Inguratzen gaituenaz

 

Considerad lo oscuro y el gran frío

de este valle que resuena de lamentos.

Bretch

Inguratzen gaituena ikusten dugu eta ikusten dugunak inguratzen gaitu, honez gain, badira ikusten ez ditugun elementuak ere, sentimendu eta sentsazioen esferan kokatzen ditugunak. Etengabe esperientzia estetikoak bizitzen dihardugu, etengabe irudiak sortzen eta jasotzen. Eta hauek guztiek osatzen dute gure mundu-ikuskera, bizi dugun gizartea antzemateko eta bizitzeko dugun modua. Beraz, harreman honetan ez dago elementu neutrorik, ez dago ausazko erabakirik, ez dago subjektibotasunik. Historiak erakutsi digu mundu sentsoriala ez dela subjektiboa, honen gaineko kontrola izateko arrazoiaren esferan kokatu behar dugula eta arrazoia objektiboa dela. Honek zer esan nahi du, arrazoiketa objektibo hauek marko burgesean sortu diren heinean ez dutela neutraltasunik.


Etengabe irudiak jasotzen ditugu. Baina zer da irudi bat? Irudi bat ez da pertzepzioaren ondorio soil bat, eraikuntza sinboliko bat da. Gizarte konkretu batek eta momentu konkretu batean produzitzen eta kontsumitzen duena, eta sinbolizazio kolektibo edo pertsonal baten ondorio izan litekeena.

Espazio territorial konkretu batean kultura konkretu bat sortuko da, eta kultura honek determinatuko ditu inguratzen gaituzten beste hainbat elementu. Izan ere, estetikak gorputza eta gainontzeko topiko politikoak lotuko lituzke (estatua, produkzio modua…) eta hauen baitan egituratuko da gizartea. Gure herrian adibidez azken urteotan ostegunetik igandera kalean sortu den dinamikak irudi kolektibo oso konkretu bat sortu eta birproduzitzen du. Herriko errealitate baten egunerokotasunak kaleak hartzen ditu. Bakoitza bere kuadrilarekin, poteatzen, hitz egiten… gure kolektibotasunaren, baina batez ere, geure izatearen erakusleiho bihurturik. Baina hau ere ez da ausazkoa. Guk uste baino elementu gehiagok hartzen dute parte ustezko aisialdi momentu horretan. Gure arropa, gure mozkortzeko beharra, gure egoera ekonomikoa, gure asteko egunen egitura, etab. Bere aldetik, badirudi azken urteetan herria ere horretarako egituratu dela, bertan arratsaldea pasatzera gonbidatzen zaituen plaza eraberritu dotorea, kale garbi eta neutroak, bi pausotik behin taberna bat izateak… guztiak errealitate batzuk ezkutatu eta beste batzuk sortzera eta indartzera bideraturiko erabaki kontzienteen ondorio direlarik.

Oso adierazgarria da plaza berri honetan egiten diren kontzentrazio edo bertan bukatzen diren manifestazioen aurrean dagoen erreakzio eza. Plaza jendez beteta, jendea terrazetan lasai asko hitz egiten eta poteatzen, beste aldera begira, taberna guztiak irekita, eta ondoan jendea erailketa matxista bat salatzeko kontzentrazio batean, ia-ia kontzentrazioa piperrik axola ez zaien guzti horien artean lekurik egin ezinda. Esanguratsua.

Beraz, estetika konkretu batek (sortzen ditugun irudiek) gizartea momentu horretan dominatzen duen forma ideologikoari erantzungo dio, eta horren bidez hau habitatuko duen subjektuari forma emango dio. Izan ere, dominazio sozialak etengabe eragingo du subjektuon gorputzetan, gure aparatu psikikoan, baita gure pertsonalitatean ere. Ideologia dominatzaileak emango dio forma subjektuari, baina ez subjektu indibidualari soilik, kolektiboari ere bai. Eta subjektu kolektibo hori dominatzeko bere izatearen identifikazioa beharrezkoa da. Ideologia dominatzaileak mekanismo estetikoen bidez emango dio forma kulturari eta kultura horren bidez lortuko du gizartea osatzen duten subjektu horien identifikazioa. Modu honetan, subjektuak ideologia hori bere egiten duen arte. Hortik haratago, mekanismo osoa bere osotasunean ulertu behar dugu. Hau da, produkzioaren eta erreprodukzioaren esferak barnebilduta. Kasu konkretu honetan, estetika, hein handi batean, erreprodukzio esferaren zutabe garrantzitsua da eta honek errudun zehatz batzuk ditu. Errudun zehatz horiek zoriontasun eta askatasun ideia irreal bat sortzen baitute, honela produkzioaren esferan gertatzen dena ezkutatuz.

Baina, aldi berean, eta honen guztiaren jakitun izanik, estetikak berak emango dizkigu forma ideologiko dominanteak desafiatzeko eta hauen aurrean alternatibak sortzeko elementuak. Honek esan nahi du gure esku dagoela hau guztia aldatzea. Estetikaren esparrua politizatu egin behar dugu. Gure estetika propioa sortu, hau ere gure gudu zelai bihurtu. Hautu politikoa da. Gure ingurua aldatzeak ez dio etorkizunari bakarrik egiten erreferentzia, gaur eta orain inguratzen gaituena aldatzeko gaitasuna daukagu, irudi berriak sortuz errealitate berriak sortzeko. Eta honetan jarraituko dugu.

1 Iritzi

  1. αἴσθησῐς

    2018-11-03 at 3:09

    Oso ona, jente. Oso ona. Oso ondo dotore ta errex azaldutako lerruek, garrantzizkuek gaiñea.

    Estetika-etika-politika hirutasune aipau izen da hemen komentaiotan no-noiz. Ta nik hortik gehiyo joko nuke. Alegiye: berehalakotasun estetikue dala oinarriye, ta behin horiek, atzemanda, etikoki formaliza laizkela atzemate aurrenenak, radikalenak, egiazkuenak, akziyuei gidaritzie emateko. Hortik etikie ἔθος ta ἦθος bezela; joka-era ta nor-tasun bezela. Politikie letorke, etortzekotan, prepolitikue (etikie) zuzentzeko. Politikatik hastie, beraz, etxie teilatutik hastie litzeke.

    Ja behin halakuek esanda, argi geldiu daila tabernatako terrazatan zeoze hartzen eotiek eztaukela oinarri estetikoik. Alegiye, (plazan) terrazan exerita daudenak eztiela gure lagunek.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo