Herenegun bete ziren 25 urte, Lazkao txiki bertsolari maitatua hil zela. Atari honetan, bere zenbait pasadizo agertu dira egunotan. Halere, Abaliñeko txikiaren memoriari neure alea jartze aldera, plazan kantatu zituen bat-bateko bertsoen hautaketa txiki bat ekarri nahi izan dut gaurkoan; ezagunak batzuk, ez hainbeste besteak . Bertsoaldi batzuetatik, zenbait bertso kentzeko lizentzia hartu dut, hautaketa zabalago baten mesedetan. Irriz eta malkoz (Auspoa, 1994) liburuetatik, Bat-bateko sorgina (Berria, 2005) liburuxkatik, zein grabazio zaharretatik atereak dira, guztiak ere.
Markinan behin galdetu zioten: “Negar ala barre?”
“Negar o parre?” esaten zidan, entzun dezuten moduan
badakizute egite honek gaur zenbatsu tranpa duan
askok negarra ta askok parra izaten dute goguan
biak e oso zailak dirade gogorik ez dan orduan.
Oso umezalea omen zen Joxe Miel, eta behin “Zergatik maite dituzu haurrak?” galdetu omen zioten.
Haurtxo txiki bat sehaska baten ikusten dan bakoitzean
ez dakizute zer maitasuna sartzen zaidan bihotzean
neri begira irriparrezka aingeru baten antzean
gizarajoak asko ez daki zer datorkion zahartzean.
Azpetian ipini zioten beste batean gaia: “Aspaldi hontan, Europa dala ta ez dala, bada nahiko gorabehera. Eta Euskal Herrian, nola baserritar, hala arrantzale, nahiko kezkati. Nora goaz?
Euskal herriko baserritarrak alperrik gabiltz lanean
gure esnea bajatutzen da kanpotik sartzen danean
Nik pentsatzen nun izango zala Euskadirentzat onean
bainan uste det sartu gerala Europako komunean.
Oso errekurtso jorratua zuen Lazkao txikik bere txikitasuna, konplejuak estaltzeko egiten zuela ere esan izan da. Kontuak kontu, Ahetzeko Mattini (gizon txikia hau ere) eta biei “txikiaren abantailak” kantatzeko agindu zieten, eta honelaxe erantzun zuen Joxe Mielek:
Hankak iristen zaigu gerritik lurrera
luzena ere gehiago izango ote da
ta amak zeratenak kontuak atera
jaiotzekuan ere hobeguak gera.
Beste batean, egoera eta gai bertsuan, honako hau ere kantatu zuen:
Mattin da ni juntatzean alkarren ondora
beti txiki-kontua dakarte gogora
baina laguntza eske ez joan inora
hoiek hainbeste gera bekokitik gora.
Bermeon, honako gaia ipini omen zioten: “Atzo emakume langilearen eguna izan zan”
Emakumeak maite ditut nik, nahizta mutil zaharra izan
pena hartzen det ikusitzean askotan nola dabiltzan
zenbait gizonek bere andrea hartzen du kriada gisan
horrelakorik pasa ez zedin mutilzahar gelditu nintzan.
Apaiz batek, baserri batean gaixorik zegoen aitona bat bisitatzetik bueltan, Lazkao Txiki ikusi, eta puntua jarri omen zion:
-Apaizak beti ere ondo egiten du
Hala ez bada ere hori esaten du
inori ezer eman ez ta ahal duena kendu
bizitzen galerazi ta hiltzen lagundu.
Ildo berean, beste perla bat:
Elizak esaten du makina ba egi
fin sinisten dunantzat agian gehiegi
hartzeko beti prestu emateko nagi
pobreak famatu ta aberatsei segi.
Puntu bakarrarekin erantzundako puntuak ere baditu Lazkao Txikik, gehiagorik behar ez zutelako:
-Lazkao Txiki, tú eres un zakilipotros
Y tú siempre bebiendo a cuenta de otros
Zegamako jatetxe bateko nagusiak, puntua jarri omen zion:
-Hamaika lotsagabe bazegok munduan
Zu bakarrik zinala uste al zenduan.
