Duela 58 urte, azaroaren 25 batean, Dominikar Errepublikako diktadore Rafael Leonidas Trujillok hil zituen erregimenaren aurkako militante sutsu ziren Maria Teresa, Patria eta Minerva Mirabal ahizpak. Urte ugari pasa dira, baina egun, oraindik ere, emakumeon aurkako indarkeriak oso presente jarraitzen du mundu osoko emakumeon egunerokotasunean. Urrutira joan gabe 7 dira urte hasieratik Euskal Herrian erailak izan diren emakumeak.

Gaurko egunez han eta hemen entzungo ditugu emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko aldarriak zein honen adibiderik gordinenen kontakizunak. Baina ezin ahaztu indarkeria emakumeon  eguneroko ogia dela, Euskal Herrian zein mundu osoan zehar indarkeria gure bizitzako esparru guztietan ematen dela. Argi izan behar dugu egiturazko arazo baten aurrean gaudela, egunero ematen direla indarkeria kasuak eta hauek oso forma ezberdinak hartzen dituztela gure gorputz nahiz bizitzetan. Beren gorputza saltzera behartuta dauden emakumeen kasuak, publizitatea, lan baldintza prekarioak, kalean jasaten dugun etengabeko jazarpena, beldurra… eta noski, biolentzia honen aurpegirik gordinena erakusten diguten erailketak zein sexu erasoak horren adibide garbi direlarik.

Testuinguruari erreparatzen badiogu, argi eta garbi ikusten dugu eraso hauek ez direla gertaera isolatuak edo arazo indibidualen ondorio. Baizik eta gizartearen egituraketa bere osotasunean dela honen erantzule. Sarritan komunikabideetan eta sistemaren marko propioetatik eman ohi den indarkeriaren “definizio”tik aldendu eta argi esaten dugu egiturazko arazo baten aurrean aurkitzen garela. Sistema kapitalistaren barnean gure arteko harreman sozialak oso modu konkretuan egituratzen dira, honen baitan botere eta indarkeria forma oso zehatzak artikulatuz. Izan ere, sistemak bere biziraupena bermatzeko ezinbestekoa du biolentzia eta zapalkuntzen existentzia, eta batez ere, legitimazioa. Lehen aipatu bezala, arazo estruktural honek gure bizitzak eta gorputzak etengabe baldintzatzen ditu, bere formarik gordinenean eraso zuzenetan materializatzen edo gorpuzten den arren, eraso puntual hauek (beren larritasuna ezbaian jarri gabe noski) ez baitira gizartea bere osotasunean zeharkatzen duen problematika honen isla bakarra. Hau honela, esan dezakegu, sistema honen garaipenetako bat egitura honen eta berau sostengatzeko ezinbestekoa den ideologia patriarkalaren naturalizazioa dela. Biolentzia legitimatzen duen egiturak biolentzia legitimatzen duten subjektuak beharko baititu nahitaez, eta horretarako bere mekanismo guztiak jarriko ditu martxan etengabe moldatuz eta perfekzionatuz indarkeria ohiko bihurtu arte. Honen guztiaren adibide dira, gizartearen egitura indibidualista, gaur egungo kanon estetikoen inposizioa, bikote harremanen egitura, lan banaketa sexuala, feminitate patriarkalaren kanonak jarraitzeko derrigortasuna, etab.

Marko juridikoak dauka “erasoa” kategorizatzeko gaitasuna, zein den eraso eta zein ez   izendatzeko gaitasuna, beraz, arau juridikoak sekula ez ditu eraso guztiak barne bilduko, eta noski, instituzioetatik ematen diren aldaketek nekez ahalbidetuko dute errotiko aldaketa. Honela, justizia sistema ideologia dominatzaileak determinatuko du eta ideologia honen baitan eraikitzen dira sujetuak, eta baita eraso hauen aurrean eraikitzen ditugun borroka markoak ere. Beraz, harreman berriak eraikitzerako bidean errealitatea pentsatzeko ditugun egiturak eta kategorizazio eta definizioak ere berpentsatu egin behar ditugu.

Honenbestez, ozen esaten dugu: Emakumeen aurkako indarkeria legitimatzen eta ahalbidetzen duen sistema hau irauli eta bere barnean garatzen diren indar eta boterean oinarrituriko harreman sozialak errotik aldatzea ezinbestekoa da. Indar harremanetan eta biolentzian oinarrituriko gizarte honekin amaitzeko beharrezkoa baita harreman sozial berriak eraiki eta hauen garapena ahalbidetuko duten baldintzak sortzen jarraitzea. Eta guztioi dagokigu arazo honen dimentsioaz eta erroaz jabetu eta gure egunerokotasunean gizarte eredu berri baten oinarriak jartzen hastea.

Horretako, behin eta berriro, elkartasun harremanak sortzearen eta autodefentsaren eta hau ahalbidetuko duten egiturak antolatzearen garrantzia aldarrikatzen dugu. Horregatik, Azpeitiko Gaztetxetik emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzeko
aldarri irmoa egiten dugu eta baita egun honen harira herrian Basanderiek talde feministak antolaturiko ekintzetan parte hartzeko deia luzatu ere.

Emakumeon aurkako indarkeriari ez!