(H)iltzeak

“Kontu Lepo izango da iraultzaren abangoardia”

Sartre (Simone de Beauvoir-i lapurtutako hitzak)

 Hiltzea. Saihestezina omen. Heriotzara kondenaturik, azken sententzia noiz iritsiko zain gabiltza. Denari iristen ei zaio bukaera. Bat eta bakarra. Atzera bueltarik gabea. Eternitatearen kimera pribilegiatu gutxi batzuen eskuetan dago. Beraz, gehienontzat ez da atzera bueltarik. Baina heriotzarako bidea luzatu daiteke, hau gerturatzen sumatzen dugunean arrakalak aurkitzen ditugu bertan ezkutatzeko, bideak hau saihesteko, iltzeak jartzen, deskarga elektrikoen gisan, galdutzat ematen genuen arnasa bueltatzeko. Baina berpizte hauek, betiereko salbazioa ekar dezakete edo saihestezina den heriotza zigorrerako bidearen luzapen huts bat izan litezke.

Iltzea. Iltze bat, bi, hiru. Beharrezkoak diren guztiak. Iltzeek mantentzen baikaituzte. Baina, noiz arte? Badira iltze sendoak, egonkorrak, beren izatea betiereko sostengura bideratua dutenak. Gure etxeetako hormetako koadroen atzean ezkutatzen diren horiek adibide. Baina iltze guztiek ez dute funtzio bera, batzuek ez dute leku egonkorrik, hemen edo han jartzen ditugu, erortzen ari den hura, momentuz, sostengatzeko. Badira ondo jarri gabe dauden eta behin eta berriro erotzen diren eta behin eta berriro jartzera tematzen garen iltzeak.

Kultura heriotza zigorrez beteta dago. Betetzen ez diren sententziak, maiz. Kultura iltzez beteta dago. Han eta hemen jartzen ditugun iltzeak, pentsatu gabe. Edo oso ongi pentsatuta. Gauzak ez dira erortzen, oker, buruz behera, haize bolada batek botatzeko moduan, baina hor mantentzen ditugu. Beti mugimenduan irudikatzen dugu sormena. Kultura “bizi-bizi” dago gure inguruan. Edozein da sortzaile. Kultur ikuskizunetan jendez betetzen dira aretoak, taula gainak eta butakak. Baina, errealitatean, kulturak ez du dinamismorik, ez du eraldaketarik, iltzeak jartzen dihardugu, behin eta berriro, erortzerik nahi ez dugun hari eusteko. Iltzeak jartzen, eraikitako hori erori ez dadin, nahiz eta jakin bere pisuz aspaldi erori behar zukeela. Gertaera artistikoen produkzio nekaezineko garaiak direla dirudi, sortu eta sortu, artea pilatu. Kantitate handietan. Konturatu gabe kantitateak ez duela kulturaren berezko izatea bermatzen. Jar dezagun dudan dagoen hori, kultur munduan existitzen den hori, erabilitako formula oro. Hortik abiatzen baita prozesu artistikoa. Eraldaketarik, iraultzarik gabe ez dago kulturarik. Ez behintzat kultura bizirik. Hau kultur produkzioaren oinarritzat hartu eta sortu eta kontsumitu ditzagun molde berriak.

Iltzeak jartzeari utzi eta hiltzen uzteko garaia da. Has gaitezen heriotza sententziak betetzen.

Abstraktuak dira kontzeptuak. Abstraktuegiak agian. Bihur dezagun hau abstraktu hori zehazteko espazio, errealitatearen alde ilun hori azaleratu eta heriotzara kondenatu nahi dugun haren epaia emateko.

 

 

 

6 Iritzi

  1. Lunacharski

    2017-10-24 at 11:14

    Arrazoi guztiz idatzitako testua, hala ere uste dut konexioak aurkitu behar direla bizirik diren argi izpien artean, kultura elebatu beharra dela, baina espiritualki existitzen diren elementuetatik abiatuta. Ez da soilik berria sortzea helburua, baizik eta berria dena etengabe konexioan jartzea existentzia soil honetan diren elementuekin.

    “El olor de ese romanticismo es el olor a muerte. Y no sólo de la muerte. Los muertos no tienen ningún interés para nosotros e, incluso, cuando están enterrados, decimos: “Dejemos que los muertos entierren a los muertos”. Pero los muertos que se sientan en las sillas de las oficinas de las editoriales, maldita sea, que escriben novelas u obras de teatro como muertos que son… estos muertos extienden miasmas y veneno en la vida” Anatoli Lunacharski

    • (H)iltzeak

      2017-10-27 at 8:12

      Eskerrikasko zita hau jartzeagatik Lunacharski! Oso interesgarria iruditu zait.
      Eta zure iritziaren inguruan, zer esan nahi duzu kultura elebatzearen beharraz hitz egiten duzunean? Ze modutan ikusten duzu eman behar dela elebazio hau? Ez dut uste artearen eta kulturaren elitizazioari egin nahiko diozunik erreferentzia… Eta zertaz ari zara espirituali existitzen diren elementuak aipatzen dituzunean?

