Duela 40 urte, gaurko egunez, abenduaren 21ean estatu espainoleko ezkutuko indar polizialek Euskal Herri osoan ezaguna zen ETAko militante arrigorriagarra akabatu zuten. Auto azpian jarri zioten lehergailu batek 29 urte besterik ez zituen Euskal Herritarraren bizitzarekin bukatu zuen, ezker abertzalearen ikur bilakatuko zena urteen poderioz. 

Ez zen erronka makala “Argalaren” eskuetan ziharduena, espainiar estatuko konstituzioaren onarpenaren hilabete berean bere bizitzarekin bukatzeak asko baitu kutsu sinboliko eta erreferentziatik, baita arrazionaltasun politikotik ere. Izan ere, Euskal Herrian  Madrildik gidatzen zen erreforma “demokratikoaren” ezezkoa nabarmena ari zen izaten, langileriaren lehiakortasun politikoaren biderkatzea ari zen ematen eta naziogintza klase borrokaren elementuekin nahasia izaten ari zen, arrakasta nabarmenarekin.  Alderdi eta mugimendu sozialista zein komunista iraultzaileen biderkatzea ematen ari zen Euskal Herrian, 70. hamarkadaz geroztik gutxiengo programa politiko batean sintesi politikorako aukerak ematen ari zirelarik, Argala esperientzia honen partaide izan zen moduan.

Jose Miguelek aurreko hamarkadan ekoitzi ziren ideia eta plan politikoen lotura estrategikoa are eraginkorragoa bilakatzea zuen buruan, borroka armatuaren eta lehia politikoaren arteko erlazioak aztertzen zebilen, baita sozialismoaren gauzapenerako norabidea pentsatzen ere. Zuzendaritza irabazia zuen ETAm barnean, eta bere heriotzak esanahi erabat politikoa dauka ezbairik gabe, nolanahi espekulatu bada ere estatu aparatuen partetik, modu guztiz interesatu eta mespretxagarrian.

Koherentzia politikoa azken muturreraino eramaten duten horiek badute errespetua eta erreferentzia irabazia gizarte honek azpiratzen gaituenon partetik, eta beldurra zein gorrotoa dira gezurrean eta edonolako trikimailuetan agintea mantentzen duten horiek garatzen dutena Argalaren tamainako figurekiko. Sinbologiek ere badute alde arrazionala, orotariko politikari zein akademiko hipokritek egungo gauzen egoeraren estatus legala gainditzen duen oro irrazionaltzat, terroristatzat hartzen badute ere. Argalaren izena hartzen du gurean tipozko eraikuntza honek, baina bere barnean gordetzen duena milaka langileren utopiaren eraikuntza da, antolakuntzaren bitartez eraginkor bilakatzen dena. Errealismoa programan, eta koherentzia sozialismoaren gauzapenean, pragmatismo hutsetik zein bozka kalkulu soiletik urruntzen zaiguna.

Berekoikeria kode etikotzat eta hipokresia moralitate garaile gisara duen, etengabeko pobretze material batean bilakatzen ari den joko zelai (sistema) honetan sinesten ez dugunontzat Argala zein gudan eraildako beste milaka militante aldarrikatu beharreko erreferentziak zaizkigu, euren borondate eta bizi jarrerek– militantziak- egungo gauzen egoeraren gaindipenerako aukera suposatzen baitute ezinbestean.

Sozialismoaz Euskal Herriaren askatasun osoa, ez parte batena soilik. Horretarako, lurrera jaistea dagokigu, sozialismoa egungo baldintzetan pentsatzea, langile boterearen formula egungo testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoan gauzagarri egitea. Hau baitugu iraganeko borrokalari orori egin diezaiokegun omen handiena, eta ondorengoei irekitzen diegun bidea, Argalak eta beste milaka militante anonimok guri egin bezala.

borrokalari orori egin diezaiokegun omen handiena, eta ondorengoei irekitzen diegun bidea,
Argalak eta beste milaka militante anonimok guri egin bezala.