Irakurketa honen bitartez azaroan zehar Azpeiti eta Zestuko gaztetxeetan burutuko ditugun jardunaldien berri ematera gatoz, izan ere datozen asteetan zehar duela mende erditik gaur egunera arte bizirik dirauten hainbat esperientzia partekatzeko aukera izango dugu.

Langile klasea, bere antolakuntza esperientziak Euskal Herrian, nazio auzia… izango ditugu eztabaida gai hiru hitzaldi/eztabaida ezberdinetan. Horretarako, denbora historiko eta esperientzia ezberdinen partaide zein ikerlariak diren norbanakoak izango ditugu gurekin azaroko hiru larunbatetan, hilaren 3an, 10ean eta 24an burutuko diren hitzaldietan. Datu biltze eta esperientzia kontaketa hutsetik haratago kokatzea gustatuko litzaiguke ere, Euskal Herriko esperientziak iparrorratz hartu eta egungo militantzia eremuetan jaso ditzakegun ikasketak gaurkotuz.

Izan ere, 50. urtemuga dugu ETA erakundeak V. biltzarra burutu eta antolakunde bereko Txabi Etxebarrieta militante sozialista iraultzailea akabatu zutenetik, eta 40. urteurrena Argala, Pertur eta Naparraren hilketetatik. Uste dugu 70. eta 80. hamarkadetan badela esperientziarik jasotzeko, teorian zein praxian, mugimendu politiko ezberdinetan, langileen ezagutzaren ikuspegitik eta askatasunez ekiteari dagokionean.

Azaroaren 3an Emilio López Adan, Beltza, idazle eta garaiko ETAko militantearekin burutuko dugu solasaldia, 11:00 tatik hasita Azpeitiko Gaztetxean.

1966-70 Etxebarrietan anaien garaia izenburua du mintzaldiak, V. biltzarreko ebazpen teoriko zein auzi praktikoen gainean arituko zaigularik Beltza.

Azaroaren 10ean Juantxo Estebaranz idazlea, Likiniano elkarteko kidea eta doktorea izango dugu gurekin, 80. hamarkadako mugimendu autonomoen hainbat esperientzien berri emango diguna. Ibilbide militante luzea du Juantxok, baita editore lanetan aritua ere. Hitzaldia 11:00tan hasiko da, Zestuko Gaztetxean.

Azkenik, azaroaren 24an nazio auzia eta langileriaren antolaketa politikoaren gaineko mintzaldia izango dugu, herri mugimenduko militante baten eskutik iritsiko zaiguna. Egungo testuinguru politikoaz solastearekin batera hausnarketa teorikorako beta ere izango dugu bertan, klase borrokaz, Euskal Herriaz, nazio kontzeptuaren esanahi historikoaz etb. 11:00tan, Azpeitiko gaztetxean.

Gonbita luzatzen dizuegu beraz hitzaldi ziklo honetan parte hartzera, historiaren ikasketaren bitartez soilik izango baitugu aukera egungo errealitate gordinari aurre egin diotenak daudela ikasteko, eta esperientzietatik oraina xehetasunez borrokatzeko.