Si queremos cargar esta expresión con todo lo que ha sido dicho, diremos que es el “el círculo de la reproducción del Estado en sus funciones de instrumento al servicio de la reproducción de las condiciones de la producción, por consiguiente, de la explotación, de las condiciones de existencia del dominio de la clase explotadora” lo que constituye, en sí mismo, la gran mistificación objetiva.

 

Louis Althusser

 

Behar baino laburragoa izango naiz artikulu honetan, izan ere aukera edukiko dugu post gehiagotan gai mamitsu honen inguruan sakontzeko. Estatu berrien eraketa eztabaida politikoaren erdigunean dugu hilabete hauetan Katalunian, 78ko konstituzio post- Frankista oinarri duen estatu Espainiarraren batasun sakrosantikoa baitago kolokan, gaurkoan Kataluniako gobernuko 8 kontseilari kartzelaratuak izan direlarik. Honez gain, Puigdemont presidenteak atxilotze agindua du, eta epaituen lista handituko delakoan gaude. Estatu parlamentario burges bat hausten saiatzearen kostuak, eta oraindik ere hasi besterik ez den gatazka politiko batean gaude murgilduak.

Gai berdinari jarraiki eta memoria eginez, mende bat da iada industria langile, nekazari zein soldaduen komite iraultzaileek estatu aparatu demokratikoa zein zarista txikitu eta kontseiluen (langile asanbladen) forma politikoa eratu zutenetik, mende erdi bat lehenago altxatu zen Parisko komunaren gizarte antolaketa ereduari jarraiki. Ehun urte dira ere estatu aparatu berriaren, Sobietar Batasunaren, koordinatzaile nagusiak bere liburu (gida) nagusietako bat argitaratu zuela, Boltxebikeen altxamendu iraultzailea prestatu bitartean idatzitakoa. Leninen estatua eta iraultza liburuaren inguruan ari naiz hitzegiten, Karl Marx pentsalariak Parisko Komunaren gaineko ikasketak eredutzat hartuta klase antagonismoa gaindituko zuen gizarte antolaketa eredua enseatzen zuelarik bertan.

 

Sarri definitu izan zuten bai Marx eta baita Leninek ere estatua aparatu eta makina terminologia erabilita, hots, klase dominaziorako aparatu eta makina berezia da estatua. Estatua gizartearen barruan zein era berean honen gainetik edifikatzen den antolaketa politiko bezala definitu dezakegu, bere forma modernoan (Maquiavelok estatu terminoa lehen aldiz erabili zuenetik) botere hirukoitz separatu eta era berean banaezin batez osatua. Botere legegilea (parlamentua, oro har) , judiziala zein betearazlea dira estatu modernoaren estamentu nagusiak, autonomia kontsezio formala badute ere banaezinak direnak praktikan, begiratu bestela Espainiar estatuaren edifikazioa. Dominazio eredu konkretu bat bermatzeko sortutako aparatua dugu estatua, baina , zertan datza estatu kapitalistak babesten duen erlazio soziala? Jabetza pribatuan oinarria duen gizarte antolamenduaren inguruan ari gara, noski, merkantzien ekoizpenean oinarria duen fundamentu soziala, balioaren eraketaren bitartez fundamentatua, balio erantsia (gainbalioa), etekin pribatua (indibiduala). Estatu aparatu modernoa (Frantziako iraultzaren aitzitik jaioa), ekoizpen eredu zein erlazio sozial konkretu bat dominazio modura egituratzen duen tresna dugu beraz, erlazio sozial eta antolamendu politikoa bat bestearekin lotuta daudelarik funtsean. Erlazio sozial konkretu bat gutxiengo baten etekinean bada oinarritua, sozialki minorian den elite honek duen indarra egonkortu beharko du aparatu administratibo sendo baten bitartez, botere burgesa edifikatuz, bere forma politikoan (estatua).

 

Ezin gara nahastu halere, aparatu publikoa ez baita hiritar guztien ongizatea bermatzeko egituratzen den antolaketa forma, botere burgesa gaindituko duen gizarte antolaketa eredua (sozialismoa, komunismoa) ezin baita ekoizpen eredu kapitalistaren baitan egituratu. Mekanikoa dirudien arren, ukapen/gaindipen logika bat du atzetik, aparatu administratiboa burokrazia bitartez antolatzen den aparatua da, bere estamentu guztiak dominazio kapitalista bermatzeko egituratzen direlarik, forma ahulenetatik (zerbitzu publikoak, hezkuntza…) aparatu errepresibo gogorrenetara (polizia, armada, kartzelak…). Estatu kapitalista gainditzeko beharrezkoa da logika soziala txikitu eta berri bat eratzea, balioaren logikaren menpe egongo ez dena, horri dagokion eredu politikoa (ez betierekoa, salbuespenezkoa, Komuna- sozialista) eraikiaz.

 

Sakonduko dugu gai mamitsu honetan, hala ere ez dut uste eskema mekanizistak (positibistak) jarraitzeko denborarik dugunik, zapaltzen gaituzten horien jokoetatik atera beharrean gaude.  Botere forma burgesetik ahalik eta gehien banatzea da proposatzen duguna, jabetza pribatua txikituaz eta horizontalki edifikatuko diren harreman komunitarioak eraikiaz. Sozialismoa ez delako egun eratuta dagoen aparatuaren kudeaketa hobea, berau egituratzen duen dominazio forma txikitzea ahalbidetzen duen aginte berria baizik.