Jendeak ez du beste gairik ahotan. Kalean ez da beste ezertaz hitz egiten. Ez dago beste albisterik telebistako kate guztietan. Ourenseko ufologoek  aurkitu duten murtziako lehen izaki bizidunaren ahotan ere ba omen dabil. Gertaera honek ekialdeko zentro budista bateko aldizkariko lehen orria bete du eta eskimalek orri hori erabiltzen dute beraien igluak apaintzeko (hotz gutxiago pasatzen omen dute horrela…). Globalizazioaren azken ondorioak besterik ez dira. Ipar Amerikako botere politikoa urduri dago eta jada hasi dira kartzela berriak eraikitzen Madagaskar eta Mozambike tarteko Mayotte irlan. Ez dakigu zer pasatuko den, agian Txirrita berpiztuko da (dirudienez idazten ikasi du), agian klima aldaketa geldituko da (urtutako glaziarrak berriro izozten hasi direla esan dute goizean), 1 zenbakia zenbaki irrazional bihur daiteke (!). Izugarria benetan. Horren guztiaren aurrean, guk, badaezpada ere, ozen oihukatu behar dugu jazoera hori: “kontu lepo bloga sortu debela!”.

Zabaldu da egun guztietan artikulu bat igoko dutela blogera, asteburuetan izan ezik. Batzuk musikaren inguruan hitz egingo omen dute, besteek elkarrizketak egingo dituztela esan dute, eta ba omen dago egunerokotasuneko zenbait gertaeren inguruen hausnartuko duenik. Egungo gizartean ez dago oso modan pentsatzea eta ez dakigu zergatik hasi diren gazte hauek buruari bueltak ematen. Gauzen egoera zalantzan jartzeak bere ondorioak izaten ditu… Normalean hobe izaten da errutinaren erritmoari jarraitzea. Egutegiaren lauki zuzenaren barrutik ez irteteko agintzen du barne-poliziak; hortik kanpora dena da mugimendua, dena da bilakaera, dena da ezegonkorra, aldakorra, latza, gogorra, grisa, ulertezina, kaosa, beltza, zuria, ezereza, aldapatsua, deserosoa, pisutsua, gogaikarria, materia hutsa. Hori guztia omen dute jomuga. Mingainean bala bat beti eta burmuinean kolpekari edo gatilloa. Eman diezaiogun aukeratxo bat (pertsona normalak bezala janzten omen dira).

Kontu lepo, beraz. Barruan erre egiten duten eta kanpoan beti ongi etorriak ez diren hitzen eszenatokia; botaka etiko-politikoen komun zuloa; ongiaren eta gaizkiaren gainetik dagoen egunkari haginkaria; zerutik urrun, lainoen azpitik, lurrean etzanda izar handiak ikusten saiatzen diren gizagalduen taberna.

Sar eta irakurri errealitatearen alde iluna: kontulepo.eus