XX. kongresua, balantze historikoa eta ziklo politikoak

Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. kongresuko irudia, Nikita Jruschov- en hitzartzea. 1956.

 

“La revolución (socialista) es una práctica de lo común exactamente opuesta al modelo de sociedad de individuos aislados que compiten entre sí postulado por el liberalismo clásico.”

“Una nueva izquierda global no tendrá éxito sin “asimilar” esa experiencia histórica. Extraer el núcleo emancipador del comunismo de ese campo en ruinas no es una operación abstracta puramente intelectual; necesitará nuevas batallas, nuevas constelaciones en las que el pasado resurgirá y la “memoria brillará de nuevo”. 

Enzo Traverso

 

Ziklo politiko bakoitzaren intentsitatearen jaitsierarekin batera, aro gatazkatsuen amaiera agertzen zaigunean, aurretik egin denaren gaineko balorazioa eta kritikarako distantziazko abaguneak eratzen zaizkigu. Kritikak taktika konkretua gainditu dezake horrela, fundamentua (muina) ukituz, baina are denbora gehiago izan ohi da beharrezko kritikak berak momentu positiboa (eraikitzailea, praxistikoa) har dezan. Absolutuan pentsatzea ere desegokia zaigu gehienetan, iraganarekiko esklusibotasuna eta egolatriarako aukera eratzen baita honela. Horrelaxe gertatu ohi da ziklo politiko ororen balantzea egiten denean, balorazio absolutuaren konbikzioa izaten ohi baitu berau burutzen duen kolektibitate bakoitzak.

Dena dela, iraganean eman diren esperientzien hausnarketa irekitzea ezinbestekotzat du mugimendu antagonistak, perspektiba historikorik ezean berehalakotasunean eratzen baitugu praxia, munduaren bat- batekotasunaren sineskeran eta fenomenoen a- historikotasunean erortzen garelarik.

XX. mendearen lehenengo erdian antolakuntza froga berezia egokitu zitzaion mugimendu komunista internazionalari, bere fundamentuen garapen praktikoaren oinarriak 1930. hamarkadarako finkatu zirelarik, iraultza sozialen zikloa amaitua eta Stalinen antolakuntza oinarriak finkatu ostean. Behin bigarren mundu gerra amaitu eta planetaren banaketa geo- politikoa eratu ostean, ekialde zein mendebaldeko mugimendu komunistak egonkortuta aurkitu ziren (epealdi baterako behintzat), horrek mugimenduaren barnean iraganaren gaineko errebisio kritikoa ahalbidetzen zuen.

1956. urtean burutu zen Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren (PCUS gazteleraz) XX. kongresua, Stalin buruzagi Sobietarraren heriotzaren hirugarren urteurrenean. “Iosif Stalinen” ondorengotza eskuratu zuen Nikita Jrushchov buruzagiak “informe sekretua” plazaratu zuen bertan, aurreko hamarkadetan ustez buruturiko akatsak errekonozitzen zirelarik, eta etorkizunerako perspektiba berriak ahalbidetzen zituen ere, tartean kritikarako askatasuna zabaltzen zen mugimendu komunistaren barnean. Errebisio honek ezkutuan baina pil- pilean ziren hainbat tendentzia komunista urte batzuen buruan argitara etortzea ahalbidetu zuen, izan hainbat publikazioen edo korronte politiko ezberdinduen forman. Horrela artikulatu zen Althusser-en bueltako eskola Frantziako Alderdi Komunistaren barnean, Britainia Handiko historialari marxisten eskola (Georges Rude, E.P. Thomson, Hill, Hobsbawn…) alderdi komunistaren barnean, hainbat barne tendentzia Italiako Alderdi Komunistan (Pietro Ingrao, Il Manifesto, Trontiren Quaderni Rossi…) eta abar luze bat. “Betoaren” ezabapenaren osteko lehen urteetan ekarpen teoriko esanguratsuak baina azken finean praktikarako mugatuak zirenak 60. hamarkadaren amaieratik aurrera politikoki egituratzen hasi ziren, izan komunismo “ofizialaren” barnean edo bertatik kanpo. Bi ikuspegi hauen arteko enfrentamendua Italiako mugimendu antagonistan aurkitu genezake, “ofizialari” kritika teorikoa burutu ziotenen artean praktikari begira desberdintasunak izan baitzituzten, alderdi komunistaren barnean mantentzea eta “haustura iraultzailea” proposatu zutenen artean.

XX. mendeko mugimendu komunistaren adibidea hartu dut ezaguna zaigun errealitatea delako, baina testu honetan aipaturiko kasua edozein mugimendu sozial zein politikoetara hedatu genezakeelakoan nago. Hiru pausu kronologikoetan artikulatzen da mugimendua, (1)gatazka politikoaren egonkortzea, (2)iraganaren gaineko hausnarketa kritikoa eta (3) kritika positiboa, praxi berritzailea. Gure gertuko iraganaren gaineko errebisioa burutzen gabiltzalakoan nago, gertuko historia politikoaren zein tradizio mamitsu baten parte bezala identifikatzen bagara soilik izango ditugularik praktika berritzailerako, iraultzailerako, ateak irekita.

1 Iritzi

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo