Azken asteotan konturatu naiz kafea gauza preziatua dela gehienontzat. Izan esnatzeko, espabilatzeko edo ohitura hutsagatik hartzeko. Kafe makinaren falta eta horren beharra agerian gelditu dira biziberritutako gaztelu zaharrean. Izan ere, zenbaitentzat ez da atsegina udazken goizetan kafe berorik gabe esnatzea. Eta ez da gauza goxoa larunbat goizez hala moduz  (esaterako, filtroa lapiko batean jarrita) egindako kafea edatea. Hori nabaritu nion Kalekatu bati lehengoan. Azkenean, kaleko kafea hartu behar.

Kaleak egiten gaitu, eta kalean egiten gara. Kaleko jardunak eragiten digu, baina guk ere jarduten dugu eta eragiten dugu. Bi modutara eragin daiteke: zikin edo zintzo jokatuta. Baina ezinbestekoa da jokatzea. Kalean egotea ezinbestekoa da. Jendearekin hitz egitea eta bizipenak lehen pertsonan kontatzea. Garrantzitsua da jendea hausnarketara gonbidatzea. Eta gogoetari ondo ematen dio kafeak.

Kafe grinez egonagatik, azken asteotan ohartu naiz kafe asko utzi ditugula hartu gabe. Eta kafeak izan dezake politikotik. Babes soziala egituratzeko zimentua izan daiteke kafea. Eta da. Betiere asmoa hori bada. Horregatik, datozen egunetan har itzazue kafeak harekin eta bestearekin. Lagunekin nahiz lagunen lagunekin. Nahi duzuenarekin. Baina hitz egin. Batzuen ezintasuna arma politikoa den gisa, eragiteko tresna izan dadila krisiaren seme-alabon hitza.

Itzuleran kafe mordo bat egingo ditugu gure sukaldean, eta nahi bezalako geroa prestatuko dugu. Bor-borka. Eta denok egosiko dugu zerbait gutxi batzuk dena egos ez dezaten. Iraultza gure etxeko sukaldean hasiko da. Eta ordurako, ez da kafe beharrik izango, deskafeinatu gabe jarraitzen badugu, behintzat.

Ostiral arratsaldez-gauez (ere) kafe bat hartzeko eta testu sakonagoa idazteko denborarik ez duen Orrazirik gabeko lamia.