Bere auzoa zen Lazkaomendin, libreko saio batean, txoriei buruz ari zirela kantatu omen zuen beste hau:
Birigarroa zugaitzean da xoxoa sasi onduan
gaur goizean e egin ahalean hor ari ziran kantuan
Kukua berriz zugaitzik zugaitz kuku hemen da kuku han
kalendario gabe badaki noiz etorri ta noiz juan.
Zarautzen jarritako gaia da beste hau: “Lazkao Txikik mutilzahar fama du, baina hor atean, aldemenetik “te quiero, Joxe Miguel” esan dio neska batek”
Erderarikan ez nun ikasi gaztea nintzadenean
ezin ikasiz han pasatu nun nik soldaduska danean
neskatxa batek “te quiero” zion atean aldamenean
tea nahi zula ulertu diot, hori esan duanean.
“Egunsentiari” kantatutakoa da, hurrengo bertso antologikoa:
Goizian goiztar jeikitzen banaiz kanporatutzen naiz beti
ikusten zaitut zabaltzen goruntz eguzkiaren aldeti
eguzkiaren argitasuna hortxen dator sortaldeti
egunan haurtzaro besteik etzera, bihotzeko egunsenti.
“Su bajuaren” bueltan kantatukoa da hurrengo alea, are zentzu handiagoa hartzen duena gaur egunean:
Dakiguna da ez ginala gu ez millioi askoren jabe
bainan alkarri hitz egiteko umoretsu eta trebe
garai hartako alkarrizketak orain atzenduta gaude
orain bazkaldu egiten degu alkarri hitz egin gabe.
Zestoan gaia emanda, “sehaskari” kantatu zizkion bertso famatu hauek.
Nere sehaska oraindik ere gordea daukat goguan
neronek ere zail da esaten zenbat maitatutzen nuan
bere gainean ibiltzen ninun txoritxo baten moduan
karga haundirik ez nuen eta aixa jasotzen ninduan.
Hara ta honuntz astindutzen zan, hotsa jotzen zuen kun-kun
aingerutxo bat banintz bezela gordetzen ninuen txukun
amak ertzetik kantatzen zuen, gero sehaskak erantzun
gaur nik dakidan euskera ere zuk erakutsi zidazun.
Amaitzeko, Lazkao Txiki hil eta gutxira, Andoni Egañak Zestoan kantatutako bertso gogoangarrien grabazioa eskegitzea erabaki dut. Zail da hobeto adierazten, Lazkao Txiki zer zen bertsolaritzan eta euskal munduan. Ederra da txoko hau izatea, txikiaren harribitxiak ekarri ahal izateko. Udaberriro hasten gara kantuan.
http://bdb.bertsozale.eus/es/web/bertso/view/jf1g0
2018-04-05 at 19:21
Ederrak guztiak ere. Eskertzen da hartu duzun lana.
Ondo izan.
2018-04-06 at 7:45
hamen laatzeitut ixpillue eskun zula botatakuek:
zeñi ai zako? ixpilluei, ixpilluko irudiyei, bere buruei, bere pertsonaje eo bertsonajiei…?
2018-10-24 at 21:59
Gabon!
Lenengo ta behin, zorionak gaztek! Ondoko bailaratik datorren aire frexkoa soma daiteke bog honta sartze naizen aldiro, eta gogo askokin sartzen banaiz, gehiokin irtetze naiz.
Komentariotxo hau utzi nahi nizuen Tolosaldeko “Itzalpe” proiektu komunikatiboi bistazo bat botatzea gonbidatzeko ta depaso, SuEtenetik bertso taldek bertan argitaratutako bertso sorta hau uzten deu hemen, aperitibo bezela, dirudinez post honen egilea nahiko bertsozalea dala emateulako.
https://itzalpe.eus/index.php/2018/10/24/enpresaz-bertsoak/
Zabaldu gaztetxealden ta gozatu!