Kolaborazioa: Azpeitiko Gazte Batzuk

Hil ala biziko egoeran aurkitzen da Ibon Iparragirre Euskal preso politiko Ondarrutarra, IHES-a gaixotasuna pairatzen du duela urte batzuetatik eta azken egunetan bere defentsa kopuruak nabarmen behera egin dute, medikuak bi hilabeteko bizi iraupena ematera ere ausartzen ez direlarik. Hamahiru dira gaixorik dauden Euskal Preso politikoak, dispertsaturik eta nolanahiko gaitzak pairatzen dituztenak. Honez gain, aipatzekoa da ere Kepa del Hoyo preso Galdakoztarraren heriotza uztailaren amaieran Badajozeko gartzelan, espetxeetan hildako preso politikoen zenbakiak gora egin duelarik, beste kide bat gehituta amaigabea dirudien zerrenda beltzari.


Egoeraren larritasuna begi bistakoa da, baita 78ko erregimeneko (EAJ barne, noski) alderdi politiko zein bestelako eragileen inoperantzia politikoa ere (operazioa aurkako norabidean ari da ematen, militante politiko gehiago kartzeletara eramanez). Estatu Espainiarraren batasuna gainbeheran den honetan konplexu berezirik adierazi gabe kartzelak betetzeko apustua ari da egiten (Oreretako atxilotuak, Altsasukoak, ANC zein Omniun Cultural eragile zibikoetako arduradunen espetxeratzea…). Estatu aparatu bakoitzak eta agintean diren alderdi politiko zehatzek taktika ezberdinak erabiltzen dituzte euren aginte marko konstituzionala arriskuan jartzen duten mugimendu politikoen aurka operatzeko, errepresio forma ezberdinak erabiliaz horretarako. Estatu Espainiarra diktadura formal baten (Frankismoaren) ondorengo zuzena dugu honetan ere, errepresio politikoa burutzeko forma zuzenak aplikatu/aplikatzen jarraitzen duena 40 urteren ostean, hala nola torturak, dispertsioa, inkomunikazioa… Hala ere, ia eszepziorik gabe Europako herrialde gehienetako aginte organo gorenek (Europar Batasuna, eta herrialde guztietako gobernuak zein estatu aparatuak) zuzeneko zein zeharkako konplizitatea ageri dute estatu Espainiarrarekin, formalki eta pantailen aurrean Madrilgo gobernuaren gehiegikeriak salatzen badituzte ere kamaren atzean euren konplizitatea adierazten diote tinte faxistak dituen erregimen demokratikoari. Arazoaren errora jo beharrean gaude, kartzela bere izatearen beharrezko tresna den estatu aparatua kritikatzea ezinbestekoa dugu, errepresioari gainjartzeko modurik egokiena elkartasunean oinarrituko den eta horizontaltasunean isla izanen duten bizi formak martxan jarrita, bultzada emanez sozialismo gisara definitu izan dugun ideal kolektiboari. Errepresioa existituko da, baldin eta bere izatearen arrazoiak ez baditugu txikitzen, hots, pribilegio zein aginte ahalmena gutxi batzuen eskuetan mantentzen duen soziabilitate eredua.
Bahitu guztien alde egin dezakegun ekarpenik onena eurak kartzeletara eraman zituzten pentsamendu formak praktikatzen saiatzean aurkitzen dugu, eszenatoki berriak irekiz, pertsonen arteko indiferentzia ez dutenak oinarri izango. Honekin batera, Ibon eta gainontzeko presoen berehalako askatasuna exijitzea dagokigu, kartzelak hustutzearen alde indarra jarriaz eta bidean aurki ditzakegun aukerei probetxua ateraz, dispertsioarekin ahalik eta azkarren amaituaz.
Ibon Iparragirreren alde mobilizatzera deitzen dugu, bere askatasuna gure askatasuna baita, hurrengo egun zein asteetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatuaz Azpeitiko gazteria.

Iparra Galdu Baik, Ibon Etxea!

 

Azpeitiko Gazte Batzuk