Inoiz ez idatzi denboraren hausturan taupadarik aditu ezean.

Txabi Etxebarrieta.

Martxan dabil berriro bazkaltzeko ere geratzen ez den mundua. Egun on!- batez agurtu dute bi agurek elkar Zelai-Luzen.

– Ondo al gabiltze?
– Hainbestien neska, tirando… Okerro dabiltzenak bazauden ta ezin kejau!

Estudianteak erdi-oporretan daude oraindik. Euren bizitzekin zer egin ez dakitenak edo oso garbi daukatenak baino ez dabiltza liburutegian. Argi bila ari dira paper tartean murgildutako zomorro bakanak.

– Ta zuen alaba hori ze, bizi al da?
– Hare re tirando… lan bile zabilen. Ahalegiñe eitein eh, honea ta harea kurrikulumek botaiez… Badakin, ez ditun garai errezak!

Goibel somatzen dut aspaldion Amaia. Ingurukoek ere gauza bera iradoki zidaten berataz galdetu nien azkenengo aldian. Arrastaka, makurka, zaku bete harri zamaratuta… Eguneroko eramangaitza arimaraino sartuta bezala somatzen dut Amaia aspaldion.
Armagabetuta sentitzen da errutina finko bat daukaten altzairuzko soldaduen aurrean; langabetua nahigabetua da besteen begietara. Saiatzen da goiztiarra izan eta eguna zukutzen: enkarguak egin, etxeko lanak moldatu, gainontzekoen bazkaria prestatu, kirola egin, irakurri…
Egiten duen ezer ez zaio baina probetxuzkoa iruditzen. Ordainetan esker keinuak doi-doi jasotzen ditu. Amaz oroitu da, eta amonaz. Ezinbesteko lanei zaien estimu faltaz.
Badu halako okupatu behar bat, eginbeharrak izan behar bat, behar bat -ahal bada “duina”, bestela dagoena- izateko behar bat; denborarik leher ez dakion altzoan gehiago.
Saiatuta ez da beti lortzen, areago, gutxitan lortzen da saiatuta ere. Zerbait badago bere esku ez dagoena. Ez amets amerikar, ez zeruko txalo, ez bat-bateko egoera aldaketa. Hau porlana da, benetakoa. Besteen errutinak markatzen du berea. Besteen denbora librea da bere baliozko denbora. Ez da bere bizitzaren jabe sentitzen, besteek hala direla uste duten garaian. Animoak eta eupadak helarazten dizkiote adiskideek, bizkarrean pare bat kolpetxo ere bai menturaz. Errespetua nahi luke baina -hau gurasokeria da- durundia hedatu zaio ganbaran.
Duela urtebete hegazkinetik bota zuten Amaia eta erortzen jarraitzen du, erori eta erori, zeru mugagabe batean -hor nonbait behar du zoruak- pistinako tutu beltzetik nola. Jendea zoriontsu izateak amorrua ematen dio, hil egingo luke barre memelo hori dagion oro, eta exekuzio metodoa ez litzateke eramangarriena.
Sekula baino astunangoa zaio autoen joan-etorria.  Auto horiek drama bana karriatzen dutena ikusteko gauza ez delako akaso. Esnatu, egunero autoa hartu eta lanera joan beharra demagun.