Jakintsuaren patua (Bosgarren konferentzia)

Jena, 1794.

___

Rousseauren dizipulua onen artean on litzateke; baina txarren artean, non ez ote dute txarrek aginduko?, erabat zorigaiztoko. Arrazoimena bakean deskribatzen digu, ez ordea porrokan; sensibilitatea ahultzen du, arrazoina indartu beharrean.
Gure mendeko gizonik handienetakoaren eredua jarri nahi izan dizuet nolakoa izan behar ez duzuen jakin dezazuen. Harik eta hobeago eta zintzoago izan, are mingarriagoa izango da datorkizuen esperientzia. Ez zaitzatela, baina, minak mendean hartu, irabaz iezaiozue ekintzaren bitartez. Mina ezinbestean dago. Beharrezko faktorea da gizakiaren hobekuntzaren planean. Pausoa gelditu eta gizakiaren galbideaz negar egitea, hari eskua luzatu gabe, ahulkeria da. Hura zigortzea eta lotsaraztea, nolakoa izan behar duen erakutsi gabe, gupidagabekeria da. ekintza, ekintza; horixe da erremedioa eta huraxe gure patua.

Gizonaren patuak, definitu dut, honetan datza: kulturaren progresuan eta haren trebetasun eta behar guzien garapen uniforme eta konstantean. Hori hala, Klasea ekarri dut aparte, bere misioa baita garapen horren zaintzea eta suspertzea. Hark du gizataldean posizio ohorezkoena.

Nehork ez du egia hori hain itxuraz hobeki ukatu, hain elokuentzia indartsuz, Rousseauk baino. Harentzat, kulturaren progresua gaitz sozial guzien iturburu bakarra da. Haren arabera, gizonak salbazioa egoera naturalean baino ez du. Klase Soziala, ere, hain justu gizonen kulturaren progresuaz arduratzen dena, zientzia-gizonen klasea, gizonen miseriaren eta okerbidearen sorburua eta erdigunea da.

Rousseau, ordea, bere kultura bikainak sortu handitasunaz baliatzen da jendeak bere baieztapenak egiatzat har ditzan konbentzitzeko; haiek limurtzen saiatzen da, laudoriozko egoera natural hartara itzul daitezen. Erregresioa Progresu da Rousseaurentzat. Harentzat, zientziak eta ikasketak erabat galbidera eraman duen gizadia honen helmuga egoera naturala da, hara iritsi behar du.  Honenbestez, gure helburu berdinarekin dihardu lanean: gizadia ideal [progresu] baterantz gidatzen. Hori dela eta, porrokatzen dabilena egiten dabil, bere ekintzak bere printzipioekin kontradikzioan daude.

Zerk gidatu zuen Rousseau guk porrokatzen dugunaren aurka, gizalde komunaren sentipenaren aurka doan iritzia hartzera? Oinarrizko printzipio batetik deduzitu arrazoiketatik abiatu zen? Ezta gutxiagorik ere: halako printzipiorik existitzen ote zen kezka txikienik ere ez zuen izan. Rousseauk egiatzat zuenak berehalako sentimenduan zuen oinarria. Eta halaxe da: sentimendua ez da sekulan nahastutzen, baina zentzumena bai, nahastutzen da, sentimendua behar ez bezala interpretatzen duenean. Landugabeko sentimendu batzutatik abiatzen da Rousseau, ondoren berauok logikoki deduzitzeko. Ondorio arrazionalen aldera arrimatzen denean, bere buruaz kontsekuente da, eta indarrez eramaten du berekin pentsatzen dabilen irakurlea.

Mundutik apartaturik, bere sentimendu puruek eta imajinazio handiak eraiki zuten Rousseauren munduaren kuadroa. Mundu horren baitan eraiki zituen, baita, Rousseauk Klasea eta jeinu-gizonak. Benetako munduan sartu zenean, bada, hura atsekabea benetako jakintsuen errealitatea behatzean! Behatu zuen nola meritu gabeko jendea, erdipurdizkoa, zen garaiera neurtezinetara altxatzen zena. Behatu zuen nola gizon hauentzat ez zegoen ez on ez txarrik, ez justizia ez injustiziarik, eta nola gizadia sakrifikatzeko prest zeuden edozein antoju asebetetzeko. Behatu zuen nola gizon hok ez zuten norberekiko ohorerik eta nola gutxiespenaz so ziren beraiek haina jakintsu ez zirenei. Behatu zien, –hau Alemanian ere ikusten dugu gaur- nazioaren hezitzaile eta irakasle izan behako zuketen horiei, nola jausten ziren arrazoia galdu zutenen oinetara; eta garaiko zientzialariei antzeman nola zentzugabekeriaren eta bizioaren menpe jartzen ziren. Euren ikerketetan ez zuten galdekatzen: hau egia ote? Balioko al du gizona hobetzeko? Baizik eta: atseginez adituko al du hau jendeak? Ez zuten galdekatzen: probetxuzkoa izango ote du hau gizadiak?, baizik eta: probetxuzkoa izango ote dut hau nik? Zenbat diru irabaziko dut? Edota: irabaziko ote dut Printze ergel horren faboretxoa? Egingo ote dit irri emakumezko eder galant horrek? Minez behatu zuen garaiko gizon horien umiliazioa. Hori guzia behatu zuen eta bere sentimenduak, kitzikan eta defraudaturik, garaiko gizonen aurka errebelatu ziren, oldarkor.

