Euskararen nazioarteko eguna gaur omen dela eta, aukera baliatu nahi nuen gure hizkuntzaren gainbehera eta horren aurrean egiten diren kanpainen inguruan iritzia emateko. Ideia guztiak ongi ordenatu gabe izateak eta auziaren inguruko hari-mutur guztiak argi ez izateak ez dit utziko nahi nukeen zehaztasunez idazten edota soluzioak eskaintzen. Alabaina, hausnarketa honek balio beza ondorengo beste batzuei bide emateko, eta jendeak ikusteko ohiko bertsio ofizial eta iritzi politikoki zuzenez gain, badirela euskararen auzia beste klabe batzuetan ulertzen dituztenak ere.

Hasteko, hizkuntzen inguruko argibide labur bat eman nahi nuke. Izan ere, munduan hainbeste hizkuntza badaude eta izan badira, beste hainbeste bizitzeko modu eta mundua ulertzeko modu existitu izan direlako da, nire iritziz. Mende batzuk atzera, gizatalde bakoitzak izango zuen bere hizkuntza; are gehiago, gizatalde bakoitzak izango zuen bere kultura, hitza zentzurik zabalenean ulertuta, eta kultura bakoitzak bere hizkuntza. Hortaz, hizkuntza ezin uler genezake, nire ustez, komunikatzeko bide soil moduan; ez baitziren existituko hainbeste hizkuntza funtzioa komunikatzea bakarrik balitz. Hizkuntza bakoitza gizatalde edo komunitate bakoitzarena izango zen, kultura oso bat eta horren elementuak barnebiltzen zituen kode bat, nolabait esateko; gizatalde edo komunitate horren kulturarena propioa izango zena. Ez da kasualitatea, adibidez, eskimalek kolore zuriaren tonu ezberdinak izendatzeko hitz ugari izatea eta euskaldunok ez.

Denborarekin, kultura gehienak beste batzuekin fusionatzen, edo batzuek besteak azpiratzen, edo besterik gabe edukiz husten joan dira, kultura propioaren elementuak galduz eta kultura handiago baten edo kultura globalaren elementuak txertatuz. Prozesu hori beti komunitatearen harreman eta egoera politikoari hertsiki lotuta egon da. Gaur egun, nire ustez, euskaldunon komunitatea honako egoera honetan dago: bere kulturaren elementu ugari galdu ditu eta Espainiako nahiz Frantziako kulturen zein kultura globalaren elementu asko bere egin ditu. Tendentzia, gainera, elementu propioak galtzen joatekoa eta, batez ere, kultura globalaren elementuak bere egitekoa da. Izan ere, aurrez esan bezala, politikak determinatzen ditu joera horiek guztiak.

Ez dut Euskaraldian sinetsi duten eta horren alde azala eman dutenen aurkako kritikarik egingo inondik inora. Ekimenak zuen kutsu instituzionalista eta despolitizatua usaindu orduko erabaki nuen hortik urruntzea, baina ahalegina egin dutenei eta euskara arrotza zen lekuetan hitz egitea lortu dutenei zorionik beroenak opa dizkiet. Planteamenduak berak, ordea, zentzu gutxi du nire ikuspegitik. Erakunde publikoek sustatua eta finantzatua izateak salatzen du ekimenaren perspektibarik eza. Aurretik aipatu dudan moduan, hizkuntza kultura jakin bati lotua dago hertsiki, eta hura gabe ia alferrekoa dela deritzot; hori txoriari hegoak ebakitzea da. Gaur egun, oro har PNVk bultzatzen duen euskal kultura erabat folklorikoa eta banala da, ia edukirik gabea. Eta bultzatzen duen euskarak gutxieneko etekin politiko eta ekonomikoak ematen dizkio, bestela ez zukeen bultzatuko; hori argi eduki behar dugu. Euskara bera erabat merkantilizatzea lortu da (ez PNVk bakarrik), eta gainera, gehienetan kultura globalaren elementuak euskaraz eskainiz. Eta euskara bultzatzea (Euskaraldia moduko ekimenen bitartez) eta aldi berean euskaldunon komunitatea kultura globalean integratzen saiatzea, MTV salatu eta EITBn gauza bera ekoitzi edo ikustea bezain kontraesankorra  eta absurdua da.

Nire ustez, kultura globalaren elementuak geureganatzen joatea alde batetik, eta gure kulturako elementu propioak merkatuko produktu bilakatzea (truke balioa ematea) bestetik, geure hondamendia eraikitzea da, eta ari da izaten. Eta, oso oker ez banago, bi gaitz horiek antzeko jatorria dute: bizi eredu kapitalista.

Aurretik ere aipatu dut eta hizkuntzen eta kulturen harremanak eta etorkizunak politikak determinatzen ditu. Beraz, argi izan behar dugu borrokatu beharrekoa politikoki borrokatu beharko dugula, eta eraitsi beharreko etsaia politikoki eraitsi.