Atzo jakin zen hil egin dela Iruñean bikotekideak etxeari su emanda zauritu zen emakumea. Herenegun atxilotu zuten haren gizona, etxeari su ematea eta emakumea hiltzen saiatzea leporatuta. Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian sistemak jazarritako eta eraildako zazpigarren emakumea da. Zenbagailua goraka doa, baina zifretatik harago begiratzea dagokigu sistemak sustengatzen duen emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea nahi dugunoi.

Jakitun gara sistema kapitalistak biolentzia forma zehatzak artikulatzen dituela, harreman sozialen egituraketa zehatz bat egiten duen momentutik bertatik. Horregatik, oso garrantzitsua da ulertzea kapitalismoak harremanak fintzeaz eta zuzentzeaz gain, indarkeria mekanismo guztiak antolatzen dituela. Horregatik, emakumeenganako indarkeria eta erailketak indar-harremanetan oinarritutako sistema honen markoan kokatu behar ditugu.

Sistema kapitalistak bere mekanismo guztiak jartzen ditu martxan egiturazko indarkeria hau ohiko bihurtuz. Emakume langileen kasua gorriz azpimarratzekoa da. Izan ere, zapalkuntza egoerak areagotzen dute emakume langileek bizi duten errealitate gordinak; emakumeen eguneroko lan baldintza prekarioek eta egoera ezegonkorrek. Horregatik, beste behin, argi daukagu: indarkeria hau ahalbidetzen eta sustengatzen duen sistema irauli behar dugu, eta errotik aldatu sistema horren barnean garatzen diren harreman sozialak.

Nekez aldatuko dute egoera erakundeetatik ematen diren politikek, indar harremanetan oinarrituriko gizarte eredu hau aldatzeko beharrezkoa baita harreman sozial berriak eraikitzea, eta horien garapena ahalbidetuko duten baldintzak sortzea. Horretarako prest gaude gu.

Gizarte kapitalistak ezartzen dituen harreman sozialak bere osotasunean gainditu ahal izateko, gure egin beharra da gizarte eredu berri baten oinarriak ezartzea. Beraz, emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzeko ezinbestekoa da arazo horrek duen larritasunaz jabetzea, eta, behingoz, erantzuten hastea.

Horregatik, Azpeitiko Gaztetxetik dei egiten dugu azken erailketa salatzeko bihar 19:00etan plazan egingo den kontzentraziora joateko.

Emakume langileok, elkartasuna, autodefentsa eta borroka.