko biraketa politiko honek beren ezinegonak sortu zituen antolakuntza eremu ezberdinetan, horien artean ikasle mugimenduaren bueltan.

Ikasle mugimendu indartsua altxatu zen 60. hamarkadako Alemania Federalean, SDS izenpean, alderdi sozialdemokrataren barnean gorpuztu zena hasiera batean. Posizio politikoen talkak nabariak izan ziren ikasle mugimenduaren hastapenetatik, SPD alderdiarekin haustura suposatuko zutenak 1960. urtetik aurrera.  Zaila bezain desegokia zaigu ezagutza historiko egiazko (kritiko) baten ikuspegitik testuinguru sozial ezberdinen arteko paralelismo sinpleak eraikitzea, desberdintasun nabarmenak baititu 60. hamarkadako Alemaniak egun bizi dugun Euskal Herriarekin alderatuta. Ikasleen korronte kritikoak (gehiengo nabarmena zena ikasle mugimenduaren barnean) parlamentuaz gaindiko oposizioa eratu zuen,  langileen sindikatuekin elkartasun dinamikak biderkatu, bizi ohituren gaineko perspektibak deseraiki, marxismoa berrirakurri (Frankfurt-eko eskolaren influentziapean) eta bere sorrera prozesutik tentsioz josia zen errepublika federala are gehiago astindu zuten. Rudi Dutschke, Hans– Jurgen Krahl, Ulrike Meinhof, Oskar Negt, Johannes Agnoli edota Alfred Schmidt pentsalari zein politikariak ditugu garaiko ikasle mugimenduaren protagonistetako batzuk. Pentsamendu marko aberatsa utzi digute guztiek oraina iraultzea helburu dugunontzat, zatiketetan eta egungo optikatik begiratuta suizidak diruditen zenbait dinamika politikoetan itota amaitu bazuten ere.

Willy Brandt, Norberto Bobbio eta abar luze batek egikaritutako sozialismo liberalaren (axioma nabarmena, ezta?!) betiereko krisialdi garai batean aurkitzen garelakoan nago, interbentzionismo estatalaren ezintasunaren bitartez ezagutzen ari garena (PSOEren krisi forma hartzen duena espainiar estatuan). Testuinguru honetan neo- keynesianismoaren apustuari buru belarri ekin dio ezker abertzale ofizialistak, kontsentsu sozial autonomista eta EAJrekin alderdi- bitasun baskongadoa eraikitzearen posibilitatea- ilusioa- lehenetsiz. Estatus juridikotik at kokatzen den langileriaren proportzioak biderkatzen ari zaizkigun honetan, ehun industrialaren desagerpena eta honek gorpuzten zuen langile aristokraziaren desintegrazioa uka ezineko errealitatea dugun honetan, oximoron politikoen jokoan murgildua zaigu ezkerraren gehiengo osoa, baita orain dela gutxi arte 78ko marko konstituzionalarekin erresistenteak ziren mugimenduak ere. Itzuliko ez den zerumuga batekin ametsetan.

Prozesu sozial oso sakon eta konplexuen barnean kokatu beharrean gara mugimendu sozial zein politiko berrien loratzea, historia prozesu sozialetatik kanpo egiteko fantasietan erori nahi ez badugu behintzat. Ikasle mugimenduan ematen ari diren aldaketei dagokionean, ez dira lau ikasle zororen desio nostalgikoak (azkeneko hau gureganatu beharrean garen kontzeptua dela uste badut ere),gizartearen bilakaera prozesuen espresio anitzetako bat baizik, barnean duen arrazionaltasun eta borondate etikoak beren alde posizioa hartzea eginbehar bilakatzen duela uste badut ere.

Komunismoaren zeregin nagusia historiaren kurtsoan interbenitzea zela zioen Leninek, haustura suposatzea prozesu sozialetan. Horretarako gure eginbeharra aldaketa sozialen testuinguru zabalean gorpuzten ari diren eraldaketak aztertzean datza, eta berauei azpiratuta daudenen (langileon) antolakuntza kontrajartzean.  Langile mugimenduaren historian ezinbestean identifikatua sentitzen den ikasle mugimenduaren arrakasta ez da termino absolutuetan neurtuko, gizarte osora zabaltzeko eskaintzen dituen erremintetan baizik, indarrez eta pozez hartuko ditugunak.  

     “Gure Euskal Herri berde urdinak

badauka alde gorrixka

noranahi joan ikusten dena

berdin hiri zein herrixka.

Omen txiki hau IA zuretzat

hartzen zaituzte batzuk umetzat

baina zuk ze begibista.

Iraultza grinak dakarren hari

meharretik dindilizka

mundu berri bat desio duzu

ta ez berria erdizka.

Ostu jabetzak, hartu kalea

segi hil arte euskaltzalea

ta antikapitalista.

Bide onetik zabiz ta!”