“La sepultura de su padre y los derechos de sus hijos son olvidados. Trata a su madre, a la tierra, a su hermano y al cielo como cosas que puedan ser compradas, saqueadas, vendidas como carneros o adornos coloridos. Su apetito devorará la tierra, dejando atrás solamente un desierto.”

Seattle, indiar buruzagia. 1855

 

 

 

Duela egun batzuk Zumaia eta Deba arteko Flysch inguruko bideo bat biral bilakatu zen. Bertan, surflari batek flyscharen egoera salatzen zuen, dena plastikoz eta hondakinez beteta zegoelako. Zer esanik ez dago lotsagarria eta kezkagarria izateaz gain, suposatzen dela ingurune hau ondare natural babestua dela, Geoparkea delakoa, Lapatxen antz gehiago badu ere.

Sarrera honen helburua ez da ordea gure kostaldearen egoera negargarria salatzea ( birala bilakatu den bideoak funtzio hori ondo asko betetzen baitu), baizik eta begi bistakoa dugun horretatik pixka bat ararago joatea. Edo asko akaso, erdi bideko irtenbide errazik ez baitago ematen duenez. Hau ez da konpontzen garbiketa taldeak antolatuz, etxean gehiago birziklatuz edo atez-ateakoa ezarriz herri guztietan. Arazoa askoz sakonago eta larriagoa baita.

Motzean esanda, arazoa ez da nola kudeatzen dugun kontsumitzen duguna. Arazoa kontsumismo itsua eta ekoizpen eredua bera da (bai, beti oinarri berdinera bueltatzen gara). Arazoa ekoizpen eredu kapitalista da. Hemen, erdigune inperialistan (mendebaldean, nahi badugu), kontsumoaren gizarteak ezarri dira, irrazionalak, egoistak. Ez direnak gai errealitatea gordina ikusteko merkantziaren fetitxismoan murgilduak baikaude. Adibide bat jarriko dut ikus errazagoa izateko.

Gainean daramagun mugikor, tableta edo etxeko ordenagailuak mineral preziatu bati ezker ekoizten dira: Coltan-a.  Mineral hau ateratzen den herrialde nagusia Kongo da, bertan aurkitzen baitira material preziatu honen erreserba nagusiak.  Meatzaritza hauetan ematen diren esplotazio maila bortitzak zein haurren esku lana albo batetara utzita, gailu elektroniko hauen ekoizpen, kontsumo eta deuseztatzearen ibilbidea marraztu nahi dut modu xumean bada ere.

Afrikan kokaturiko meatzaritzetatik ateratzen da minerala, ondoren “garapen bidean” dauden herrialdeetan ekoizten direlarik gailu elektronikoak (Asian batik bat eta Indian zehazki). Denak noski, mendebaldeko korporazio erraldoientzat lanean (Apple, Sony, Samsung…) modu zuzenean edo beste enpresa batzuen bitartez dela. Behin merkantzia ekoiztuta (mugikorra, ordenagailua,…), hemen, erdigune inperialistan edo mendebaldean saldu eta kontsumitzen ditugularik gehien bat, eta beste maila batean “garapen bidean”dauden herrialdeetan. Behin merkantzia kontsumituta, hau da, duen balio erabilgarria xahutu diogunean (ez gara sartuko obsolezentzia programatua eta modak bezalako aldagaietan) hirugarren mundura eta batik bat Afrikara bidaltzen direlarik bueltan zabor gisa. Afrika da egun munduko zabortegia, edo erdigune inperialistaren zabortegia hobe esanda.

Uste dut eredu honek irudikatzen duen ibilbideak eman diezagukeela kapitalismoaren egungo logika ankerra. Mundu mailako ekonomia merkatua eta erdigune/periferia arteko zirkulazio eta hartu emana nolakoa den. Errekurtsoak hona, zaborra hara. Gainbalioa hona, miseria hara. “Aurrerapena” hona, gerra hara…

Afrika eta hirugarren mundua orokorrean zabortegi bilakatu dugula mendebaldeko aurrerapenaren izenean eta kapitalismoaren eskutik denok dakigu. Denok dakigun bezala ozeano pazifikoan zabor hutsez osaturiko irla erraldoiak daudela. Baina orain arazoa hemen dugu, batzuek gotorlekutzat zuten erdigune inperialistan. Hortxe dugu zaborra goraino, gure muturren parean, zein sintoma esanguratsuago ondare natural babestu bat zabortegi bilakatuta ikustea baino?

Oinarrian kokatzen den ekoizpen eredu kapitalista irauli eta honen gainean eraikiriko ordenamendu burgesa goitik behera birrindu ezean ez dago zer eginik. Alferrik egingo dituzte erraustegiak, alferrik jarraituko dute Lapatx handitzen edo bizkaitarrei ordaintzen gure zaborra beraiek jan dezaten.

Eta bestela zaborrak jan gaitzala. Agian ez dugu besterik merezi, agian su eta odoloz ezarritako mendebaldeko zibilizazioak eta bere aurrerapenak ez du ekoizten duen zabor mordo artean itotzea besterik merezi.

 

 

 

Harrika