Iepa Kontulepo! Zenbat denbora elkartu gabe ezta? Udara honetan lasai bezain asperti ikusi zaitut, haserre hotsak Maravillas Gaztetxea edo hildako lagun batzuen salaketan, eta aportazio bakan batzuk Orazioren izenean. Bada garaia lozorrotik ateratzeko eta, dagoenekoz mugimendutan hasia zarenez, neuk ere kontubatzuk kontatu nahi dizkizut ikasturtea hasteko.

Asko hitz egin didate zutaz abuztuan zehar. Egia esan, espero ez bezala, Euskal Herriko txoko ugaritan ezagutzen zaituzte iada, hilabete batzuetako ibilbidea izanik ere. Zure izeneko kamiseta eta jertseak ere badabiltz kaleetan biraka. Askok galdetu didate noiz izango zinen bueltan, zure hitz-jarioa faltan antza. Zer esana izan duzu, bai, baina zerbait onartu behar dizut; ez da soilik ona izan zutaz entzundakoa.

Garai zailak bizi ditugu Kontulepo, eta egia esan, bertan posizioak markatzen etorri zinen, ondorio guztiekin. Hankaz gora dugu gure Euskal Herri txikia, sentimentu gogorrez betea, hari baten gainean ibili beharreko elkarrizketak eta borroka espazio ezberdinaetan korapiloak. Ondorioz, ikasle mugimendu, eragile ezberdin edota gune autogestionatuetako militante ugariren aurkako akusazio larriak zabaltzearen zarata da bazterretan, ezintasun eta ahuleziaren erakusle izaten diren praktikak…. eta nola ez, zu ez zinen gorotz hortatik zipriztintzeaz libratuko nire blog maitea.

Zorionez, aurreko urteko esperientzian, gaiak seriotasunez lantzeko konpromezua baduzula erakutsi zenidan, mesfidantzazko mezu hutsaletatik haratago. Gazteria formakuntza eta hausnarketara gonbidatzeko beta harnasten da zure baitan, inozokeri eta mokoka antzuetan denborarik galdu gabe. Azken urtetako mugimendu politikoen nondik norakoak argitzeko izpiak jaso genituen zure partetik, paralelismo historikoak identifikatu eta testuinguruan kokatzeko saiakera amaigabeak plazaratuz. Lan fina.

Zu, belaunaldi berri baten loratzearen lekuko zara, are gehiago, honen ondorio. Nire ustez, gazteak ergeltzat hartu eta argudio eskaseko salaketen bitartez posizionamendu politiko bat ahultzeko saiakerak denbora epe motzeko fruituak eman ditzake soilik. Agerikoa da, porrot eta etsipen sentsazioa harnasten den bitartean dena eman duten belaunaldi desgastatuetan, gazteria eztabaidatzeko gogoz datorrela, egindakotik ikasteko, errelatu erreala eraikitzeko…. eta egin beharrekoa zorrotz diseinatzeko, erabaki okerrek berriro porrotera eraman ez gaitzaten. Bultzaka datorren gazteriak argi erakutsi digu ez dela akusazio merkeekin konformatzen, eta ezberdintasunak ulertzeko baliabideak garatzea beharrezko dugula ondorio propioak ateratzen jarraitzeko.

Erronka konplexuak ditugu gurean, eta ezin bada erabaki lausoekin erantzuten saiatu. Pixkanaka, guztiz beharrezko izan diren terminologia iraultzaileak galtzen joan gara, hainbat ekintzen zilegitasuna ezbaian jartzen, marra gorritzat genituen mugak laranjaz margotzen etab. Guzti hau zu baino haundiagoak diren erakuslehio “progreen” bultzadaz, pentsatu eta iritzi emaile izateko ordaindutako irakasle, kazetari edota politikariren laguntzaz.

Oraindik, hondar ale soil bat zara desertuan lagun, onartu behar ordea, disdira berezi bat sumatzen dizudala magalean. Badakidalako badakizula burgesiak oso ondo estrukturatuta duela beren makinaria konplexua, unibertsitateetatik komunikabideetara, justizia eta biolentzia, zapalkuntza eta asimilazioa….. eta erreformismoa bere lekua eskatzen datorkigula krisiak gogorregi kolpatu gaituen honetan. Baina hor jarraitu asmo duzu, egunerokotasuneko gertaeretatik irakurketa politikoak garatzeko saiakeran, estrategia eraginkor bat osatzeko beharrezko elementuen inguruko hausnarketa sakonak burutuaz, memoria geureganatzen, klase kontzientzia zabaltzen, langileon zientzia garatzen….. baina baita kulturaren inguruko irakurketak egiteko tartea hartzen ere, poesiaz oilo-larrutzen, komunitatearen eraikuntzan edota kirolaren inguruko “pajeoak” elkarbanatzen, gertaera historiko zein musika talde “mitikoak” gogorarazteko lanetan etab.

Dena ez denez unikornio eta larrosa ordea, gauza bat onartu behar dizut. Nahi baino gehiagok esan didate ez zaituztela ulertzen, konplexua eta teknikoegia omen zara, luzeegia ez zarenean.

Nik, zure jarraitzaile sutsu izanik, badakit akusazio hori ez dela guztiz egia. Gai eta espresio mota ezberdinak barnebildurik, aurpegi asko dituzula jakitun naiz, kontu eramangarrienetatik hasi eta gai konplexuenetan hankak bustitzeraino. Niretzat, gazte, horrek egiten zaitu berezi.

Lehen aipatu bezala, momentu zailek tamaina berdineko erantzuna behar dute, eta onartuko dugu, kapitalismoaren fase honetan, erreferentzi iraultzaile guztien porrotaren buztanean, oso kontuan hartu beharreko lan ideologikoa dugula aurretik burutzeko. Harro sentitzen naiz, panfletismo zein konnotazio iraultzailerik gabeko mezu hutsaletatik haratago, lan honi merezitako lekua ematen dioten espresioak dituzulako zure barnean, datozenak gazte ergelak ez direnaren ziurtagiri.

Hala eta guztiz, beste hainbat konturekin batera, komunikazio politikoan trebatzen jarraitzeko saiakera eskatuko nizuke zintzotasunez, gai konplexuak argi azaltzearen zailtasunaz jabetuz, ezinbesteko izango zaigulako lan honetan tematzea gure mezuek esparru ezberdinak zeharkatu ditzaten.

Jakin ongi dakizu, teoria ez dela nahikoa, eta garaiak hala eskatuta, beste askok beren lekua mantentzeko beraien irakurketak zabaltzen jarraituko dutela. Zuk esandakoa ordea, Kontulepo, oso kontuan hartzen jarraituko dudala zin egiten dizut. Badakidalako, pantaila bakarti honetatik haratago, elkartasun keinu ezberdinetan ikusiko garela elkar, gaztetxeen defentsan, topaketak prestatzen, manifak antolatzen, sareak eraikitzen, herri eskoletan parte hartzen, mintegi zein hitzaldietan eztabaidatzen, eta barrikada berriak altxatzen.

Ezkutuko despatxuetatik haratago, desjabetuon aldeko borroketan bide-lagun izango zaitudalako, lan zintzo eta zabalean, egingo dizut kasu, nire ondorioak garatzeko borroka etengabe honetan. Mila esker Kontulepo, ongi etorri berriro eta eutsi horri urte luzez!