Hil zinen. Kostata, egia esan. Eta zurekin batera aro bat itxi eta beste bat ireki omen zen. Trantsizioa zuen izena eta Demokrazia abizena.  Ez zinen esku hutsik joan, ordea. Gainean, milaka hildako, milaka erbesteratu, milaka atxilotu, milaka desagertu, milaka errepresio kasu, milaka zauri, milaka min…

Gaur ezin nuen beste ezer idatzi. Gaur zuri buruz idatzi beharra nuen. Milaka mila horiek egin zenituen eta milaka jarraitzaile utzi zenituen, dituzu. Zure oinordekoak gaur ere atera dira kalera, zuk eginikoa goratzera. Baina lasai, oso normala da bizi garen toki honetan zuk eginikoa goratzea. Eta gainera, ez da ezer gertatzen. Hori bai, zure kontra eginez gero orduantxe arazoak.

Orain zure gorpuarekin zer egin bueltaka dabiltza. Beti zu eta zuk utzitako itzala. Ez zara hil, bizirik zaude. Duela 43 urte joan bazinen ere, guztiok dakigu nor izan zinen. Eta duela 43 urte joan bazinen ere, zure arrastoa inoiz baino biziago dago. 43 udazken pasa dira, euri asko egin du orduz gerotik, zuk eginiko pantanoek hitz egingo balute…

Duela 43 urte aro berri bat ireki zela diote, Trantsizioa zuen izena eta Demokrazia abizena. Askatasuna iritsi zela saldu ziguten . Abizena zuen demokrazia horrekin dena sendatuko zela. Baina lasai, 43 urteren ostean askatasun grinez jarraitzen dugu. Gauza gutxi aldatu dituzte zure oinordekoek. Erregimen ankerretik demokrazia ustelera pasa gara. Estatuaren makinariak lanean jarraitzen dute. Joan zinenean gauzak hobetu omen ziren. Baina gauza gutxi hobetu direla esatera ausartzen naiz. Lehen fusilatu egiten zenituen, orain etxeetatik kaleratzen gaituzte. Lehen, zure kontra egiteagatik kartzelaratu egiten zenituen. Orain, zure kontra egiteagatik kartzelan sartzen gaituzte. Lehen, milaka persona erbesteratu zenituen. Orain, muga pasatzera ere ez gara iristen, deportatu egiten gaituztelako. Lehen, torturatu egiten zenituen. Orain, torturatu egiten gaituzte. Jarraituko nuke, zerrenda luzea baita. Baina inork baino hobekiago dakizu zer utzi zenuen.

Gaur zure kontra eta zuk utzitakoaren kontra egin zuten eta egin duten guztiei eskeintzen diet artikulua. Maravillasentzat, Brouard eta Muguruzarentzat, Txiki eta Otaegirentzat, Txabirentzat, attite eta amamantzat,abuelo eta abuela guztientzat, Celestinorentzat, Luciorentzat, 13 larrosentzat, Mari Luzentzat, Javierrentzat, Catalinarentzat, Germanentzat, Aureliarentzat,Gurutzerentzat, Mahmudentzat, Sambarentzat, Alcalan, Aljezirasen, Aranjuezen, Puerton eta ehundaka kilometrotara daudenentzat, Altsasukoentzat.

Eta nola ez, gaur egun borrokan dabiltzan gazte guzti horientzat. Zuk utzitako erregimen anker eta demokrazia ustelaren kontra borrokan jarraitzen duten guzti horientzat. Faxismoa ez zelako zurekin desagertu. Baina desagerraraziko dugu.

Besterik gabe, ea behingoz benetan hiltzen zaren. Bide batez, Jose Antoniori goraintziak. Fxismoarekin batera doan Falangismoa ere akabatuko dugulako.