Hegemoniatik haratago

 “Historia huts egiten ez duen irakasle bakarra da.
Iraultza proletargoarentzat eskolarik hoberena da”
R. Luxenburg

 

Rosaren hitzok ipar hartuta ekingo diot ikasturte berriari kontulepolari gisara. Efemeride hutsetan erori gabe, historiako istorioak ekarriko ditut aldiro blog honetara. Nire erara noski.

Gaurkoan ordea, kontuak kontatzera baino kezkak konpartitzera nator. Duela egun batzuk bete ziren 51 urte Ernesto Guevara “Che” Boliviako mendietan eraila izan zenetik. Eta efemeride hau buruan gordeta nuen lehendabiziko artikulua idazteko. Baina a ze sorpresa nirea Berria egunkariko zutabe baten ikusi nuenean Cheri buruzko iritzi artikulua idatzi zuela Onintza Enbeitak: https://www.berria.eus/paperekoa/1881/018/002/2018-10-09/che.htm. Planak aldatu ditut- antzemango duzuen bezala- eta hausnarketarako leihoa zabaldu nahiko nuke.

Izenburua irakurri nuenean gogotsu hasi nintzen testua irakurtzen. Baina bigarren paragrafotik aurrera bihotz-erreak astindu zuen nire sabela. Gaurkoan ez dut mito eta sinboloei buruz jardun nahi. Baina argi utzi nahiko nuke iraultzaile erreferente baten lana deslegitimatzen duela iritzi artikulu honek. Eta honekin ez dut esan nahi, testuan azaltzen diren datuak egiazkoak izan zitezkeela.

“Ez diot haren lanari ezer kendu nahi…” dion baina zuzenean akusatzeak kentzen dio bati eginiko lan guztia. Iruditzen zaidan, hitzok gehiegi jakin gabe idatziak izan direla. Pasa den mendeko iraultzaile esanguratsuenetariko bat kritikatzea baino ez al dun hobe berarekin borrokatu zuen emakume bati buruz idaztea eta itzaletik argitara ateratzea?

Eta bai, Onintza, testu hau ordenagailu aurrean idazten ari dena emakumea dun. Emakumea naun. Kontulepok eskaintzen didan pribilegiotik esango dinat, iraultzaileak kritikatu ordez, zergatik ez dun historia hegemonikoak ezkutatutakoei buruz hitz egiten? Eskertuko dinagu. Gaurkoan hire partez egingo dinat ariketa.

Cheri inongo meritu eta despreziorik egin gabe, TANIAri buruz idatziko dizuet. Guztiz ezezaguna zitzaidan emakume gerrilaria izan zen. Cheren ondoan Boliviako oihanean borrokan aritu zena eta Cherekin eta beste batzuekin batera Vallegrandeko palmondo amaigabeen artean erail zutena. Haydée Tamara Bunke Bider zuen izena, baina Tania gerrilari goitizena. Eta ez kasualitatez. “Zoya Anatólyevna Kosmodemyánskaya” Bigarren Mundu Gerrako heroi sobietarra izan zen emakume haren goitizena izan zen Tania. Haren omenez Tamarak Bunkek “Tania la guerrillera” goitizena hartu zuen.

Argentinarra jaiotzez, alemaniar/poloniarra odolez. Guraso biak komunista militanteak. Tania txikia zela, Alemaniako Republika Demokratikora emigratu zuen Bunke familiak. Gurasoen nahia, Tania herrialde sozialista batean heztea baitzen. Oso gaztetatik hasi zen Alemaniako Alderdi Sozialistan militatzen, 18 urterekin hain zuzen. Hainbat bidaia burutu zituen gaztea zela Afrikako eta Latinoamerikako hainbat herritara. 1961ean Kubara joan zen ikastera (aurretik Berlingo unibertsitatean Letrak eta humanitateak ikasi zuen). Orduantxe hasi zen espioitza lanetarako prestatzen. Stasi, Kubako inteligentzia agentzia, KGB eta hainbat espioitza taldeetarako lan egin zuen urte luzez.

Tania eta Che Berlinen ezagutu ziren urte batzuk lehenago eta Chek berak bidali zuen Tania 1964an Boliviara espioitza lanetara. Gerrilariak formatu eta iraultza emango zuten bi urte beranduago 1966an. Espioitza lanak amaitutzat eman zizkion bere buruari Taniak eta armak hartu zituen. RDA eta Cuban entrenatua izan zen borrokarako eta Cheren agindupean zegoen gerrilara batu zen aipaturiko Vallegrandeko oihanera.

1967ko abuztuan Boliviako ejertzitoak Barrientos generala eta CIAren agindupean harrapatu zuten eta eraila izan zen. Hortik pare bat hilabetera Ernesto Che Guevara harrapatu eta eraila izan zen leku berean.

                                       Cheren mausoleoaren ondoan,Vallegrande, Bolivia. 2012ko urria

1995az geroztik, taniaren gorpua eta beste hainbat gerrilariren gorpuak (Cheren gorpuarekin batera) Kubako Santa Clara hirian aurkitzen da. Nahiz eta Boliviako Vallegrande herrian (erailak izan ziren lekuan) iraultzaileen omenezko mausoleo erraldoia dagoen.

Besterik gabe, gomendatzen dizuet Taniari buruz gehiago irakurtzea. Apunte soil batzuk besterik ez ditut plazaratu eta benetan merezi du.

Hurrengora arte.

 

1 Iritzi

  1. DavidRiazanov

    2018-11-05 at 15:49

    Arratsalde on!

    Hementxe partekatzen dut interes handikoa iruditu zaidan testutxo bat, eta web-orrialde hau irakurtzeko gomendioa ere luzatzen dizuet:

    -Gure arteko norgehiagoka irrazionaletik ekintza politiko arrazionalera. Itaia.eus
    http://itaia.eus/gure-arteko-norgehiagoka-irrazionaletik-ekintza-politiko-arrazionalera-egunerokoan-bizi-ditugun-harremanen-inguruko-hausnarketa-ii

    Besarkada bat eta hurrengora arte!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo