Identitatea, hegemonia eta diskurtso populista

Subjektu historikoaren eraikuntzan identitatearen jabe izatea beharrezkoa da, Kanten identitatearen ikuskera tautologikotik (ni=ni) haratago, identitatearen eraikuntza prozesu dialektiko baten baitan kokatzen du Hegelek. Izatearen eta pentsamenduaren arteko batasuna oinarrizkoa da dialektika Hegeliarrean. “Pentsatzen dut beraz banaiz” a prioriko baieztapenetik, prozesu historiko baten baitan, autokontzientziaren baitan, kokatzen du Hegelek identitatearen ulerkera absolutua. Autokontzientzia prozesu dialektikoaren ondorioa baino ez da.

Autokontzientzia hori prozesu historiko baten baitan kokatzen du Hegelek. Nor-bere egitearen prozesuan hain zuzen ere. Euskarazko adierazlearen epistemologiak agertoki argigarri batera garamatza: nor-bere (das Selbst) egite prozesua ezinbestean nork besteekiko duen posizioaren gainean eraikitzen da. Identitatearen eraikuntza prozesuan beraz, enajenazio hegeliarraren beharra dago, dialektikaren kontraesana: subjektuak identitatea (batasuna) ikustearekin batera, aurkakotasuna (diferentzia) ere ikusten duelako (ni=ni, ni≠ni).

Langile klasea bere izatearen enajenazioaren menpeko da: langilea langile izatearen kontzientziaren menpeko da bere zapalkuntza gainditzeko, bere izatearen erreprodukzioa beharrezkoa du bere izatea bera gainditzeko. Aurrekariaren (a priori) eta ondorioaren (a posteriori) dialektikaren menpeko da, eta hori ezin daiteke izate tautologiko baten bidez gauzatu.

Tesia-antitesia-sintesia: hiruko prozesu horretan kokatzen du Hegelek identitatearen prozesu dialektikoa: negatibitatearen, diferentziaren -modu positiboan ulertuta- kontzientzian hain zuzen ere. Hegelentzat, momentu negatibo hori, kontraesana, beharrezko urratsa da identitate sinplearen tautologiatik irteteko.

Zentzu horretan burutzen dute Horkheimer eta Adornok ilustrazioaren dialektika liburuan egia instrumentalizatuaren kritika. Modernitateak gizaki aske eta autonomoarengan eraiki duen ulerkera tautologikoa da autore horien iritziz.

“Zer egin daiteke orain modernitateak sortu duen gizaki ilustratuarekin? Zertarako balio du bere ustezko askatasunak ezin badu berau gauzatu akumulazio estetikoan baino? Nola itzultzen da gizakia, Hegeletik Herdereraino, historiaren gizakia izatera?”

Adorno eta Horkheimerrentzat ere gizakiak bere izatea gauzatu nahi badu, esentzian, bere identitate sinplea gainditu baino ezin dezake egin. Horkheimer eta Adornorentzat  gizarte modernoak bere izate ilustratuaren erreproduzkioan bere izatea bera objetku bilakatzen du, bitarteko; autokontzientzia prozesua erabat anulatuz.

“Gizaki ilustratuak, autonomia faltsuaz sinistuta lanaren bitartez bere emantzipazio (nor-bere egite) propioa ukatzen du, lana bera da langilea menpeko hartzen duena, honek darama gizakia masa kulturara, homogenizaziora.”

Langileak bere lan indarraren jabego hutsa aurkitzen du bere identitate primarioan, lan indar horren salmenta da langile ilustratuak bere autonomiaren eginbidea gauzatzeko daukan ulerkera bakarra; baina bere jardute tautologiko horrek azken instantzian bere identitatearen izaera bera ukatzen du: lan indarraren jabetzaren autonomia. “Behin natura lanaren bitartez soilik menperatu zitekeela ulertuta, dominazio nibel berri bat agertzen da, lan hori gauzatzen duten langileen dominazioa. ”

“Lanak egiten zaitu aske”. Esaldi horixe irakur zitekeen Auswicheko kontzentrazio eremuaren sarreran.”