Ez diezaiogun Rousseauri oldarraldi misantropo hau aurpegiratu, bere baitan ufada zerutiarra sentitzen duen arima noble baten seinale ematen baitu. Batzuetan bere kexak betiereko Probidentziaraino loratzen ditu Rousseauk: hauek ote nire anaiak? Hauek ote bizitzaren galtzadan egokitu zaizkidan anaiak? Bai! Nire figura berdina dute, baina gure arimek ez dute ahaidetasun izpirik, euren lengoaia ez da nirea, ez eta nirea beraiena; euren hitzen murmurioa entzuten dut, baina ez dut nire bihotzean horien zentzuaren giltzarik aurkitzen. Ai, oi, ai, probidentzia betierekoa! Zergatik jaioarazi nauzu holakoon artean? Edota, behin halakotz jaiorik, zergatik jarri dizkidazu nigan halako sentimenduak, zergatik jarri nire barna zerbait hobea eta loratuagoa baden bihozkada intuitibo hau? Zer dela-ta ez nauzu besteen berdin egin? zer dela-ta ez duzu jarri nire bihotzean besteenetan adina zitalkeriarik? Orduan bai, bizi ahalko nukeen pozik.

Ez da dudarik Rousseau ondradua zena beste gizonekin eta hainbeste laudatutako egoera naturalera itzuli nahi zuena; positiboki erakusten du desira hura bere agerraldi guztietan. Honako galdera egin dezakegu: zertzen Rousseauk egoera naturalean bilatzen zuena? etenik gabe, askotariko beharrizanek murriztuta eta txikituta ikusten zuen bere burua. Horrexek tormentatzen eta etsitzen zuen Rousseau, beharrizanen halabeharrak. Beste edozeinentzat huskeria zena, hark gizakiaren okerkeriaren iturburutzat zuen. Beharrizanek okerbidera inpulsatzen zuten Rousseau, bertutetasunetik urruntzen. Egoera naturalean biziko banintz, pentsatzen zuen, ez nuke horrenbeste behar ez-asebeteen tormenturik ukango, ez eta beharrizanok desondraz asetzeko tentaziorik ukango. Egoera naturalean zegokeen bakea. Bitartean, besteek oprimituta aurkitzen zen, bere beharrizanen asebetetzeari kontran jarriak baitzeuden. Gizadia ezta gaixtoa naturaz, sinisten zuen Rousseauk, eta guk ere hala sinisten dugu; mindu zutenetatik nehork ez zukeen minduko beharrizanik sentitu ezean. Inguruko guziak egoera naturalean bizi izan balira, bakea izango zukeen Rousseauk. Baina, zertan enpleatuko zuen egoera baketsu hori Rousseauk? Ezta dudarik,  egoera kulturalean, atseden aldiri ttikienik zuenean, enpleatzen zuen gauza berberean: bere patuaren eta eginbeharren hausnarketan; bera eta gainerakoen hobekuntzan lanean. Eta nola egingo zukeen halakorik egoera naturalean, gizarte zibilizatuak ondutako ilustraziorik gabe? Oharkabean, kulturaz baliatzen zen Rousseau, kulturaren aurka egin eta jendartea egoera naturalera bideratzeko. Suntsitu dugu Rousseauren sofisma, lan handiegirik gabe desegin ditzakegu bere paradoxak.

Rousseauk ez zuen egoera naturalera itzuli nahi giza-kultura suntsitzeko, zibilizazioren egoerak dakartzan beharrizanetatik emantzipatzeko baino. Positiboki egia da gizona idealera [progresua] hurbiltzen doan heinean errazago izango duela bere beharrizan sensibleen asebetetzea, eta gero eta errazago izango duela bizitzea; lurzoruaren emankortasuna handituko dela, klima leunduko, eta asmakuntza eta aurkikuntza andanek distrakzioak eta gozamenak biderkatuko dituztela; gainera, arrazoinak bere inperio zakarra mundutik zabaltzen duen heinean, gizakiak gero eta beharrizan gutxiago sentituko ditu, eta ez egoera naturalean bezelakotz beren asetzea ezagutuko ez duelako, beraiengandik emantzipatu ahal izango delako baizik. Geroz eta errazago gozatu ahal izango du erosotasunaz, betebeharrek oztopatuko ez dutelako, eta ondraz lortu ahal ezin duen hori gabe igarotzen jakingo du. Egoera hau idealki hartuz gero, eta ideal den heinean eginezin bilakatuko da, poeta zaharrek deskribatzen zuten lanik gabeko gozamenaren urrezko garai bihurtuko da. Hori hala, etorkizunean bilatu behar da Rousseauk eta poeta zaharrek iraganean jarritako garaia.

