Irakurketa honen bitartez, dei egiten dugu abenduaren 30ean Azpeitian lan istripuak salatzeko eta langileen elkartasuna aldarrikatzeko egingo den manifestazioan parte hartzeko. Beste urte batez, behartuta gaude lanpostuan hil diren langileak omentzera, baita lan istripuen aurrean gure haserrea adieraztera ere. Aurtengoa, lan baldintza prekarioak zein lan istripuak salatzeko manifestazioa deituko den bigarren urtea da. Iaz, Bederatzien sugarra garraxi bakarra lelopean deitu genuen mobilizazioa, eskualdean hil ziren bederatzi langileen omenez. Aurten, Itzalitako argiek piztuko dute sua leloa erabiliko dugu eta beste datu bati egingo diogu aipamena.

2018. urtean, 68 langile hil dira Euskal Herrian, edozein eratako lan istripuen ondorioz. Ikaragarrizko zifra da hori.  Are larriagoa da 2000. urtetik gaur egunera arte gure lurretan hil diren langileen kopurua: 3.000 langiletik gora hil dira urte horretaz geroztik. Amets gaiztoa dirudien arren, eguneroko beharra heriotzaren giltza bilakatzen da sarritan, ekoizpen kostuak murriztearen arrazoipean langileen gutxieneko segurtasun baldintzak murrizten baitira. Presaka egitera behartuak gauden garraio lanetan izandako istripuak, ekoizpen erritmo ezin azeleratuagoen ondorioz heriotza dakarten “hanka sartzeak” tailerretan, obretan segurtasun baldintza kaskarren ondorioz izaten diren istripuak, lanera bidean izandako ezbeharrak eta abar amaigabe bat zenba dezakegu. Lanpostuan edo honen eragin zuzenean izandako ezbeharren artean heriotza oso presente dugun errealitatea da. 

Gertaera horiekin batera, langile garenok behartuta gaude eguneroko ogia zaizkigun beste hamaika eraso eta zapalkuntza jasatera: estresa, lehiakortasunaren inposizioa, kontrol teknikoa, soldata jaitsierak, lan kaleratzeak, aldi baterako lanaldiek dakarten ezegonkortasuna, astearen araberako ordutegi aldaketak, bezperan edo egunean bertan eskatzen dizkiguten aparteko lan orduak… Enpresariek dena justifikatuko digute ekoizpen arazoak aitzakiatzat hartuta edota lantegiaren ustezko egoera kaskarraren ondorioz. Modu horretan, nagusien ezintasunak zuzenean jasaten ditugun subjektu bakarra bihurtzen gara. Betiko leloa: langileria da ezbehar ororen erruduna.

Langileon bizi baldintzak zein ezbeharrak ezin genitzake lanpostuetara zein lantegietara mugatu, bizitzaren eremu guztietan eragiten baitigu soldataren dinamikak. Horren erakusle diren dozenaka adibide ditugu egunerokoan: baldintza ezin kaskarragoetan gure familietatik urruntzea lanpostua bilatzeko, ezintasunak etxean, murrizketak pentsioetan, familia koordinatzeko arazoak, sexuen araberako lan banaketa eta segregazioa, aisialdirako denbora ororen ukapena, ikasketak ordaintzeko baldintza eza… Geroz eta bakartuagoak aurkitzen garen gizarte batean laguntza kolektiboa izateko arazoak, finean. Aipatutakoak gure arabera moldatua izan ez den gizarte batean bizitzea egokitu zaigunon baldintza sozialak dira, bizitzaren osotasuna zeharkatzen dutenak, gazte- gaztetatik zahartzarora arte.

Guzti honekin nahikoa ez, langileon bizi baldintzen etengabeko beherakada batean aurkitzen gara 2007ko krisi ekonomikoaz geroztik gutxienez, eta mundua gobernatzen duten instituzio ekonomiko-politikoak (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala …) ohartarazten ari zaizkigu 2021. urtean munduko ekonomiaren krisialdi garai berri batean aurrean aurkituko garela. Baina inork ez dizkigu adierazten ekonomiaren porrotaren zergatiak zein diren, errudunik eta irtenbiderik ez balego bezala.

Errealitatea estutzen ari zaigu etengabe, eta, egunez egun, biderkatzen ari da langile garenon batasunaren premia. Elkartasunez eta kolektiboki erantzutea da gure aterabide posiblea, behin eta berriro erakutsi dugun moduan.

Horren adibide dira azken krisialditik gaur egunera arte langileon elkar laguntza oinarri antolatu diren hamaika ekimen herritar, zimendu sendoak jartzen ari direnak langileon zoruan. Asko dira azken urteotan bizi eta ezagutu ditugun langileriaren antolakuntza esperientzia positiboak: etorkin eta errefuxiatuen babeserako mugimenduak, emakumeen autodefentsa dinamikak, ikasle autodefentsa sareen eraikuntza institutu zein unibertsitateetan, gaztetxeen eta gazteen auto-antolakuntza esperientzien biderkatzeak, pentsiodunen borroka nekaezina, orotariko erasoen aurrean lanpostuetan egindako lan sindikal…Uste dugu langileria osoaren defentsa biderkatzeko lanean jarraitzea guztion zeregina dela, elkar babesteko antolatzea bizitza ulertzeko modu berri bat baita bere horretan. Aurrean dugun errealitatea borrokatzeko ezinbestekoa da langileon arteko batasuna.

Horrenbestez, abenduaren 30eko mobilizazioan parte hartzera animatzen zaituztegu, langileon heriotza berriro ere eguneroko ogia izan ez dadin.