Gaurko honetan hausnarketa propioak azaleratzeko gabezien aurrean aurkitzen naizela eta, gomendio batekin natorkizue. Izan ere, duela gutxi Euskal Herriko militantziari tresna berriak eskaintzeko helburuarekin blog berri batek ikusi zuen argia, duela hilabete hain justu: ITAIA, Emakume Sozialisten Sarea.

Bertako kideek argi adierazi dute euren asmoa emakume langilearen askapen prozesua hauspotzera begira kontuan izan behar diren auzien inguruko eztabaida sortzea dela, militanteak hausnarketara bultzatuz eta langile klaseko emakumeek bizitzen duten esplotazio forma zehatza identifikatu, ezagutu eta gainditzea helburu izango duen jarduna sustatuz.

Horretarako, blog hau gure bizien botere osoa eskuratu nahi dugunoi, emakume langileok inpotentziara kondenatzen dituzten bizi baldintzak  eta esplotazioa borrokatu eta hauekin errotik bukatu nahi dugunoi… zuzentzeko beharra ikusi dute. Motzean esanda, iraultza sozialista gauzatzeko konpromisoa dugunoi.

Posizio garbi batetik abiatzen dira beraz, iraultza sozialista ipar izanik eta norbanakoaren askatasuna kolektiboarenarekin soilik gauzatu ahal izango dugula esanez. Genero problematika lantzeko, euren langile izaera hartuko dute abiapuntutzat, ikuskera integralean lan egingo duen jarduna sustatuz.

Gaur egungo panorama ikusita guztiz eskertzekoa da puntu hauek mahai gainean jarri eta egiten dituzten lanketak modu honetan plazaratzea, komunismoa edota langile klasearen perspektiba aipatze hutsak euren burua sozialistatzat dituztenen besaulkiak dardaraz jartzen dituzten honetan.

Militante iraultzaileoi, guztiz lagungarria egingo zaigu honelako hausnarketak militantziaren eskutan jartzea, geuk ere eztabaidatu eta aurrera begirako jardun politikoa garatu dezagun. Hau guztiagatik, doakizuela egunero sozialismoaren alde lanean ari garen guztion babesa, esker ona eta borrokarako grina. Egin dezagun bidea elkarrekin.

Bejondeizuela!