Identitatetik Laclauren estrategia sozialista eta hegemoniara sarrera, diskurtso populistari kritika.

Laclaurentzat identitateen konfigurazioaren prozesu dialektikoa ezin daiteke botere sozialaren konfiguraziotik bereizi. Hau da, Laclaurentzat prozesu berak osatzen du identitate sozialearen eraikuntza eta hegemonia politikoaren eraikuntza.

Blog honetantxe “Politika irrigarria, hala barne kudeaketa burutzeko ezintasuna” artikuluan, David Riazanovek ondo azaldu bezala, prozesuaren unitate hori bere horretan berariazkoa bada “egoera normalaren barruan” sartzen bada, alegia, hegemonia politikoaren beraren eraikuntza ere berariazkoa da: ez luke zentzurik honen rekonfigurazio batek, ez luke legitimizazio prozesurik beharko botere egiturak. Identitatearen konfigurazioaren prozesu dialektikoak berariaz eskatzen du beraz instantzia negatiboa, nor-bere egitea, eta horretarako kondizio da alteritatea, negatibitatea.

Laclaurentzat identitatearen/hegemoniaren eraikuntza prozesu horretarako hiru urrats daude:

-Alteritatea, identitatearen nor-bere egite (boterearen rekunfigurazioa) horretan kontrakotasuna ageriko egingo duen hori.

-Bigarren urratsean diferentzia sistema hori mantentzen duten diskurtsoen agorpenean kokatzen du Laclauk, konfigurazio politikoaren agortzea.

-Hirugarren instantzian identitatearen konfiguraziorako ekibalentzien kate propioaren eraikuntza kokatzen du, rekonfigurazioaren legitimazioa.

Soilik horrela eraiki daiteke Laclauren hitzetan identitateen konfigurazioa (autokontzientzia) eta botere sozialaren konfigurazioa..

“Identitatearen konfigurazio prozesua botere politikoaren konfigurazio prozesuaren berbera da: azken finean, boterearen artikulazio hegemonikoa: gizartearen antolamendurako printzioa da”

Laclauk “herria” adierazlearen bitartez gauzatzen du hegemoniaren diskurtsoaren teoria. Herria adierazle hutsa, kolektibitate baten identitate primario gisa, alteritatearen (diferentziaren/antagonismoaren) marko politikoaren baitan era sinboliko baten fundatzen da ez era materialean. Mende honetako diskurtso populistaren baitan intersekzionalitatea – identitate bereizien aitorpena- kolektibitatearen diskurtso eratzailearen parte bilakatu da. Eta bertatik eratu nahi da botere politiko berriaren gauzapena: gizartearen antolamendurako printzipioa: singularitatearen aitortzatik eraiki nahi da eskubide espezifikoak aldarrikatzen dituzten giza taldeen identitatea.

Partikularitatearen printzipio tautologiko/singular horrek baina (ni:ni) esentzian ez du izate primarioa bera azaltzen, identitate primarioa bera gainditu beharra dago, baina prozesu dialektiko horrek ezinbestean eskatzen du identitate primario horren esentzia. Alteritatea sortzen duen horren agorpena ezinezkoa baita identitatearen konfigurazio absolutua identitate primarioa azaltzeko gai ez bada: hau da, enajenazio hegelianoak forma dialektikoa hartzen ez badu.

Izan ere, partikularitatearen izaera indibidualaren gainean eraikitzen bada identitatea, osotasunaren irudikapen absolutua ezinezko bilakatzen da. Beste hitz batzuetan esanda, osotasunaren parteak eta horien subjektibitateak nor-bere prozesu eratzailearen elementu legitimo bakar bilakatzen badira ezinezkoa da “herria” adierazlearen beraren konfigurazio politikoa (hiru fase eratzaileen baitan).

Azken finean, mende honetako populismoak irudikapen sistema gisa partikularitatearen fundamentua jartzen badu osotasuna azaltzeko, hau da subjektu autonomo gisa (identitate propio gisa) aitortzen baditu partikularitateak, autonomia horien gauzapenak osotasunaren gizarte antolamendurako printzio ororen efektibitatea ukatzen du.

