Inoizko jendarterik informatuenean bizi gara. Edonork azalduko dizu orain Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua, tertuliakide maiteenaren definizioari fidel. Galiziako suteen kontuak ere eguneroko ogi; kasik hildakoen izen-abizenak jakiteraino. Gainerakoan, betikoa; Bartzelonaren aurka Olympiakosek jokatzen badu, Grezian gertatutakoa oroituko duzu “Varufakis hura ez zen ba gizon txarra”. Eta Real Madrilek APOEL duenez aurkari, Zipre herrialde arrotzari buruz zerbait jakiteko aukera izango duzu; telebistarik “progreenak” Ziprerengandik hurbilen Siria eta Libano daudela azaldu eta gerraren ankerkeriaz arituko zaizkizu, eta errefuxiatuekiko errukia sentituko duzu enegarrenez.

Pozak eta penak ahalik eta orekatuen. Zirku mediatikoak egunero du zer edo zer eskaintzeko. Lanetik etxera zatozenean ez zaitezen aspertu, eta etxetik lanera joandakoan ere zertaz hitz egina eduki dezazun. Sistemak ez du arrakalarik pantailaren munduan.

Baina ez zaitzatela engainatu! Telebistak, egunkariak, irratiak… enpresari eta politikarien jabetza dira, mundu mediatikoaren monopolioa dute, eta ez dizute inoiz esango Espainiako Konstituzio demokratikoan, nahiz Katalunian martxan jarri asmo duten demokrazian, langileak esplotatua izaten jarraituko duela; edo saldu nahi den jarrera baketsu eta pasiboak indarkeria poliziak bakarrik erabili ahal izatea esan nahi duela inplizituki (bestela forma eta garai zaharretan gelditu zara…). Ez dizkizute inoiz azalduko Galiziako suteen atzean eraikuntza-, mehatze- eta paper-industriek dituzten interesak; edo Grezian, Varufakis garaitu arren (bedeinkatua bera), langile mugimenduak (batez ere, anarkistek) hartu duten indarra eta sortzen ari diren inertzia interesgarri guztiak. Errefuxiatuen irudi gogorrak eskaintzeko arazorik ez duen ETBk inoiz ez dizu esango Euskal Herrian ehun enpresa inguru direla gerra zikin horietarako armak egiten aritzen direnak, erakunde publikoen babesarekin.

Zapaltzailearen eta zapalduaren logika da. Aurrenekoak inoiz ez dio bigarrenari bere egoeraz jabetzeko baliabiderik emango; are gehiago, baliabide horiek ezkutatu eta debekatu egingo dizkio.

Alferrik gabiltza purrustadaka alternatiba errealik ez badugu eskaintzeko. Kontu Lepo. Kontrainformatu.