“La desvalorización del mundo humano crece en razón directa de la valorización del mundo de las cosas.” Karl Marx

 

Desjabetuok kondenatuta gaude. Ni, zu, gu guztiok. Gure burua merkantzia bilakatu eta lan indarra saltzera kondenatuak gaude geure burua birproduzitu ahal izateko. Gure kateak ekoiztera behartuak, bihar ere kateak ekoiztu ahal izateko. Hori da gure baldintza, gure kondizioa.

Ez dugu gure bizitzaren gaineko kontrolik. Erabakitzeko ahalmenik. Kapitala den makinaria erraldoi horren pieza txiki eta deuseztagarriak gara. Txikiak, zaurgarriak eta deuseztagarriak. Atomizatuak, dispertsatuak eta isolatuak gure artean, merkantziaren eta truke balioaren mediazioaren bitartez harremantzen gara. Ez dakit harreman deitzea merezi duenik ere.

Zentzua inbertiturik dago, alderantziz. Gu, gizakiok, gauza bilakatu gara, eta gauzak (merkantzia hobe esanda) izaki bilakatu dira. Gauzak subjektu eta gizakiok objektu. Gu bitartekoak gara, eta gauzak helburu. Badirudi ez duela zentzurik, baina badu. Kapitalaren logika da. Bizitzaren esparru guztiak, alor sozial oro dago zeharkaturik logika honetaz. Atera hor kanpora eta saiatu truke balioak zeharkaturik ez dagoen zerbait aurkitzen. Zaila suertatuko zaizu ez baduzu naturara ihes egiten.

Jendea ikusten da baina ez dago jendarterik, gizadia ez da existitzen. Hau merkantziaren mundua da. Hori da dagoena.

Pesimista ala errealista? Agian biak. Ahalko nuke amaitu esaten proletalgoa historikoki determinatuta dagoela kapitala eta soldatapeko lanaren arteko antagonismoa gainditzera. Ekoizpen eredu kapitalistak dirauen heinean, burgesia ezinbestean beharturik dagoelako esplotatuko duen subjektu soziala ekoiztera, honetatik gainbalioa atera eta bere burua erreproduzitu ahal izateko. Eta kontrara, proletalgoaren patua klase jendartearekin amaitzea dela. Proletalgoak soilik emantzipazioa lortu baitezake baldin eta ekoizpen eredu kapitalista eta honen gainean eraikiriko ordenamendu burges guztiarekin akabatzen badu.

Baina gaur ez dut hori esateko gogorik. Ez. Esan badut ere.

 

 

Harrika