Asteburuko ajeari buelta eman nahian gabiltzan astelehen honetan, larunbatean bizitako egunari errepaso bat ematea iruditu zait egokiena. Erdi-kaleko gaztetxea itxi zutela mende laurden bete berri dela eta egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan genuen bertaratu ginenok. Mahai-inguruarekin ekin genion arratsaldeari, urte luzetako borroka, planteamendu nahiz hausnarketak gogoratuz. Irudi zaharren erakusketa eta luntxa izan genituen kontzertuen aurretik, aurreikusi gabeko bertso-sorta eta elkartasun mezuek ere euren tokia izan zutelarik.

Finean, egun berezia izan zen gaztetxearen bueltan ibiltzen garen edota ibili izan diren lagunontzat, egun sinboliko honek, festatik haratago irakaspenak ateratzeko balio behar digulako askori. Izan ere, kontu asko atera ziren lehen gaztetxeen okupazioaz geroztiko errepasoa egin genuen mahai-inguruan.

Testuinguru ezberdinak bizi ditugunaren jakitun ginen lehen ere, borroka kalean bizi izan zutenen egunerokoa eta zapalkuntzak horren ezkutuan ageri zaizkigunon garaiak konparatzen ari baikara. Bizi zituzten egoerak imajina ezinak dira gure belaunaldiko gazteentzat, errepresio garai gogorrenak bizi izan baitzituzten Euskal Herri osoan zehar. Gaur egun, egoerak metraileten beharrik gabe kudeatzeko gai diren honetan, errepresioak forma ezberdina hartzen du, baina kontrolatuago gaudela esan dezakegu.

Gaztetxeetan hainbat modutako borrokak eraman izan direla ikusi dugu, tartean, autogestioaren aldekoak hartu izan du zentralitatea. Diruaren erlijioan bizi den gizarte kapitalistaren aurrean elkartasunean funtzionatuko duen gizarte ereduaren alde lan egin izan da, garai bakoitzari egokitzen saiatu eta efizienteena izan daitezkeen borroka moldeen aldeko apustuak eginez.

80ko hamarkadan, aurrez aipatu bezala, mugimendu ezberdinek jasotako atxiloketak eta erasoak egunerokoak ziren, eta mahai-inguruan esan zen moduan, erantzun plano batean funtzionatu behar izaten zuten gaztetxeko kideek eta horretarako antolaketa forma egokiena bilatzen saiatzen ziren.

Lehengo belaunaldiek lantzen zituzten gai berberak lantzen jarraitzen dugula eta barre ere egin genuen, negar ez egiteagatik. Sistema kapitalistak bere egiten dituen zapalkuntza mota ezberdinei soluzioa ematen saiatu izan dira eta saiatzen segitzen dugu, izan genero auziaren aurrean edota prekaritatearen aurrean. Hala ere, esan daiteke kapitalaren aurka egiten dugun borroka moldea pixkanaka aldatzen joateko moduan gaudela, erantzun plano batean jokatzera behartuta zegoen militantziak ez bezala, gauzak perspektiban ikusi eta gure jarduna estrategikoki garatzeko baldintzak ditugulako gaur egun.

Azken urteotan sistemaren funtzionamendua ulertu, eraiki behar dugunaren esentzia ulertzen saiatu, eta mundu berri baten eraikuntzan lehen harriak jartzen hastera begira, militante guztion eskutan egongo den formakuntza iraultzailea bultzatu nahian gabiltza. Iraganeko akatsak identifikatu, esperientzia ezberdinak kontrastatu nahiz batasun bidez bideorri propioa garatzen hasteko lehen urratsak egin nahian. Izan ere, aniztasunak aniztasun, emaitzak ikusi nahi baditugu eta egiten dugun borroka efizientea izatea nahi badugu, garrantzitsua izango da kolpeak norabide berean eta batasunez ematea, kontraesanetan erortzea saihestuz eta hartzea beharrezko izango diren posizioak hartuz.

Horregatik, oso garrantzitsua izango zaigu berriro ere larunbatekoa bezalako belaunaldi ezberdinen iritziak eta esperientziak partekatzea ahalbidetuko digun espazioak sortzea, gure bidea egin eta hemendik 25 urtera militantzian dauden kezkak gainditzen hasita daudela ikusi dezagun, akats berdinetan erori gabe.