A nosotros entonces, como a cualquier otra generación anterior, se nos habrá dotado de una débil fuerza mesiánica sobre la que el pasado tiene una pretensión. Esa pretensión no debe despreciarse a la ligera. El materialista histórico lo sabe.

 

Walter Benjamin. Tesis de filosofía de la historia.

 

 

Gaurkoan ez naiz sobera luzatuko, atentzioa merezi duela uste dudan gai bati helduko diot. Iraganeko irudiek indar biziz argitzen gaituzte berauekin identifikatzen garenean, eta generazio arteko kontaktu horrek ez du gehiegi arrazionaletik, fundamentua bertan aurkitzen badu ere. Intuizioak eta pasioak iragan eta orainaren artean konektatzen direla esan genezake, antzekotasunak baititu aurrez burutu zenak orain burutzen ari garenarekin.

Garaiko Azpeitiako zein Euskal Herriko ezaugarriak desberdinak ziren, baita garatutako praxiaren nondik- norakoak ere, baina badira antzekotasunak, bada iragana eta oraina berdintzen dituen indar motorrik ere. Alde batetik 1970. hamarkada gatazkatsuaz eta bertan garaturiko mugimendu autonomoaz eta bestalde aktibitate armatu osteko fase politikoan herriko hainbat eta hainbat gaztek burutu zuten/ saiatzen ari garen jardun militanteaz ari natzaizue, zuzenean eta ustezko erdibiderik gabe gizarteko kideen arteko banaketa sozialean eta pobrezia absolutuan oinarritzen den sistema zaharkitu honi amaiera jartzeko gure aletxoa gogo onez eskaintzea baikabiltza. 34 urte igaro dira Pasaiako Badiako sarraskitik, garaiko herriko gazteen atxikimendua iraultza sozialaren bidean azken muturreraino eraman zelarik. Independentzia eta antikapitalismoa, lehenengoa bigarrenaren barnean eta banaketarik gabe ulertua, iraultza gaurdanik eraiki beharreko fundamentua izanik. Teoriaren fundamentuak eta praktikaren konkrezioak aldatu dira, baina bi oinarri horiek garraiatzen dira, eta bere egingo dituzte hurrengo generazioetako kideek ere, geroz eta gordinagoa den errealitatearen aurrean berria dena eraikitzea ezinbesteko suertatzen baitzaigu.

70.hamarkada, kapitalismoaren berregituraketa fasea, Frankismoaren amaiera, Euskararen berpiztea, Sobietar Batasunaren porrota gizarte eredu berritzaile baterako erreferente gisara, langile asanbladen mugimenduaren hedapena eta beste hainbat ezaugarri ezberdindu zituen egungo testuinguruarekin alderatuz. Gurea, subjektu anitzeko prisma politikoa, prekarietatea, teknologien hedapena bizkorra, masa kulturen gizartea, borroka armatuaren oinordekotza politikoa- honek suposatzen duen militantzia eredu konprometituarekin- eta abar luze bat.

 

Artikulu labur honi amaiera emateko, uste dut merkantzien ekoizpena oinarri duen gizartea gainditzeko epe luzerako aukerak zabaltzea dagokigula gazte militantzia berriari, iragan hurbila gure eginez eta etorkizunerako perspektibak irekiaz.

 

Zuen borrokei eskerrak kolektibitatearen zantzuak bizirik dirautelako gure artean, zabaldu ditzagun gure aukeren araberako ateak ondoren etorriko direnak “barbarietik” behin betikoz askatu daitezen.