Oztopoz oztopo, zailtasunez dihardute lanean Lizarrako Sugarra gaztetxeak, Iruñeko Maravillas gaztetxeak eta Errotxapeako gaztetxeak. Bereziki hiru gaztetxe horien egoera azpimarratu nahi dugu gaur. Izan ere, azken urteetan jasandako errepresio bortitzari desajolo arriskua gehitu zaio azken hilabeteotan. Egoera hau ez da kasualitate hutsa; gaztetxeek bestelako bizi eredu bat jomuga izanik, proiektu eta espazio hauek kolokan jartzen dituzte gizarte kapitalistaren oinarri sendoenak, eta horrek eremu arriskutsu bihurtzen ditu zenbaitentzat. Hori horrela, bihar Errotxapeako gaztetxetik egingo den manifestazioaren berri ematera gatoz.

Jabetza pribatua ez da gizarte kapitalistaren egituraren zati soil bat, jabetza pribatua gizarte kapitalistaren oinarri sendoena da, bertatik eraikitzen direlako harreman sozial guztiak, eta bertatik baldintzatzen direlako gure harremanak. Beraz, argi izan behar dugu –jabetza pribatua aberastasunaren oinarri gisa ulertuta– bere biziraupena bermatu ahal izateko, bere aurkako forma sortzera behartuta aurkituko dela. Eta forma hori desjabetuotan gorpuztuko da. Modu horretan, dominazio egoera kapitalista batetik harago, egoera honen kontzientzia hartzen duten subjektuak sortzen dira. Kontzientzia horretatik abiatzen da gaztetxeak bezalako espazioen zilegitasuna; espazio horietaz jabetzeko zilegitasuna. Azken instantzian, gure izatearen kontzientziak baikaramatza bide hau aldarrikatzera.

Beraz, espazio hauen –gaztetxeen– aldarria gure izatearen nahiz mundua ulertzeko dugun moduaren aldarria da. Kolektiboan eta elkartasunean oinarritutako harreman sozialak eraikitzera bidean, gaztetxeak ezinbesteko tresna gisa ulertzen ditugu. Horregatik, gure elkartasuna beharrezkoa da momentu hauetan, klase elkartasuna ezinbestekoa baita behin eta berriz zanpatu nahi gaituztenen aurrean. Erabat sinesten dugu logika kapitalistatik kanpoko espazioetan zein proiektuetan, eta horregatik defendatuko ditugu arriskuan dauden gaztetxeetako kideak.

Horrenbestez, bihar, urriak 27, 12:00etan Errotxapeako gaztetxetik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin nahi dugu hemendik. Azpeitiko Gaztetxeko kideok han izango gara.

EDOZEIN MEHATXUREN AURREAN, GAZTETXEAK DEFENDATU!