Euskararen auzia gainditzeko ideia batzuk

Badabil KontuLepo jendearen ahotan, eta poztekoa da. Euskal Herriko mugimendu politikoan barruak eta kanpoak astintzen dituen gaiak plazaratzeko parada ezin hobea dugu gure herriko txoko txiki hau. Eta gaurkoan, gaiaren transzendentziari eta blogak merezi duen mailari ahalik eta akordeena izan nahirik, behar baino hanka motzago geratuko zait plazaratuko dudana. Hala ere, Estatuak euskararen auzian duen paperaz hitz egiten saiatuko naiz, eztabaidarako markoa ireki asmoz, gaur egun aurkitzen garen ataka estuan gauzak argitzen hasteko.

Euskara ekoizpen modu kapitalistak subsumitu duen merkantzia bat bilakatu da, truke-balioaren logikaren baitan ekoizten eta kontsumitzen dena, interes kapitalistei jarraiki. Beraz, esan bezala, kapitalismoak merkantziak ekoizten ditu, eta horrekin giza-harremanak, pentsatzeko, jokatzeko, hitz-egiteko moduak. Hau da, bizitza ekoizten den heinean bizitza ulertzeko modua ere ekoizten da: “el ser social determina la conciencia”.

Kritika hau oinarri materialista batetik abiatzea beharrezkoa da, euskararen problematika isolatuta ez ulertzeko; hau da, euskararen zapalkuntza linguistikoa espezifikoa izan arren, ez du esan nahi zapalkuntza autonomoa denik, klase zapalkuntzaren agerkari konkretua baizik.

Bestetik, neoliberalismoak Estatuari zer suposatu dion aipatu nahi nuke. Kapitalismoaren fase honetan, merkantzien elkartrukea maila internazionalean gauzatzera pasa da, burgesiak mundu mailan antolatu beharra ikusi duelako kapitalismoak berezko dituen barne-kontraesanen ondorioz. Kapitalaren tendentzia logiko honek ekartzen du, beste gauza batzuen artean, Estatua botere burgesetik urruntzen joatea, kapitalaren administraziorako erabat azpiratuta geratzen den aparatu bihurtzen delarik. Estatua inolako autonomia historikorik gabe geratzen da, ezin da bere kabuz erreproduzitu. Finean, Estatuak dependentzia du ekoizpen-harremanekiko, harreman hauetan gauzatzen baita etsaiaren boterea, egunero gu zapalduta egotea ahalbidetzen duen boterea, ekonomikoki eta politikoki.

Gaur egun eta erdigune inperialistan bizi garela kontuan hartuta, uste dut Estatu egitura burges independiente bat sortzeko aukerak agortuta daudela, izan ere, Estatu independienteek kapitalaren akumulazioaren fase nazionalari erantzuten diote, eta hori jada agortuta dago.  Gainera, independentzia aldarrikatzen denean ezker mugimenduko sektoreetatik estrategia interklasista (eta ondorioz burges) bati erantzuten dio, Estatu egitura burges independiente (izaera formala) bat baitago horren atzean aldarri horren atzean, kapitalaren administrazioari beste izen bat jarri eta banderaren kolorea aldatu.

Esan nahi dudana da euskararen hobekuntza Estatu berri baten eraikuntzak ez duela ekarriko; batetik, Estatua, definizioz, burgesa delako, eta, bestetik (eta lotuta), eta batez ere, euskararen biziraupena merkatu harremana haustetik eta gure interesei erantzungo dien harreman eredu berriak sortzetik pasatzen delako, hori Estatua hartzetik haratago doalarik.

Hau borroka bateratu bat da nahitaez, ez dugu guk aukeratu; gure hizkuntzaren biziraupena geure antolaketa eredutik hasten baita, norbanakotik hasita baina kolektibotik pasata, ekoizpen-harreman berriak sortzea jomuga, euskararen bidez erreproduzitzeko gaitasuna izango dutenak.

Auzi honi errotik heltzeko beldurrik ez dugu izan behar, baldin eta ardura militante zintzoaz erantzuten badiogu.

4 Iritzi

  1. Artikulu oso ona! Nazio eraikuntzaren baitan (Naziogintza/Estatugintza gaur egun banaketa argirik ez duena) hiztun komunitatea oinarri eta berariaz definiziorako marko soil hartzen duten horientzat hausnarketarako gako interesgarriak. Nahikoa da hizkuntza bat amankomunean izatea nazio-komunitatea definitzeko? Hiztun horien arteko ekoizpen harremanak eta hortik eratortzen diren interesak ekuaziotik kanpo utziz? Bestetik, estatugintzaz kasu honetan, touche diozun guztian; uste dut estatuak marko autonomoan erreproduzitzeko duen gabezi horrek agerian uzten dituela azken aldian modan dauden “Euskal Estatu Feminista” “Euskal Estatu Euskalduna” eta subjetibidade ezberdineko planteamenduen/ideologien gabeziak. Besterik gabe, hausnarketa interesgarria.