      • Lunacharski

        2017-10-28 at 20:52

        “Kontzientzia ekintzaren ondorioa da, baina ekintzaren arrazoia eta ekintzaren eragilea ere bai” (Joseba Sarrionaindia)

        Barkau horren berandu erantzuteagatik, nahiko liauta ibili naiz eta…

        Kultura elebatzeaz ari naizenean indarra generatzeaz ari naiz, gizarteko elementu subalternoetan bizirik diren kode kultural- sinbolikoak berpizteaz, elkartasunezko zein harreman- eredu komunitarioen eraikuntzaz. Baina ez soilik egun egituratuak diren pentsamendu formen apropiazioaz, gure kode etiko- kulturalaren generazioaz ari naiz, honi hobebeharrez dagokion berjabetza materialaz konektatua. Dialektikaren egokitzapena osotasunera, eta ez aurrerapausu injustifikatu bat, zuzenki lotua eliteen kulturarekin zein utopismoarekin. Gizarte berri bat aurrera eraman dezaketen kapa sozialen egoera ezagutuz, eta berorren parte izanik aurrera egitea, egun existitzen denetik abiatuta baina hau baztertuz etengabe
        (era berean, berria, egun ezezaguna dena eraikiaz).

        Espero dut zertxobait erantzun izana, animo!

        Mikel Laboa: Langile baten galderak liburu baten aurrean https://www.youtube.com/watch?v=VhF1K7ZIoSk

        • “Dialektikaren egokitzapena osotasunera, eta ez aurrerapausu injustifikatu bat (…) zuzenki lotua eliteen kulturarekin zein utopismoarekin. Gizarte berri bat aurrera eraman dezaketen kapa sozialen egoera ezagut[zea] (…) egun existitzen denetik abiatuta baina hau baztertuz etengabe”.

          “Lunacharski”-n hitzek, hoiek. Zoragarriye. Iraultza, “ez aurrerapausu injustifikatu bat zuzenki lotua eliteen kulturarekin zein utopismoarekin”.

          Ta “Hiltzeak”-ek galdetzeunien ea zeintzuk oteien “espiritualki existitzen dien elementu” hoiek, erantzun beher da, juxtu hauxe: elementu espirituala dala iraultza oron justifikaziyo aurrena ta azkena, ta elementu espiritual horren ordezkapen faktiko nabariyek, ta hain juxtu batzen gaituztenak, diela: ondoeza, begiko miñe, sufrimendue faltsuek ta injustuek inbaditze gaitun hontan.

          Elementu espiritualan partez estadio espiritual konpartidu bateatik ai geala esango nuke, zeinetan oso garbi daon bakarra ezeztapena dan: kie, anonimotasune, disturbiyuek; behelaiñue.

          • Hiltziei dagokiyonez, Μελέτη Θάνατος kontzeptuez oroitu naiz. `Meleté Thánatos´, eo latinez “meditatio mortis”. Euskeran, esan dezaun: herio-gogoeta.

            Paradoja interesgarri bat irudikatzea hemen: biziyei begiyeta beiratzeko modu bakarra bizitik bertatik ateatzie da, ez-bizira abiatzie, heriotzea. Behin biziyez librauta aurki ahal da bat libre biziyen. Izen e, bizitziei (norbean buruen bizitziei) beira ai danak, bean existentziye erabat indibidualizau ta instrumentalizaukou; biziraun baino eztu ahalko, sufrimentuen, egoismo monetario penagarri baten, inoiz aktualizauko eztan potentzi oso bezela.

            Hilda bizitzeik eztaonez, ordie, hemen kontue litzeke hilda eon baziñe bezela jokatzie, gure inpulso erabatekuei ta kontingentiei hasiera batien kasoik ez in ta gero domatzeko, kontrola hartzeko. Inkluso, sintesis (tesis-antitesis –> sintesis) hegeldarra hala bilakatzea hiltzeko bildurre kenduta, hiltziei muziñ ein diyon horrentzat.

            Ondo, emateu pentsatzeko.

  2. Katu Beltza

    2017-10-26 at 18:31

    Artikuluak ondo azaltzen du egun dagoen joera: edozein baldintzetan baina sortzea. Sortzea bera helburu bihurtzen da bere baitan, baina ez da gehiegi pentsatzen zerk egiten duen sorkuntza bat sorkuntza artistiko: “gertaera artistikoen produkzio nekaezineko garaiak direla dirudi, sortu eta sortu, artea pilatu. Kantitate handietan. Konturatu gabe kantitateak ez duela kulturaren berezko izatea bermatzen”.
    Oso interesgarria izango litzateke fenomeno horren (kulturaren heriotza ahal den bezala atzeratzearen) kausen inguruan hausnartzea.
    Zer gertatzen da ume bati zerbeza bat ematen baldin bazaio? Normala den bezala, umeak atzera egingo du. Nik uste dut artearekin ere antzeko zerbait gertatzen dela; hau da, beharrezkoa da ikasketa prozesu bat ematea produktu artistikoak baloratzeko. Agian sorkuntza artistikoak ere baldintza hori eskatzen du.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo