Kolaborazioa: Ertxolegi

I

Une urdin bat datorrela ematen du, oskarbi-une bat, azkenekoak baino gehiago iraungo ote du honek, baina? Une trumoitsuak gero eta maizago izaten ditut, ordea, gero eta luzeagoak. Ekaitzaldian jitoan dagoen txalupa naiz nire memoriaren ozeanoan. Itsasoak urarekin bezala neure buruak oroitzapenekin jolas egiten du: orain ekarri, orain eraman.

 

Barealdietan gai naiz aspaldiko bizipenak gogoratzeko: izenak, lekuak eta gertaerak; eta une luze batez tinko atxikitzeko. Horrelakoetan ozen kontatu ohi dizkiet alboan ditudanei, baina, esan didate, norbaitek esan didanez, uneko gertaerekin findu behar dudala arreta; firfira besterik ez baitira nire barrenean, lipar batez baino ez baitiet eusten.

 

Une urdin hau aprobetxatu nahi dut. Sukaldeko horman beharko lukeen erlojua bilatzen ari naiz begien mugimenduekin, baina ez dut topatzen. Nire eskura zuzendu dut begirada. Ezin konta ahala zimur ditu. Parean ditudan pilulak hartzera eraman nezake, baina ez dakit hiruetako zein hartu behar dudan orain. Xabi arduratzen da hortaz. Xabi! Bere izena gogoratu dudala esan nahi diot, baina non ote da? Bera datorren bitartean gosaltzen jarraituko dut; gailetaren zulotxoak zenbatzea, gainera, ariketa ona izan daiteke: Bat, bi, hiru, lau, bo… gaileta erdia, soilik, dut helduta. Esnetan hondoratu da beste erdia.

Janaria ahoan xehatzea kosta egiten zait. Burua eta gorputza ados jarri eta norberaren kontra egiten dutenean alferrik da saiatzea. Ez naiz gauza. Ezina naiz nirekiko. Zama besteekiko. Ekaitzaldian berriz galduko naiz, gogoratzen dudan apurra ahaztu edo nahasiko dut berriro ere: egia eta gezurra, oraina eta iragana. Eta aski da.  

 

Leiho ondoko hiru-hankadun euskarriaren gainean dagoen koadroa behatzen hasi naiz: Bi emakume ageri dira elkarri besarkatzen amaitu gabe dagoen irudian. Nik egina da, hori badakit, baina ezin gogoratu zergatik egiten ari naizen. Azken barealdietan indar nahikoa izan dut, aldi luze batez, gogoa horretan biltzeko. Zerbaitegatik da, baina auskalo. Margo horretan izkutatzen da nire azken itxaropena.

 

Halaxe zen gerraostean espetxe bihurtutako komentu hartan ere. Izan ere, orduan ikatz-ziriekin marrazten nuen arren, hori zen nire ihesbidea: nire desira guztiak paperetan irudikatzea. Bakoitzak bere modua zuen; negar egitea guztiok, batzuek izkutuan egiten bazuten ere. Batak bestearengandik asko ikasi zuten ahizpak izan ginen, erresistentzian aritu ginen ahizpak. Keinu bat nahikoa zen elkar babesten genuela adierazteko. Hori helarazten genion elkarri, baita egunero eginarazten ziguten zenbaketan elkarri hitz egiteko debekuaren gainetik ere:

 

– Mirando a la cruz digan “presente”, cuando oigan su nombre. Maria Luisa Baquedano! -.

Eta nik, beste guztiek bezalaxe, euskaraz erantzuten nuen irribarre konplize batez:

– Prest! Tente! -.

 

Euren aginduei men ez egiteaz gain, gure arteko harremana estutu genuen imintzio txikien bidez, egunez egun; duela urte asko. Eta ez dakit zenbat, neurtezina baitzait denbora, gorputz osoa zimurrez beterik utzi didan denbora.

 

Ekaitza dator, nabari dut. Atzera egin dut memorian eta ezin naiz itzuli. Une beltza. Saia zaitez: Bat, bi, hiru, lau, bo… koadro bat amaitzeke. Norbait dator. Zenbaketa berriz? Ez dut gosaldu, ezin dut…  

 

– Maria Luisaaa… -.

– Prest! Tente! -.

 

II

    Maria Luisak pilula hartzeko ordua zuen eta Xabi sukalderantz abiatu zen, postariak utzi berri zuen eskutitza eskuan zuela. Sukaldean sartzean, begirada galdurik aurkitu zuen Maria Luisa, aste batzuk lehenago, emakumeak berak margotzen hasi zuen koadroan iltzaturik zituela begiak.

 

– Maria Luisa, Garaziren eskutitza iritsi da, pilula hartu ondoren irakurriko dugu?

 

Maria Luisak ez zuen erantzun. Oso gutxitan erantzuten zuen, ez behintzat galdetutakoari zegokion erantzunarekin. Alaba onkologiako gela hotz batean zendu zenetik hasi zen burua galtzen eta, harrezkero, gero eta argitasun-une gutxiago zituen.

 

Xabik begirune sakonaz begiratzen zion, beti, amaginarrebari. Egoera zailenetan ere, irri samur bezain konplize batekin, enpatia amaitezina erakusten jakin izan zuela iruditzen zitzaion; baita egun pentsamendua noraezean zuenean ere.

 

– Luisa, entzun al duzu esan dudana? – saiatu zen atzera Xabi, maitekiro.

 

Bere alabaren gaixotasunaren beharrak asetzeko prest agertu zen beti Maria Luisa, bereak propioak baztertzeraino, eta beranguegi izanagatik, eskainitako denbora eta babesa neurri berdinean zor ziola sentitzen zuen Xabik, inolako baldintzarik gabe.

 

– Maria Luisaaa… – errepikatu zuen Xabik, ia abesten.

– Prest! Tente! – erantzun zuen Maria Luisak, irribarre goxo bat ahoan.

 

III

    “Kaixo maitiak! Bidaliko dizuedan azken eskutitza duzue honako hau, zenbait kontu prest utzi behar ditut eta horretan zentratu nahi baitut, baina, idaztera ohitu naizenez, gure posta bidezko harremana azken hitz batzuekin ixteko beharra sentitu dut.

 

Ez da batere erraza alaia beharko lukeen egoera hau kudeatzea. Zuek besarkatzeko gogoa, batetik, eta hemen uzten ditudan lagunak, bestetik. Azken sei urteetan bizitakoak datozkit burura inolako ordenik gabe, etenik gabe, barne-bakea fusilatuz. Baina, hitz gutxitan, zera esan nahi dizuet: ez naiz segundu bakar batean ere bakarrik sentitu! Hari ikustezin batek lotu gaitu elkarri, zailtasun guztien gainetik: Amatxi, zure bizipenetan sentitutakoaren islada ikusi dut kideengan, beti prest, beti tente; ospitaleko sartu-irtenetan amak erakutsi zuen indarra izan dut gogoan, uneoro; eta aita, jasotakoa eskertzeko zure ahalegin amaigabea sentitu ahal izan dut, ehunka kilometrora ere.

 

Aipatu gabe doan zaintza xuxurla etengabea izan da nigan, zulo honetako zaintzaileei izena errotik inarrosteraino jo duena: ez dute ulertuko gure arteko zaintzak erasoezin egiten gaituela babesgabe ematen duen azal honen atzean.

 

Hiru aste barru ikusiko dugu elkar! Irrikan nago nire ongi-etorrirako margotzen ari zaren koadroa ikusteko, amatxi. Muxu erraldoi bana!!!

Garazi, Fleuryko espetxeko ziegatik”