  2. Iepa Gumer!

    Pare zalantza:
    “Euskara ekoizpen modu kapitalistak subsumitu duen merkantzia bat bilakatu da, truke-balioaren logikaren baitan ekoizten eta kontsumitzen dena, interes kapitalistei jarraiki”
    Merkatuak bizitzaren arlo gehienetara iritsi da. Baina, gaur egunean ez ote dauka euskarak ( edozein hizkuntzak bezala) erabilera-baliorik? Etxean , gaztetxean, lagunartean, hizketan ari garela truke-balioa al dute gure hitzek? Blog honetan landu izan den gaia da, baina hizkuntza hartu, eta artearekin analogia bat egitea ( eremu honetan ulergarriagoa zait, kontsumitzera bideratzen delako ia produkzio guztia) arriskutsua iruditzen zait. Puntu hau xeheago azaltzea komeniko litzateke.

    Segi ondo!

  3. Mikel Aingeru

    2018-03-23 at 18:14

    Aupa!
    Gaie zintzotasunez ta konpromezuz lantzeko borondatie ikuste zaizu Gumer.
    Eztabaidan sartze naiz nere iritziye ematea (neuk e zalantza asko dazket gai honen inguruen).
    Merkantzia billakau dala esateanien zea esan nahi da: erabillera baliyue truke baliyoa subordinatzeala, ez erabillera baliyue desagertzeala. Beraz, hizkuntziek (euskeriek kasu hontan) badake erabillera baliyue, bñ fenomeno inportante bat kontenplau ber da: truke baliyuen garapenak komunitatien desagerpena dakarrela pixkenaka. Abstraktue (truke baliyue) bihurtzea jaun da jabe, ta konkretue (erabillera baliyue) aspektu sekundayo bihurtzea. Komunitatien partez gizarte burges abstraktue jaiotzea.
    Hizkuntzie komunitatiekin estuki erlaziyuen ematea ta, zentzu hortan, berebiziko garrantziye hartzeu komunitatien formiek. Gaur egun, esan deun bezela, ekoizpen eredu kapitalistak gizarte burgesan garapena dakar, zeñak komunitatien emateien harreman ta lotura komunitariyuek desegiteitun progresiboki, gizartie garatzen dijun heñin. Norbanakuen arteko loturie kategoria ekonomikuen bitartez ematea, ta hauek hizkuntza bakarra hitzeitebe: baliyuen hizkuntzie.
    Marko hortan, sistema horren garapenak hizkuntzan desagertzie posibilitatzeu, tartien euskeriena. Gizarte burgesak limitiek gainditzen dijuen heñien hizkuntza gutxituen biziraupena zalantzan jartzea. Zeatik? nolabait esateatik; hizkuntzien funtziyo objetibue agortzealako komunitatien desegitiekin batea.
    Neretzat galdera honek hartzeu garrantziye: Gaur egun ze baldintzatan ematea edo eman leike euskerien berpizkuntzie? Ikusi leike komunitate zantzu txikiyek eraikitze dituzten proiektutan euskeriek badula bere lekue (gaztetxien, lagun artien, mintzalaguna bezelako proiektutan, etab.). Ezinbestekue litzeke, ordie, komunitate forma hoiek kategorie ekonomikuen gaindipena ekartzie.
    Niku uste, beraz, komunitate baten eraikuntziekin batea eman ber deula euskerien burrukie. Baño ez komunitate partikularran eraikuntziekin, baizik eta komunitate unibertsal baten eraikuntziekin.

    Eztakit ze iriztezuen. Ondo segi!

  4. Gumerzindo

    2018-03-23 at 18:33

    Biei erantzuten saiatuko naiz, nahiz eta bati erantzuteko ere ziurtasun handirik gabe idazten dudan: Naziogintzari dagokionean, uste dut, akatsa dela hizkuntzak nazioa determinatzen duela esatea, eta akats handiagoa baieztapen hori programa politiko baten lehen lerroan jartzea. Uste dut, hala ere, gure hizkuntza eta kultura subjektibitate potentzialak direla langile klasearen nazio askapen prozesuan, eta beharrezkoa dugula honen inguruko diskurtsoak garatzen hastea.
    Bestetik, Juan Krux, arrazoi duzu eremu pribatuan euskararen erabilera osasuntsua egiten dugula. Hala ere, iruditzen zait askotan pentsatu baino gertuago dagoela truke-balioari erantzuten dion euskararen erabilera; hau da, egungo zenbait euskal literatura, Eitb, alderdi politikoak, “rolloko” musika taldeak (gaztetxetan jotzen duten batzuk), administrazio publikoa edota EHU bezalako kasuetan euskara bera erabiltzen dute beren etekin politiko eta ekonomikorako, eta erabilera honek epe luzera euskararen galtzea ekarriko du. Hain zuzen ere, balioaren legearen bidez garatzen direlako ekoizpen harreman kapitalistak, eta irabazi tasak handitzea derrigorrezko tendentzia diren heinean, euskararen galera ere tendentzia horren nahitaezko ondorio izango delako. Honen aurrean, balioaren legetik kanpo dauden praktikak sortu behar ditugu: euskarazko klaseak ematea praktika militante bezala, euskarazko langile zientzia garatzea, eremu militantean euskara erabiltzeko esfortzua areagotzea… erronka asko ditugu aurretik. Zentzu horretan artearekin antzekotasunak ikusten dizkiot hizkuntzaren egungo erabilerari, baina analisi zorrotzik egin gabe eraikitako iritzia da. Nola ikusten duzu zuk?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo