“Jaurlaritzak bere lehiakortasuna bermatzeko ez dizkio armagintza sektoreari diru laguntzak ukatuko. Gerraren industriak onurak ekartzen ditu Euskadiko familia askorentzat.” Karmelo Sainz de la Maza (Jose Antonio Ardanza lehendakariaren bozeramaile izandakoa)

Gaurkoan gerraren inguruan arituko naiz labur bada ere. Izan ere, ugari dira errefuxiatuen aldeko kanpainak gure inguruan, eta denoi astintzen digu kontzientzia telebistan gerrako irudi gordinenak ikusteak. Baina gerra gu uste baino gertuago daukagu, eta errefuxiatuen aldeko hitzak hipokresi huts bilakatzen dira errefuxiatuak zerk eragiten dituen eta guk horretan zenbaterainoko ardura daukagun ohartzen ez bagara.

Liburu batean oinarrituta hainbat datu aipatzea da nire asmoa, horrek nire ustez nahiko oker bideratutako kanpainak (“Ongi etorri errefuxiatuak” etab.) birpentsatzen lagunduko duelakoan. Argi dago errefuxiatuak gure herrialdeetan hartzea ezinbestekoa dela etika kontu hutsagatik bada ere, eta horretan ardura handiago eskatu behar diegula gure agintariei. Alabaina, ezin da ahaztu zerk eragiten dituen errefuxiatu horiek.

Armagintza: gerra ona da negozioentzat. Gure negozioa gerra da izeneko liburua irakurri berri dut eta hortik jasotako informazioa eta hausnarketak helarazi nahi dizkizuet. Izan ere, liburuan arma enpresei buruzko informazioa datorkigu, 100 enpresa dira gaur egun Euskal Herrian nolabait armagintzarekin zerikusia dutenak (bakarren bat ez zaigu oso urrunekoa egingo agian…). Gehienak diru publikoz lagundutako enpresak dira, hau da, gure zergetatik jasotako dirua armak egiteko erabiltzen da, gero jendea hiltzeko. Enpresa hauek Espainiako ejertzitoari armak saltzeaz gain nazioartera esportatzen dute, eta batez ere krisiaz geroztik, gure ekonomiaren sostengu nagusietako bat bilakatu dira.

Enpresez gain, unibertsitateek ere industria militarra elikatzen dihardute. Euskal Herriko Unibertsitate publikoa nahiz Mondragon unibertsitateak dira horren adibide; biek hala biek arma enpresei zuzendutako ikerketak burutzen dituzte. Enpresa horiek unibertsitateen ikerketarako gaitasunaz baliatzen dira, horretarako dirua jartzen dute eta ordainetan beren ekoizpena hobetzeko ikerketak egiten dituzten unibertsitateek. Bai; gure EHU publiko maiteak eta Mondragon unibertsitateak arma hobeak fabrikatzeko lan egiten dute, jendea errazago eta azkarrago hiltzea lortzeko.

Pentsatzekoa den moduan bankuak eta aseguru-etxeak ere ez daude saltsa honetatik salbu. 2008ko krisiaz geroztik arnasbide handia izan da horientzat ere armagintza. Gaur egun, Espainiako arma enpresen zorraren ratioa %73koa da bataz beste; hau da, lau armetatik hiru ez ziren existituko mundu osoko arma industriak bankaren eta aseguru-etxeen babesik ez balu. Ez dut uste esan beharrik dagoenik baina dudarik bazen ere gutako gehienon Kutxabank ere tartean dago, eta ez da rankingean azkenetarikoa…

Datu askoz gehiago eta zehatzago azaldutakoak ageri dira liburuan, 40 orri inguru ditu eta erraz irakurtzeko modukoa da (interneten ere eskuragarri dago: bagaudia.noblogs.org).Irakurri beharrekoa beraz, instituzio eta agintariei errefuxiatuen inguruko ardurak eskatu aurretik badugu zerren ardurak eskatua. Gerra munduko negozio nagusienetakoa da, eta gu horren onuradun eta konplize.