Datorren astelehenean hasiko da lehengo urteko martxoaren 11an Errepresioari autodefentsa lemapean Iruñean izandako manifestazioaren harira auziperatuta dauden 4 gazteen aurkako epaiketa. Terrorismo delituak egozten zaizkie gazte horiei eta 7 urteko espetxe zigorra nahiz isun ekonomiko handiak eskatzen dizkiete. Terrorismo delitua egozteko arrazoia lehen aipatutako manifestazio hartan istiluak eragitea da.

Ez gara sartuko epaitzera manifestazio hark zer etekin eta zer kalte politiko ekarri zion hura deitu zuten eragileei. Iruditzen zaigu ongi baloratu behar direla horrelako ekintzak, gutako lau lagun zazpi urterako espetxean sartzea oso prezio garestia da kaleak hartu nahi dituen mugimenduarentzat. Dena den, aipatu behar da Errepresioari autodefentsa dinamika manifestazio harekin amaitu bazen ere, aurretik 17 hitzaldi eman zirela eta errepresioaren gaiari hautsak kentzeko balio izan zuela. Argi ikusi zen sistema kapitalistaren aurka lanean dihardugun eragileok beti jasango dugun errepresioaren aurka antolatu eta ildo jakin batzuk markatu beharra dauzkagula.

Kontuak kontu, epaiketari eta delituei buruz hitz egitea zen gaurko asmoa. Epaiketa deitzen baitiote, izan ere, demokraziaren hedabide ofizialetan astelehenean hasiko den zirkuari. Istiluak eragitea izan zen lau gazte hauen delitua. Multinazional handien komertzioei harriak botatzea eta poliziari aurre egitea, alegia. Polizia egunero zapaltzen gaituen estatu kapitalistaren zaindaria da, ez ahaztu hori. Eta egun hartako istiluak poliziak berak hasi zituen manifestaziorako baimenik ez zegoela argudiatuta, ez ahaztu hori ere. Izan ere, baimena eskatu behar zaio sistemaren aparatu den instituzioren bati haren jardunaren aurka egiteko manifestazio baterako. Argi izan dezatela, ez daukagu etsaiari baimena eskatzen ibiltzeko beharrik.

Biolentzia erabiltzea egozten zaie auziperatuei. Baina botere burgesak egunero erabiltzen du biolentzia. Estatua da botere horren aparatu nagusienetakoa. Eta estatuaren errepresio aparatuena da agian biolentziarik nabarmenena (bisualena), hori ikusarazten lagundu zuen Iruñeako manifestazioak, manifestariek botilak eta harriak botatzen zituzten bitartean, gerrako trajeak zeramatzaten poliziek armak erabili baitzituzten. Baina badira biolentzia ikusezinagoak ere. Tartean egun hartan erasotuak izan ziren multinazionalek erabiltzen dutena lan-baldintza eta soldata negargarrien bidez; alde batetik prekarietaterik miserableenean lan egitera behartzen dituzten hemengo langileen aurkakoa, eta bestetik, are gordinagoa, herrialde pobreenetan josten edo beste edozertan esklabo dituzten langileen aurkakoa. Iruñean aurre egin zitzaion biolentzia horiei, eta are biolentzia handiagoa izan daiteke erantzuna; 7 urte ziega zuloan. Gizarteak, tristea den arren, asimilatuta dauka eta onartzen du sistema kapitalistaren biolentzia, eta asaldagarria egiten zaio lau gaztek harriak botatzea (gogoan izan parlamentuko talde politiko guztiak atera zirela manifestarien moduak arbuiatzera, inor ez poliziarena).

Botere burgesak zapalduta nahi du langileria, bere interesak ahalik eta errazen gauzatzeko. Baina zapaltzaileak eta zapalduak dauden bitartean beti izango da gerra. Klaseen arteko gerra. Modu gordinean izan zen Iruñeako enfrentamendua, beste enfrentamendu bat izango da gazte hauen absoluzioa beharrezkoa dela ikusarazteko gainerako hedabide eta iritzi-sortzaileekin egin beharko duguna. Biak ala biak dira klaseen arteko gerrako enfrentamendu.

Gerran bere armak oso ongi erabiltzen ari da burgesia. Esan bezala, botere burgesa mantentzeko eta zapalkuntza betikotzeko aparatua da estatua, eta horren barruan daude inoiz banaturik egon ez diren hiru botereak; parlamentua, epaitegia eta txakurtegia. Hiru botere horien artean artikulatzen da botere burgesarekin, eta beraz langileon aurkako zapalkuntzarekin, amaitu nahi duen ororen aurkako errepresioa; horretarako, txakurrek egin zuten egin beharrekoa, eta orain epaitegiari dagokio bere lana burutzea. Eta egon ziur, ez du hutsik egingo.

Gerraren beste aldean gaudenon zeregina, oraingoz, zirku hau jendeari ikusaraztea da. Zapaldua den oro ohartaraztea beren alde ari ziren lau gazte doazela zulora. Estatuaren errepresioa salatu nahi zutela, eta erantzuna are errepresio gogorragoa izan dela. Noizbait botere erreal bat artikulatzeko gai izateko urrats txikiak dira hauek. Klaseen arteko gerra irabaztetik urrun gaude oraindik botere hori ondo osatuta izan artean.

Beraz, batetik dei egiten dizuegu auziperatuen absoluzioaren alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Gure herrian zehazki bihar, hilak 18, elkarretaratzea egingo dugu anbulategi aurrean 18:30etan: Gaztetxearen eta Ikasle Abertzaleen izenean deitu da mobilizazioa. Bestetik, animorik eta elkartasunik beroena Oreretako gazteei eta Juleni.

M11Ko auziperatuak aske!

 Azpeitiko gazte batzuk.