“Ulisesek bere buruari “Udeis” (Inor) deitzen dionean Polifemoa saihesteko, Ulises jakitun da ziklopea ez dela gai subjektuaren eta objektuaren gaineko banaketa bat egiteko: hain zuzen, izenen eta gauzen artean. Polifemoarentzat “Udeis” (Inor) ez da izenondo edo genero orokor bat; ez ditu izena eta izatea bereizten. Esan liteke Ulisesek gizaki ilustratu modernoa irudikatzen duela; ziklopearen ezjakintasunaz probetxua ateratzen du jakinik azken horrek ez daukala hizkuntza modernoaren ulerkera zehatza egiteko gaitasunik. Hala ere, azken instantzian, Ulises da pasartetik kaltetuen irteten dena. Bere izena bera ukatzen duenean,”Udeis” definitzen denean esentzian bere izatea bere ere ukatzen baitu, bere identitatea”

2 Iritzi

  1. Josu Lauhanka

    2018-10-16 at 18:14

    Ongi etorri ilustrauen mahaira.

  2. Kaixo, hi:
    Etzakixkiat gauza asko testue letu ondoren. Etzakixkiaten gauza hoiek honakuek dituk:
    I. Kantekin haste haiz. Etzakiat haren inguruen idatzitakue heurie deken, eo norbaiti hartu diyoken. Etzakiat Kanten kogitue Descartesenakin nahaste al deken. Descartesen “Je pense” analitikuek ez baizaukek Kanten aperzepziyo traszendental sintetikuekin zerikusik. Estetikie ta analitikie momentu oro sintetizatzen ai dek Ni kantiarra, ta Descartesek Jainkuen existentzira (argumentu ontologikoa) jo beher diken bezela Substantzi pentsatzailie frogatzeko, Kantek hori inberrik etzaukek, alteridadie ta intersubjetibidadien ebidentziye zaukekelako. Zirkulu kartesiar estatikuei (Je pensek Dieu beher dik ta Dieuk je pense beher dik) dinamismo sintetiko kantiarra kontrajarrita zeok.
    Ontologi kantianue eragiketa logiko-berbal batea mugatzie akatsa dala iruitze zik. Analitika Traszendentalan atalien zeok hori, KrVn, B133n.

    II. Hegel aipatzekenien, ta ez Fichte, esate bateako, ere, enatxeok oso seguru ze esan nahiyen habillen, jakinda, beti ere, kategoria ontologikuekin jokatzen ai haizela aplikaziyo politiko bat emateko asmuekin. Igoal esatek Laclau ta populistak alteridadien agortzeiela (Fichte, ego/ alter-ego) ta eztebela osotasune kontuen hartzen (errekontziliaziyue, sintesi hegeldarra).

    III. baitare autokontzientziye aipatzekenien Hegelen, etzakiat Izpiritu Absolutueatik ai al haizen (Izpirituen Fenomenologiyen). Hala baek, ordun, etzakiatena dek zer iradokitzekan, jakinen gainien Hegelentzat osotasune, komunidadien errekontziliaziyue, trinidadiek irudikatzeula: Jainkue gizon bilakatzek (positibidadie), hil itek (negatibidadie) ta berpiztu itek (armoniye, Espiritu Santue). Trinidade hori historiyen politikoki objektibau nahi baek, osotasune Hegelen Estado Razional luterano-monarkikue dek, bere garaiko Alemaniyen. Ilustraziyoko frantseseko printzipiyo formal abstraktuek, etizidade material konkretuekin konjugauta.

    Hegel aipatzien zentzu bakarra, neretzako, Hegel onartzie dek.

    Testuek ze errekontziliaziyo iradokitzeik?

    Etzakiat zeatik ekartzeien ekarritako autoriek, ekarri nahi dekena osotasunen ta partien arteko problematikie baek. Ordun, egiye esan, esan laikeat eztiatela ezer entendiu testuen. Apreziau ta estimauko niake argituko bahuke gauzie, danon estimulo ta felizidadeako.

    Metzi, ordun.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo