Blog honek eskaintzen duen tartea elkartasun keinu bat botatzeko erabiltzea gustatuko litzaidake lehen sarrera honetan. Badudalako sentsazioa gurean injustizia zein zapalkuntzak nolabait normalizatuak daudela, horrenbeste urtetan Estatuak ezarritako basakeria sistematikoa dela eta.

Aste hauetan bi berri txar iritsi zaizkigu gure herrira errepresio forman. Eneko eta Esteban, bi izen hauek gehitzen dira errepresioak kolpaturiko herritarren zerrendan, zerrenda luze eta amaigabea dirudiena bestalde. Bata euskal preso politikoen alde lan politikoa egiteagatik epaitua izango da, fiskaltzak zigor gogorrak eskatzen dituelarik bere aurka. Buruari emanez gero ondo oroitzen naiz pikoloak atxilotu zuten eguna, bera beste hainbat kiderekin batera Euskal Herrian zehar atxilotua izan zen, Herrira-ren aurkako operazioan. Oroitzen naiz ere egun aietan mobilizatu zen jende guztiaz geure herrian atxilotuen askatasuna eskatuz eta elkartasuna adieraziz, eta nola ez, Bilbon egin zen manifestazioa erraldoiaz. Oroitzen naiz ere Loilako herri harresiaz, eta nola bertan txakur batek bortizki kolpatu zuen muturrean duela gutxi epaitu zuten beste herritar bat. Izun ekonomiko ikaragarria ezarri diote egun hartakoagatik. Bortizkeria jasatea nahikoa ez eta epaitu eta zigortu egin dute, nazkagarria. Biak elkartasuna adierazteagatik zein errepresaliatuen alde lan egiteagatik kolpatuak izan dira, zapaltzaileei ez zaie gustatzen elkartasuna zapalduon artean. Doakiela bi azpeitiar hauei txoko honetatik elkartasunik handiena.
Zori txarrez beste hainbat eta hainbat kasu daude, asko, gehiegi. Altsasu eta Oreretako gazteak, epaiketarik gabe kartzelaratuak. Bahituak. Hiru altsasuar eta hiru oreretar gazte. Ibon Iparragirre, larriki gaixoa. Askatasuna ukatzen diote gaixo dauden beste hainbat euskal presori bezala. Eta beste ehundaka preso politiko, euskaldunak edo ez, denak iraultzaileak. Hain zuzen iraultzaileak izateagatik daude Estatuaren ziega ilunetan. Eta denek jasaten dute honegatik tratu “berezi” bat kartzela barruan. FIES (Ficheros de Internos de Especial Seguimiento) deituriko erregimen bortitza ezartzen diete guztiei. Hau da, sakabanaketa, dispertsioa, bakartzea, … Tortura, hitz batean esateko.

Estatua beti saiatzen da modu gogorrean zigortzen bere autoritate sakratua auzitan jartzera ausartu dena, are gehiago eredu bada edo babes zabala badu bere inguruan. Horretarako ditu antolatuak espetxe-sistema, botere judiziala eta indar polizialak, hiruak osatzen baitute errepresioaren makinaria erraldoia. Ez da kasualitatea Estatuak hainbeste errekurtso bideratzea errepresiora. Izan ere, makinaria erraldoi honekin sendotasuna irudikatu nahi du populazioaren aurrean, baina paradoxikoki ahultasun sintoma bat da. Estatua munstro bat da, eta jakitun da bere izaeraz. Horregatik eraikitzen du bere baitan zulo beltz bat, eta bertara botatzen ditu mehatxagarri zaizkionak edo traba egiten diotenak. Bertan jipoituak eta zigortuak izan daitezen. Saiatzen da behin eta berriro gizartearen gainetik jartzen, hau kontrolatzen eta gogorarazten indarraren monopolioa zein “justizia” ezartzeko zilegitasuna berak bakarrik duela. Ahalguztiduna eta non nahi dagoela irudikatu nahi du, Jainkoa bezala. Baina gezurra da, hain zuzen bere etengabeko esfortzu honek ikus arazten du ahula dela, jendearen beldur dela. Kontziente delako errepresio eta zapalkuntzarik gabe goitik behera jauziko dela.

Espetxeak apurtu!