Rousseauk ahaztu zuen ideala esportzuaren, nekearen eta lanaren bitartez soilik lor ziekeela. Natura gogorra eta basatia da gizakiaren eskurik gabe, eta halaxe behar du, gizona bere egonean-egote naturaletik atera dadin eta natura jorra dezan; modu bakarra huraxe produktu natural huts izatetik izaki arrazional izatera igarotzeko. Eta, egiazki, aterako da: abentura berri bakoitzean Zientziaren Arbolatik sagarra dastatzen du; Jainkoaren berdin izan nahia bere naturan zintzelaturik du gizakiak.  Egoera naturaletik ateratzeko egiten duen lehen pausuak nekean eta minean hondoratzen du. Bere beharrizanak biderkatu egiten dira, asebetetzea eskatzen dute sutsuki; baina gizona naturaz da alper eta nagi, eratorria den materia bezalakoxea. Hementxe hasten da nagikeriaren eta beharrizanen arteko porroka zakarra; aurrenekoek irabazten dute, baina bigarrenek beti dute kexu mingotsa. Kopeta izerditsuaz landutako lurra ureztatu beharra du, eta erresumindu egiten da minez dituelako eskuak, arantza zorrotzak eta kardabera takarrak direla-ta. Beharrizana ezta bizioen gorena, lanerako eta bertuterako akuilua baizik; nagikeria da bizioen gorena. Ahal bezainbeste gozatzea eta ahal den gutxien lan egitea, horixe gizon perbertituaren araua. Eztago osasunik alperkeria hau gainditzen eztuenarentzat, bere poz eta gozamen guztien jatorria lanean topatzen eztuenarentzat.  Gure beharrizanek sentiarazten diguten mina horra dago bideraturik, lan egin dezagun kitzikatzera.

Horixe da minaren jomuga, inperfekzioaren aurrean sentitzen dugun minarena, batik bat: gizakiaren mixeria eta galbidea. Min hau sentitzen eztuena gizon maltzur da. Sentitzen duena gainetik kentzen saiatuko da, duen indar guzia erabiliko du, ahal duen heinean, inguruko gaixkia gutxitzen. Horretara bideratutako lan guzia alperrikakoa izan dela suposatuz gero ere, galbidearen aurka erabilitako lanean jarritako sentimendua nahiko izango du mina ahazteko. Horixe falta izan zitzaion Rousseauri. Izan zuen energia, baina energia hori pasibo zein gehiago aktibo baino; gehiago sufritzeko, porrokatzeko baino; sentitzen zuen, sutsuki, gizonen zitalkeria; baina eurak laguntzeko energia gutxiago sentitzen zuen; bera nola sentitu, hala epaitzen zituen besteak; eta bere sufrimendua erremediatzeko eskatzen zuena eskatzen zuen gizateria osoaren sufrimenduak erremediatzeko. Sentitzen zuen min, baina ez zuen sentitzen gizateriak elkar-laguntzeko badituen energiarik.

Izan bezate bakea bere errautsek, eta goraipatua izan bedi bere memoria! Berak ere porrokatu zuen. Arima askotan piztu zuen sua, askorenak joan ziren beraz haratago. Ordea, bere irakaspenetatik interesgarriena zaigunak, arrazoimenaren garaipen progresiboak, makalak, landuak pasioen aurkako borrokan, guretzat ezkutuan dirau. Norbera hezten du Rousseauren dizipuluak. Maisuak ezpaitu inolako nortasunik garatu arazten. Rousseauren dizipulua onen artean on litzateke; baina txarren artean, non ez ote dute txarrek aginduko?, erabat zorigaiztoko.  Hori hala, Rousseauk, arrazoimena bakean deskribatzen digu, ez ordea porrokan; sensibilitatea ahultzen du, arrazoina indartu beharrean.

Gure mendeko gizonik handienetakoaren eredua jarri nahi izan dizuet nolakoa izan behar ez duzuen jakin dezazuen. Harik eta hobeago eta zintzoago izan, are mingarriagoa izango da datorkizuen esperientzia. Ez zaitzatela, baina, minak mendean hartu, irabaz diezaiozue ekintzaren bitartez. Mina ezinbestean dago. Beharrezko faktorea da gizakiaren hobekuntzaren planean. Pausoa gelditu eta gizakiaren galbideaz negar egitea, hari eskua luzatu gabe, ahulkeria da. Hura zigortzea eta lotsaraztea, nolakoa izan behar duen erakutsi gabe, gupidagabekeria da. ekintza, ekintza; horixe da erremedioa eta huraxe gure patua.